Maiatzak 29: Xabier eta Martin Etxeberriak “Arrain abisalak” eleberria aurkeztuko
Eleberri poliziakoa, nobela beltza, idatzi dute oraingoan Etxeberria anaiek (Zarautz, 1974). Hilketa bat, eta zarauztar gazte talde batengan sortzen duen ezinegona, ikerketak eta parrandak, nahastu dituzte umore ikutu sotil batez. Ilargi taberna eta bertako “mikrokosmosa” osatzen duten pertsonaiak. Nabari da lekua oso ondo ezagutzen dutela, Zarautz ezagutzen duen edonork askoz gehiago disfrutatuko du nobelaz. Detaileak, tokiak, egoerak askoz hobeto ulertuko ditu-eta.
Elkar argitaletxearekin argitaratu dute azken hau, baina, lehenago ere idatziak dituzte bi elaberri batera; hala nola, Itxoidazu cafe de passy-n eta Ez dadila eguzkia sartu. Bestalde, bakarka ere lan gehiago argitaratuak dituzte.
Aurkezpena Donostiako Elkar argitaletxearen aretoan egingo dute, Maiatzaren 29an, Ostirala, goizeko 11:30etan.