Winter is coming…
http://alteretaego.wordpress.com
Alter dixit.
Bost lagun atxilo eraman zituzten, noiz eta Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren bezperatan, 239 zuhaitz landatzeagatik. Auskalo zein epailek, auskalo zein legeri jarraiki, elkartasuna delitua den ala ez erabakiko du. Nik ez dut legerik eskura zuhaitzok errotik kentzea delitua den ala ez epaitzeko; baina nahikoa zait sen on apur bat, gutxienez, astakeria ederra dela aitortzeko.
Winter is coming…
Aske da norbanakoa, bere bizi esperientzian zehar, alderoka ibiltzeko. Bai eta hartzen dituen erabakiak, zuzenak edo ez, aurrez hartuak dituenaren erabat kontrakoak izan daitezen ere. Baina zail egiten zait aurreko egunean Hirugarren Errepublikaren eskean kalera atera den norbait, hurrengo egunean, ondorengotza legearen tramiteak azkar daitezen sutsuki defendatzen ikustea.
Winter is coming…
Espainiar Parlamentuaren %90 goiz bakarrean idatzitako lege organiko baten alde azaltzea, datuei soilik erreparatuz, herri baten borondatearen isla da. Geratzen den %10 hori oso aktiboa da, antza, WhatsApp, Telegram, Twitter edo bestelako sare-sozialak sutan jartzerako orduan, datuei soilik erreparatuz, monarkiari trufa eginez iritsi zaizkidan mezuak kontuan hartuz gero. Edo hori, edo parlamentuaren borondatea ez da herriaren borondatea; hala balitz, larria litzateke.
Winter is coming…
Felipe VI, diotenez, Espainiar Erreinuak sekula izan duen agintaririk trebatuena izango omen da. Txarrena da, aurrekoak ikusita, egia ere izan daitekeela. Egiak aitortzen hasita, erraz hausteko moduko marka da gainditu behar duena. Holakoetan, klasikoetara jotzea dut gogoko: ez dakit gogoan izango duzuen Monty Phyton-en Los Caballeros de la Mesa Cuadrada filma. Bada, bertan, pasarte bat non nekazari anarkista biri zuzentzen zaien bere burua bretoien erregetzat aurkezten duen Arturo. Bietako batek, emakumeak, nik ez nizun botorik eman, bada! erantzuten dio. Zas, en toda la boca! erantsiko nioke nik.
Winter is coming…
Ekainaren 18a, omen, ospakizunetarako jarritako data. Ukiezina den Konstituzioa, dirudienez, tolestu bai egin daiteke komenientzien arabera. Eta besteoi eskatzen zaizkigun tramite guztien beharrizanik gabe, gainera. Ondorio bakarrera narama kontu honek guztiak: beti uste izan dugunaren kontra, ondo eginda daude legeak. Kontua da espektroaren zein aldetan kokatzen den bat. Baina hori, noski, ez da legearen akats bat, kokalekuarekin erlazionatutako akats bat baizik.
Winter is coming…
Aurreko guztiak entzun eta hausnartu ostean, errapeetan metatu zaion letxe txarrak itsututa, Pagasarriko behi bat inguruko jendeari adarkadak eskaintzen hasi zela zioten atzo egunkariek. Ez naiz, inondik inora ere, biolentziaren aldekoa; are gehiago: gaitzetsi egin behar dela iruditzen zait, datorren lekutik datorrela. Baina zilegi bekit, behingoagatik, eta baldin eta soilik baldin delitua ez bada, behiari nire elkartasuna adieraztea.
Winter is coming…
Ego dixi.