Welcome Lamar? Ongi etorri!

welcomeLamar_Baskonia

Honezkero, ezaguna da Baskoniak Lamar Odom fitxatu duela. Ez naiz bere ibilbideaz arituko, ez bere fitxaketaren kirol mailako eraginaz, ezta eragin komunikatiboaz eta ekonomikoaz ere. Horretaz, analisi bikainak egin baitituzte gertuko bi lagunek: Juanjo Brizuelak eta Miguel de Andrések.

Baskoniako presidentea den Josean Kerejetak ere adierazi du Lamar Odomen fitxaketa mugarria dela Europako saskibaloian eta “klubaren berfundaziora eramango duen lehendabiziko neurria” dela nabarmendu du.

Sareetan ere izugarrizko mugimendua eragin du, “Lamar Odom” eta “Baskonia” mundu mailako trending topic izateraino. Euskal komunitatearen artean, berriz, ez da joera izan… Egia esan, bitxia egin zait datua. Oso gutxi izan dira fitxaketaz euskaraz aritu diren komunikabideak eta pertsonak. Baskoniak berak ere ez du euskaraz hitzik esan bere webgunean eta sareetan – twitter / Facebook – (gazteleraz eta ingelesez bai). Horrelako jokaeren aurrean beti pentsatu izan dut aukera handiak galtzen ari garela euskara sustatzeko garaian… Erreferenteak behar ditugu eta Gasteizko zein Euskal Herri osoko kirol alorrean, Baskonia da eredu nagusietako bat. Atzo Pep Guardiolarekin gogoratu nintzen, mundu osoko kazetarien aurrean Barça utzi behar zuela katalanez azaldu zuenean.

Marketinaz hitz egiten ari da behin eta berriro. Hizkuntzen kudeaketa egokia ez al da marketina egiteko aldagai ezinbestekoa? Espero dut Kerejetak aipatu duen klubaren berfundazio horretan hizkuntzak beste modu batez kudeatzea, euskara beste modu batez kudeatzea. Baskoniaren zalea eta abonatua naizen neurrian, biziki estimatuko baitut.

bai euskarari, baskonia, euskara, Josean Kerejeta, Laboral Kutxa, lamar odom, marketin, pep guardiola, SaskiBaskonia
Rober Gutiérrez

Bai Euskarari Elkartea http://twitter.com/robergutierrez

2 pentsamendu “Welcome Lamar? Ongi etorri!”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude