Walter Benjaminen pentsamendua Txintxo eta Xeferen oroimenez

Walter Benjaminen pentsamendua Txintxo eta Xeferen oroimenez –

2023ko urtarrilaren 11n Xefe eta Txintxoren hilketen 45. urteurrena betetzen da. Denborak aurrera egin arren, beren memoria historikoak iraun egiten du. Txintxo eta Xefe 1970eko hamarkadan bizi izan ziren, existentzialismoak Euskal Herrian eragin handia zuen garaian. Iruñeko Sanduzelai auzoko bere pisuan existentzialismoari buruzko hainbat liburu zituzten: Sartre (El ser y la nada, La náusea, El existencialismo es un humanismo), Txillardegi (Peru Leartzako) eta Kierkegaard. Gainera, Giselle Halimiren Le procès de Burgos (frantsesez) liburua zuten, baita marxismoari eta nazionalismoari buruzko beste batzuk ere. Txintxorengan eta Xeferengan nabarmena zen funts existentzialista, besteak beste, militantzian lan egitera mugitzen zituena. Haientzat, gizakia bere ekintzengatik bakarrik existitzen da. Hortik dator bere erantzukizuna (gizakia da bere ekintzen erantzule), bere askatasuna (gizakia askea da, beraz, gizakiak bere sentipenaren arabera erabakitzen du), eta ekintzarekiko bere konpromisoa (ekintzan bakarrik dago errealitatea, eta gizakia, gauzatzen den heinean bakarrik existitzen denez, bere egintzen batura besterik ez da).

Walter Benjaminen pentsamendua Txintxo eta Xeferen oroimenez

Baina Walter Benjaminen pentsamendua da, bereziki, Txintxo eta Xeferekin izandako elkarrizketen uneak etengabe gogora ekartzen dizkidana. Walter Benjamin (1992-1940), alemaniarra, judua jatorriz, nazismoa atzetik zuela, Estatu Batuetara ihes egiten saiatu zen, baina, Frantziaren eta Espainiaren arteko muga zeharkatzean, poliziak atxilotu egin zuen Portboun, eta bere buruaz beste egitea erabaki zuen. Benjamin pertsona berezia eta deserrotua izan zen. Deserrotze horren ondorioz, alemaniarrek judutartzat hartu zuten, juduek alemaniartzat, sionistek komunistatzat eta komunistek sionistatzat. Arroztasun-baldintza horrek originala izateko eta proposamen politiko eta filosofiko oso berritzaileak egiteko gaitasuna eman zion. Pentsalari sailkaezina eta paradoxikoa, aurrerapenaren kritiko erradikala da, iraultzaile marxista, iraganaren nostalgikoa, eta teologia aipatzen duen materialista. Benjaminen pentsamenduak ez zuen harrera onik izan gerraostean Europan, eszeptizismoz ikusia izan baitzen. 1980ko hamarkadatik aurrera bakarrik hasi zen bere pentsamendua ezagutua eta aitortua izaten. Txintxok eta Xefek ezin izan zuten haren pentsamendua ezagutu, baina ziur nago, irakurri izan balute, filosofo alemaniarra begiko izango zuketela.

Benjaminek kulturak pentsamoldeen eraketan duen garrantzia azpimarratzen du, azken batean, emantzipazio eta askapen prozesuan funtsezko faktorea izango baitira. Zapalkuntza- eta menderatze-gizarte batetik bidezkoago den beste batera igarotzeko, pentsamolde mota berri bat behar da. Beraz, pentsamoldea eraldatzea lortzen ez bada, ez dago benetako aldaketarik, horren erreprodukzio hutsa baizik. Eta pentsamolde erradikala eratzeko prozesu hori indarrean dagoen kultura errotik kritikatuz egingo da. Benjaminentzat oinordetza kulturaltzat hartzen den guztia (liburutegiak, monumentuak, museoak) zapaltzaileen gerrako harrapakina da. Egia esan, Europako hiriburuetako museoetan Egiptoko eta Irakeko piezak ikus daitezke, inbasio-gerretan lapurtuak izan direnak; era berean, kaleetan monumentuak ikus daitezke (garaipen-arkuak, zaldi-eskulturak, panteoiak), gerra-gertaerak edo aberri-arbaso ospetsuak gogora ekartzen dituztenak. Batzuentzat, monumentu hauek basakeriaren lekuko dira, besteentzat, aldiz, harrotasunarena. Hortik locus enuntiationis edo hermeneutikoaren garrantzia; horrela, batzuek heriotza besterik ikusten ez duten bitartean, beste batzuek aintza eta poza sentitzen dute. Honenbestez, kritika egokia egiteko behartsuaren eta zapalduaren lekuan kokatu behar da, eta hortik abiatuta, Estatuaren patologiaren diagnostikoa egin (Martin Buber). Beraz, metodoa ez da Europako hiriburuetako erdiko kaleetan kokatzea, baizik eta periferian, miseriazko auzoren batean, negatibotasunean.

Horregatik guztiagatik, Benjaminek nahiago izango du txikia, egunerokoa, herrikoia dena eta eliteek mespretxatzen dutena aztertu, izan ere, jende xumearekin gertatzen den bezala, historiatik kanpo daude, eta ez dira agertzen ez gertakari handietan ezta testuliburuetan ere. Benjaminek atxikimendu berezia erakusten die zapaltzaileen kultura hegemonikotik kanpo dauden kultura-adierazpen horiei guztiei, eta, bereziki, historiaren biktimei, uste baitu enuntziazioaren leku kritikoan daudela, pentsamolde kritikoak eraldatzeko eta sortzeko kokaleku egokian. Gauza txiki eta garrantzi gutxiko horietan dago benetan sakona dena. Hor dago pentsamolde aldaketa. Laburbilduz, Benjaminen pentsamendua marjinalitateaz arduratzen da.

Historiaren ikuskera tradizionalaren arabera, pertsonaia handiak, erregeak, presidenteak, gobernadoreak, jeneralak eta handikiak dira histariaren protagonistak eta benetako subjektuak. Historiaren ikuskera horri iragana zerbait finko eta mugiezin gisa bakarrik interesatzen zaio, nondik oraina epaitzen eta justifikatzen den. Baina menderatzaileak eta menderatuak dauden gizarte batean, historiaren kontzepzio lineal hori onartuz gero, iraganean gertatutakoagatik justifikatzen da oraina menderatzea, iraganeko garaileen ondorengoak baitira orainaren garaileak. Beraz, iraganeko garaileen kultura egungo menderatzaileek onartzen eta heredatzen dute, gerrako harrapakin gisa. Horregatik, historiaren ikusmoldea aldatu beharra dago kultura eraldatu nahi bada.  Horrela ez bada, gizabanakoa kultura hegemoniko nagusiak bereganatuko du, kultuagoa senti daiteke, bai, baina azken emaitza horren erreprodukzio hutsa izango da, ez du errealitate sistemikoa aldatuko.

Historia eta aurrerapena, oro har, identifikatuta agertzen diren terminoak dira. Horrela, historia jarraitutasun progresibo, ebolutibo gisa ulertzen da, betiere etorkizunari itxaropen xaloz begiratuz. Gizateriaren historia etengabeko aurrerapena izan delako ideia da: askatasun eta arrazoibide handiagoa (Hegelek dioen bezala), demokrazia eta berdintasun handiagoa (ezkertiarrek aldarrikatzen duten bezala), garapen ekonomiko eta tekniko handiagoa (liberal burgesek uste duten bezala). Benjaminen ustetan, denbora inplikazio politiko sakonak dituen eraikuntza da; ez da zerbait naturala, une berdinen eta hutsen segida lineala, aurrera egin ahala hobekuntza automatikoa eragiten duena. Horixe da aurrerapenaren mitoaren dinamika engainagarria, garapen teknologikoa eta garapen soziala nahasten dituena. Baina menderatze sozialeko egoera guztietan garapen teknologikoa ez dator bat garapen sozialarekin.  Egungo gizarte kapitalistan, langileen eskubideak murriztu ez ezik, baztertu ere egin daitezke. Beraz, aurrerapenaren mito horrek zapalkuntza modu eraginkorragoan egitea ahalbidetzen du, baita zapalduengan gizarte desberdin bat irudikatzeko gaitasuna deuseztatzea ere. Eta horrela, modu naturalenean esaten diren esaldiak, ustelkeriari, iruzurrari eta injustizia sozialari buruzkoak, patetikoki ulergarri egiten dira: “hori da dagoena”, “beti horrela izan da”, “politiko guztiak berdinak dira”.

Walter Benjaminen pentsamendua Txintxo eta Xeferen oroimenez

Benjaminek uko egiten dio denbora historikoaren ikuskera homogeneo, huts, mekaniko, lineal eta kuantitatibo horri. Eta denborazkotasunaren pertzepzio kualitatiboa baieztatzen du, oroimenean eta jarraitutasunaren haustura mesianiko-iraultzailean oinarrituta. Iraultza historiaren etenaldi mesianikoa litzateke, gertaeraren geldialdi mesianikoa. Era berean, historia hegemoniko-menderatzailearen ikusmoldeak arbuiatzen ditu, aurrerapenaren historia basakeriaren historia dela aldarrikatuz. Aurrerapenak, izen desberdinetan (aurrerapena, garapena, bilakaera, lehen mundua), beste aldea gordetzen du bere baitan (atzerakada, hondamenak, azpigarapena, inboluzioa, hirugarren mundua). Historiaren ikuspegi ezkor horrek berezi egiten du Benjamin, eremu marxista-iraultzailean iritzi hori aldarrikatzen zuen bakarra zelako.

Beraz, Benjaminentzat denbora ez da continuum bat, ezta zerbait naturala ere, ondorio politiko sakonak dituen konstruktua baizik. Injustizia soziala ere ez da gauza naturala; izan ere, gero eta gehiago handitzen bada, alda daitekeen seinale da, eta, beraz, beste norabide batean alda daitekeen seinale. Hori dela eta, Benjaminek denboraren beste kontzepzio bat proposatzen du, hobekuntza soziala ahalbidetuko lukeena: historiaren Aingerua. Paul Klee margolariaren Angelus Novus denboraren espiritua da Benjaminentzat. Ez da denbora homogeneoa edo Kronos (emana dena, gauza bera), baizik eta denbora orain (Jetztzeit) edo Kairós (zerbait garrantzitsua gertatzen den tarte zehaztugabea), teologia kristauan Jainkoaren denborari edo graziazko denborari lotzen zaion une egokia. Jetztzeit, ekintza bat egiteko une aproposa da, une iheskorra, proposatutako helburua lortzeko nahitaez zeharkatu behar den irekidura bat agertzen dena, gaineratzen zaigun une/leku bakar eta errepikaezina, oraina ez dena, baizik eta beti iristeke dagoena eta beti igaro dena. Azken batean, gure une garrantzitsuen garaia da, gutako bakoitzaren bide pertsonala indartzen duten gertakariena, batzuek helmuga deitzen dutena, eta une jakin batzuetan erabaki garrantzitsuak hartzera bultzatu gintuena. Bada, historian grazia edo Jainkoaren garai hau (gutako bakoitzaren indar mesianiko eraldatzaile gisa ulertua), indar hori sartu eta errealitatea beste zerbait bihurtzeko garai aproposa da.

Angelus Novus iraganera itzultzeko borrokan ari den beste garai horren espiritua da, ez bakarrik oraina justifikatzeko, baizik eta iragan horri justizia egiteko; Aingerua errotiko aldaketa egiteko lehiatuko da, suntsitutakoa berreraikitzeko, hildakoak berpizteko, funtsean, iraganari justizia egiteko. Baina bada indar bat iragaitea eragozten diona: Aurrerapena da, iraganari justizia egitea eta eraldatzea nahi ez duena. Benjaminen aburuz, iragana ez dago han urrun, hemen eta orain baizik, eta etorkizuna ere hemen dago. Aingerua iraganera itzultzeko borrokan ari da, benetako eraldaketaren oinarria izango litzatekeen erabateko aldaketa egiteko. Benjaminek azpimarratzen du benetako aldaketa iraganetik bakarrik etor daitekeela.  Iragan hori ez dago iraganean, hemen dago, orainean, eta, beraz, adi-adi egon behar da pentsamolde kritiko batekin, subjektuetan sartzen den une egokiaren zain.

 Baina nortzuk dira tipo horiek? Materialismo historikoak esango du subjektu historikoa proletalgoa dela, hori baita komunismoa lortzera eramango duen errealitatea eraldatuko duen motorra. Benjaminek materialismo historikoa ideologia burgesaren zikinkerietatik askatu nahi du, aurrerapenaren ideia burgesetik erreskatatu. Benjaminentzat, iraultza ez da aurrerapen ekonomiko eta teknikoaren emaitza natural eta saihestezina, hondamendi ekonomikora eta gerrara daraman aurrerapenaren ideia horrek sustatutako garapenaren etena baizik. Benjaminek orainean esku hartzea proposatzen du, pentsamoldeak desafiatzen eta eteten dituen irudi batekin. Irudi hori iraganekoa da beti, orainari esanahi berria ematen diona. Benetako aldaketa jadanik existitzen den eta gizarte zuzenagoa eraikitzeko balio duen zerbaitetik dator; ez dago gauza berriak asmatzeko beharrik, zeren, gure historia kritikoki berrikusiz eta gure borrokak zintzoki balioetsiz, txikiak eta hutsalak izan arren, horietan aurkituko baitugu masaren benetako eraldaketa ekarriko duen hazia eta legamia. Hemen daude, beraz, historiaren subjektuak, oso txikiak izan arren borroka mota ezberdin eta anitzetan lan egiten dutenak.

Benjaminen pentsamendua itxaropen-pentsamendu bat da, baina ez etorkizunaren itxaropen batena, orainarena baizik. Hau da, dagoeneko egin dena edo egiten ari dena ahalik eta pertsona gehienen onerako izango den osotasun bihurtzeko itxaropena. Funtsean, orainaren itxaropena. Beraz, Benjaminen itxaropen-pentsamendu horren arabera, Txintxo eta Xefe, baita hildako gainerako lagunak ere, justizia noiz egingo zain daude. Kairos-garaia iritsiko da eta, orduan, denei zor zaiena aitortuko zaie. Lagun diezaiogun historiaren aingeruari justizia-garai hori lehenbailehen irits dadin.

Walter Benjaminen pentsamendua Txintxo eta Xeferen oroimenez  Walter Benjaminen pentsamendua Txintxo eta Xeferen oroimenez  Walter Benjaminen pentsamendua Txintxo eta Xeferen oroimenez  Walter Benjaminen pentsamendua Txintxo eta Xeferen oroimenez  Walter Benjaminen pentsamendua Txintxo eta Xeferen oroimenez

17 pentsamendu “Walter Benjaminen pentsamendua Txintxo eta Xeferen oroimenez”-ri buruz

  • Benat Castorene 2023-01-11 09:52

    Aspalditik nuen W.Benjaminen pentsamenduari buruz zerbait ikasteko gura, baina euskarazko irakurketak lehenesten ditut. Zure artikulua biziki ongi datorkit. Orai ez dut gehiago estakururik ! Eskerrik asko Jesus eta urte berri on.

  • Bittor Hidalgo 2023-01-11 12:29

    Txintxo gogoan, eta Xefe, gaur bezalako egun malapartatu batez…

  • Benat Castorene 2023-01-12 09:14

    Jesus, egin duzun W.Benjaminen aurkezpena erakargarria eta biziki ulergarria da. Bere historiaren kontzepzioa ere, nahiz (ene gustuko) “haustura mesianiko-iraultzaile”ak baita “Angelus novus”enak ere merezi luketenesplikazio gehiago urrengo batean.
    Merezimendua duzu zeren, filosofo biziki inportantetzat kontsideratzen bada, ezbaitu batere filosofo erraza baten fama.
    Garatzen dituen ideiak, historiaren kontzepzioa garaitu eta jende umilen ikuspuntutik, aurrerapenaren kritika eta abar, ez zaizkit batere arrotz SWen irakurle naizen ber. Egia erraiteko, antza asko aurkitzen diet biei, adibidez marxismoaren ezagutza sakona. eta gero erraiten duzularik “…teologia aipatzen duen materialista…” , SWez ere erran ginezake Marxeri materialismoa trahitu izana leporatzen zion teophila zela. Alta ez dut uste elkar ezagutu edo irakurri zutenik, nahiz 1940an biak Marseilleko inguruan ziren biak nazien aztaparretarik eskapatu nahi zitenean.
    Galdera bat: ba ote da nunbait Benjaminen obra edo obra parte baten baten euskarazko itzulpenik?

  • Jesus Perez de Viñaspre Txurruka 2023-01-12 19:34

    Bai, Beñat. Benjamin-en pentsamenduak badu zerikusirik Simon Weil-enarekin ahulen, menderatuen eta zapalduen defentsan. Bestalde, biak aurrerapenaren etsai deklaratuak dira. Marxista konbentzituak izan ziren, baina Moskuko zuzendaritzari uko egin zioten. Nolanahi ere, Benjamin pentsalari sailkaezina eta paradoxikoa da, ez da modernoa, ez aurremodernoa, ez postmodernoa, teologia aipatzen duen marxista bat da. Horrela, Benjaminek azpimarratuko du, teologia materialismo historikoaren zerbitzura dagoela (Theologia ancilla philosophiae). Horrenbestez, sinbiosiaren elkarrekikotasuna, osagarritasun moduko bat egongo litzateke: materialismoak ezin ditu teologiarik gabe arrakasta izan, ez eta teologiak ere bakarrik materialismorik gabe. Uff, hau esatea, batzuentzat, pekatu mortala da, Beñat. Hortik Europan izan zuen prentsa txarra, eta Frankfurteko Eskolako lagunekin izandako eztabaidak (Adorno, Horkheimer, Brecht). Benjaminekin jarraituko dugu, Beñat.
    Benjamin-en euskarazko lanei dagokienez, hau baino ezin izan dut aurkitu
    https://old.uberan.eus/?kaia/item/walter-benjamin-euskaraz-hasi-zenekoa

  • Jesus Perez de Viñaspre Txurruka 2023-01-13 08:58

    Patxi Urrutiak 1978ko urtarrilaren 11an Iruñeako San Jorge etorbidean gertatutakoa du hizpide, zeinetan segada baten ondorioz Jokin Perez Viñaspre eta Zeferino Sarasola ETAko kideak hilik suertatu ziren.
    https://www.youtube.com/watch?v=GJivoyJrHdo

  • Benat Castorene 2023-01-13 14:28

    Milesker Jesus, baina rakurriko dut egunen batean, berrargitaratzen badute, liburu hori agortuta dago eta

  • Juan Inazio Hartsuaga 2023-01-14 10:01

    Gogoetarako gai polita da galdera plazaratzea zer ekarri dion euskarari eta zer ekarri digun euskaldunoi azken mende erdian azaldu dugun baztertu eta bazterzale bilakatzeko biskak. Zenbat onura? Zenbat kalte?

  • Benat Castorene 2023-01-14 14:40

    Arratsalde on Juan Inazio
    “…baztertu eta bazterzale bilakatzeko biskak”
    Ez dut ulertzen hitz horiekin esan nahi duzuna.

  • juan inazio hartsuaga 2023-01-14 20:17

    Baztertuen miresmena, geure burua baztertu gisa irudikatzeko nahia eta (zenbaitetan ere) plazerra, zinez baztertuak garenaz harago. Bazterzale izateko kultura bat zabaldu dela eta hein batean indarrean dirauela esango nuke. Horrek zer ondorio dakartzan eztabaidagai interesgarria litzatekeela esan nahi nuen.

  • Benat Castorene 2023-01-14 20:47

    Desolatua naiz, baina tonto agertzeko arriskua nahiago dut hartu eta aitortu ez dutala ongi konprenitu.
    Baina ez ote duzu ierran nahi “biktimaren kultua”? eta “biktimatzat agertzeko nahia”?
    Kontrakoek salatzen dutena “gutiengo edo minoritateen tirania”izenpean?

  • juan inazio hartsuaga 2023-01-15 18:34

    Biktimatzat agertzeko nahia baino, gure herriaren baitan sor arazi diren pitzaduraz ari naiz. Aurrena marxismoaren eta sozialismoaren izenean, berriki feminismoaren izenean, pixkanaka herri oso bat izateko aukerak murrizten “ismoaren” bazterrean gotortuta. Aukera ideologikoa arrunt zilegia baina herrigitzari dagokionez abantaila urrikoa. Gora Euskal Herria! diogunean, Gora Euskal Herri Sozialista eta Feminista! diogunean baino gehiago gara ezta?

  • Benat Castorene 2023-01-15 21:27

    Milesker Juan Inazio. Aldi honetan bai ulertzen dut, eta ez da batere ni imaginatzen entseiatzen ari nintzena. Aurreko iruzkinetan ez zen biziki argi.
    Hegoaldeari buruz ezin dut serio erantzun zuen lekuan. Hala ere bazterretik iduritzen zait iraganeko zorigaitzeko esperientziengatik egoera blokatua dela eta euskaldunak morala funtsean apal.
    Baina egiazko problema pausatzen duzu eta ulertzen dut zure galdera.
    Sobera sakondu gabe erran nezake printzipioz gizarte arazo konkretuak onestatez beti aurretik agerian eztabaidatu behar direla denek elgar ezagut dezaten; baina aurreratu nahi dutenen artean lehentasunezko helburua eta programa sozial minimo bat finkatu behar direla “ostopatzeko suak”ekiditeko.
    Hemen problema ez da gehiago pausatzen, orain helbururik ez baitugu ezbada kolaborazioa.

  • Galdera bat Jesusentzat: gomendatuko zenidake, mesedez, Walter Benjamin-en ideiak biltzen dituen lanen bat? Izan ere, eskaintzen duzun sintesia oso ona da, oso argia, eta suposatzen dut erreferentziazko libururen bat edo batzuk erabili dituzula zure azalpena osatzeko (Benjamin zuzenean irakurri izan dudanean oso ulerkaitza egin zait eta asko eskertuko nuke bere pentsamendua interpretatzen lagunduko didan testu orientagarriren bat).

  • Jesus Perez de Viñaspre Txurruka 2023-01-17 18:21

    Kaixo Unai, niretzat Michel Löwyren liburu hau funtsezkoa da, “Walter Benjamin. Aviso de incendio”.
    https://fragmentosfotograficos.files.wordpress.com/2014/10/lowy-michael-walter-benjamin-aviso-de-incendio.pdf
    Bestalde, Löwy autore beraren beste liburu bat, “Redención y utopía”, Benjaminek bizi zuen testuinguru kultural ideologikoari eta bere ideologiaren eraketan izan zuen eraginari buruzkoa.
    https://www.solidaridadobrera.org/ateneo_nacho/libros/Michael%20Lowy%20-%20Redencion%20y%20Utopia.pdf
    Eta azkenik, Stephane Moses, “El angel de la historia”, egile hau zailagoa eta korapilatsuagoa den arren.
    https://filologiaunlp.files.wordpress.com/2011/08/moses-stephane-el-angel-de-la-historia.pdf
    Horrez gain, Hegoamerikan Walter Benjamin-en jarraitzaile asko daude, eta haren pentsamendua “Askapenaren Teologiaren” mugimenduaren filosofoen oinarrian dago. Enrique Dusselek eta Franz Himkelammertek berari buruzko liburuak idatzi dituzte, baina uste dut, Unai, adierazi dizkizudan liburuekin, batez ere lehenengoarekin, errazagoa izango zaizula Walter Benjamin-en pentsamendua ulertzea.
    Besarkadak

  • Erreferentziak eskatu, eta liburu osoak eskaini dizkidazu: mila-mila esker, Jesus!!

  • Euskarazko bi liburu eder, baina ezezagunak, Sans Soleil argitaletxearenak:

    https://www.sanssoleil.es/categor%C3%ADa-producto/autores-2/walter-benjamin/

  • Benat Castorene 2023-01-18 18:25

    Jarraituko dute ezezagunak izaiten. Agortuak dira eta!