VW-k negozioa egiten du bajekin

VW-k negozioa egiten du bajekin –

Absentismoak arriskuan jartzen du VW Navarra bideragarri izatea”, esaten dute behin eta berriz enpresako goi arduradunek, osasun arazo arruntak kudeatzeko Lan Mututalitatea sartu dutenean ere; gainera, horrela ez dute absentismoa jaisterik lortu, kontrakoa baizik.

VW-k negozioa egiten du bajekin

Espainiako Ibilgailu Fabrikatzaileen Elkarteko (ANFAC) lehendakariak dioenez, “inoiz baino lehiakorrago” izan behar omen da eraldaketa teknologiko prozesuan. Epe laburrean konpondu beharreko arazoen artean aipatzen du absentismo-tasa, zeina ez den jaitsi Covid-19ko garaian iritsi zen gailur hartatik.

Hau dela eta ANFACeko buruak esan zuen “langileen osasuna eta lehiakortasuna aldi berean” zaindu behar direla; haatik, baja maila hain altua delarik, erantsi zuen “gogoeta” egin behar zela, izan ere, “zerbait ez baikara ongi egiten ari”.

Hala ere, enpresaren lehenengo erreflexua da langileari bere gaixotasunaren ardura egoztea, ez baitute onartzen eredu produktiboa dela osasunari kalte egiten diona. Ez zituzten alferrik beren mutualitateak sortu: ugazabek aukera izan zezaten gaixotasun bajak kontrolatu eta fiskalizatzeko; nolanahi ere, erakunde horiek funtsean gauza bat egiten dute, lan-gaixotasun direnak gaitz komun gisa sailkatu.

Absentismoak -gaur kudeatzen duen moduan- benetan beste zerbait jartzen du arriskuan: Gizarte Segurantzaren iraunkortasuna, 2021ean 9.800 milioi euro gastatu baitzuen (2014an, aldiz, 4.700 milioi izan ziren). VW Navarraren kokapena honekiko eskandaluzkoa da: bajen ondoriozko absentismoa %9-10erainokoa da. Halakorik ezin da onartu. ELAk ongi aski daki hain kopuru handiak ekoizteko moduaren ondorio direla, baina benetan kezkagarria dena da Gizarte Segurantzak baja gehien-gehienak (%90etik gora) gertakarri arrunt gisa hartzea. Lanean jatorria duten gaixotasunak gaitz komun gisa sailkatzen dira, eta Osasunbideak ezin dio horri aurre egin gero eta baliabide gutxiago duelako bere esku. Edozein familia-mediku, lanez gainezka dagoelarik, ez da iristen enpresarioen elkartea (mutualitatea) auzitara eramatera, argitze aldera baja baten zergatia lanean datzan ala ez.

Hamar urte luze joan dira Gizarte Segurantzak eskatutako txosten batek honakoa ohartarazi zuenetik: “absentismo arazo larriak enpresa edota langile jakin batzuetan metatzen dira. Ondorio logikoa litzateke fokua jartzea Aldi baterako Ezintasuneko datu administratiborik deigarrienak dituzten enpresetan, eta erabakitzea lantoki horietan zer ari den gertatzen, neurri espezifikoak ezartzeko”.

VW-Navarrak egunean 400dik gora lagun bideratzen ditu Gizarte Segurantzaren prestazioetara, baina inork ez du jakin nahi zer ari den gertatzen; inork ez du hori konpontzeko neurri berezirik hartu nahi.

Babes-sistema publikoak etengabe deskapitalizatzen ari direnez, inongo erakundek ez du salatzen zergatik enpresa batzuek, esaterako VW Navarrak, beste batzuen baja kopuruaren bikoitza duten. Bestalde, lan-ikuskari gutxiegi dago ere; Europako batez besteko kopurua baino askoz apalagoa da hemen duguna.

Inongo erakunde publikok ez luke ontzat eman beharko izugarrizko etekinak dituen enpresa baten lantaldeko hain portzentaje handia aldi baterako ezintasun egoeran egotea. Zenbaki horiek zalantzan jarri behar dira, analizatu, ikertu eta, behar izanez gero, zigortu.

Azken 20 urtean absentismoa areagotu egin da, pertsonako produkzioa haztearekin batera. Lanpostu bakoitzaren asetasun maila handiagoa den heinean (lehenago 5 langilek egiten zutena orain 4k egin dezakete; per capita produktibitatea handiagoa da), enpresaren mozkina puzten du, baina zehar-kalte bat ere eragiten du, eta hau VWk ez du bere gain hartu nahi: aldi baterako ezintasunengatiko absentismoa.

VW Navarrak lantalde finko bat du, eta horrekin eguneroko lana banatzeko eta absentismoa jaitsiarazteko modua dauka, baina nahiago du pertsona portzentaje handi bat Gizarte Segurantzara bidali (aurrezteko), eta behinbehinekotasuna sustatu, bere etekin-tasei eusteko.

Enpresaren ikusmolde kapitalistatik nagusitzen den logika da urtez urte irabaziak gehitu beharra dagoela, eta VW Navarra ez da salbuespena. Kalitate estandarrei eutsi eta lan-kargak areago asetu ezin dituenez, etekinak orain handiagoak izan daitezen langileen katebegi ahulenen lepotik egiten du, gaixotzen direnen lepotik.

Langile-klasea ezin da jausi multinazionalen tranpetan; arazoa ez da harena, baizik enpresena eta hauek ezartzen duten sistema produktiboarena. Litekeena da aldi baterako ezintasunetan langile batek edo besteak iruzur egitea, baina hau anekdotikoa da, nahiz eta enpresek sinestarazi nahi diguten etekinek horrekin zenbat sufritzen duten. Ez pentsa, enpresek badakite arazoa non datzan eta, are inportanteagoa dena, irtenbidea zein den. Izan ere, ANFACeko lehendakariak esan zuen bezala, “zerbait ez baikara ongi egiten ari”.

VW-k negozioa egiten du bajekin VW-k negozioa egiten du bajekin VW-k negozioa egiten du bajekin VW-k negozioa egiten du bajekin

ELA - VW Navarra

Zer duzu buruan “VW-k negozioa egiten du bajekin”-ri buruz

  • Beraz, langile denak zintzoak eta enpresari denak gaiztoak??? Oraindik dikotomia horretan gaude??? Zoritxarrez langileriaren artean gero eta azalgogor eta bizizale gehiago dago, eta sindikatuei egoera hauek salatzea egokitu beharko liekete, azkenean gutxi batzuen konportamendua denen kalterako delako.
    Eta honek, inondik Inora, ez du esan nahi multinazional “ankerren” jokuan jauzten gaudenik.