Voyeur bat naiz

Argazkia: Sistema dinamiko ez lineala
Egilea: Mr. Chopski
Artxibo mota: JPEG
Neurria: 4288×2848 px (3:2)
Sortze data: 2012/03/26
Latitudea: 43º 19,450´ N
Longitudea: 1º 58,421´ W
Kamera: Nikon D90
Objektiboa: Peleng 8mm f/3.5 Fisheye
Distantzia fokala: 8mm
Irekidura: f11
Esposizio denbora: 1/25?
Sentikortasun eskala: 800 ISO
Flasha:

Alter dixit.

 

Kieslowski-ren 1988ko film gogoangarri hura ikusterakoan konturatu nintzen denok dugula voyeur puntutxo bat.

Bertan, mutil gazte eta emakume heldu baten arteko istorioa kontatzen da. Mutila, James Stewart baten eran, emakumea zelatan dabil egunero bere etxeko leihotik. Bien arteko maitasun istorio arraro bat sortzen da hortik. Dena den, maitasuna emakumea espiatzeko erabiltzen duen teleobjektiboan harrapatuta balego bezala, okertu egiten da dena bien arteko harremana fisiko bihurtzen denean.

Objektiboaren galbaheak, urrunekoa hurbiltzeko prozesuan, errealitatea eraldatu egiten du, berrinterpretatu. Eta azken emaitza da batzuk gauza bat ikusten duten lekuan beste batzuk beste bat dakusatela.

Bertsolari bik, kartzelako ariketan adibidez, gaia bera izanik ere desberdin helduko diote, objektiboaren galbaheak sortzen duen itxuraldatzearen ondorioz. Maialen Lujanbiok ekarpen ikaragarriak egin ditu zentzu horretan, bakarkakoak lantzeko bide berriak irekiz. Gaia eta bertsoak behin bere zetabetik pasata askatzen erakutsi digu, baina ez kokotetik gorako iragazkitik bakarrik, baita bizi eta sentitu izandakoak eskaintzen duenetik ere.

Ildo beretik, internetek eta bestelako sare sozialek ere badute voyeur eta filtro puntutxo hori, filmeko protagonisten kasuan bezala, benetako harreman sozialak aldatzeraino. Objektibo baten moduan joka dezakete, errealitatea eta gure erlazionatzeko moduak aldatuz.

Auzoetako dendak, adibidez, gizarte eredu baten gainbehera islatuko dute asteroko erosketak internet bidez egiten ohituta daudenentzat. Baina, era berean, berreskuratu beharreko elementuak izan daitezke, adibidez, estetika zehatz baten maitale direnentzat, ezohikoan edertasuna ikusten dutenentzat. Ziurrenik, denak dira egiaren jabe, gaur eguneko gizartean egiak ere jabea behar baitu.

Baina errealitatea interpretatzeko jokoan, voyeur baten lanean, objektiboak duen garrantzia da azpimarragarriena, nola begiratzen dugun eta sentimenduak nola proiektatzen diren. Noski, begira dauden begiek ere badute euren garrantzia hautu horretan, baina aukeratzen dugun prisma da aterako ditugun ondorioetarako zubia.

Ondorioak, noski, norberaren ondorioak izango dira. Eta norberarenak bakarrik. Izan ere, eta egiak ez bezala, ondorioek ez baitute jaberik behar: ateratzen dituenarenak dira, eta punto.

Etxean dituzuen argazkiei, ikusiaren ikusiaz begiratu ere egiten ez diegunei, adi-adi begiratzeko lana hartzeko eskatuko nizueke. Baina ez begiratu bistan dagoenari, ikusten denaren atzean dagoenari baizik. Besterik ezean, denbora-pasa ederra da.

Zuri-beltzeko argazkietan koloreak ikusiko dituzue. Orain 30 urte ainguratuta geratu den auzoko denda batean, globalizazioak eta berehalakotasunak irentsi ez duen irla txikitxo bat. Modu kaotikoan antolatuta dauden apaletan, sistema dinamiko baten adibide plastikoa. Egunkaria irakurtzen dagoen edadeko gizon baten asperraldian, erretiroa harrapatzeko bidean egutegiari koska berri bat jan dion gizonaren poza.

Azken finean, Tamara Falcó-k bere aitaordeari esango liokeen bezala, voyeur bat naiz.

Ego dixi.