Victoria Eugeniatik Auzitegi Nazionalera
Goizeko 9:30tan Donostiako Victoria Eugenia antzokian proiektatu da lehen aldiz Lasa eta Zabala filma. EITBk emandako dokumentala eta Harkaitz Canoren Twist eleberriaren ostean, GALek torturatu eta eraildako bi gazteak oinarri dituen azken urteotako hirugarren lana da, Pablo Malo donostiarrak zuzendua.
Bigarren emanaldia Kursaalean omen da, eta hasterako, euskarazko hedabide gehienek euren webguneetan izango dute epaiketa thriller itxura eta Iñigo Iruin abokatua protagonista nagusi duen filmaren iruzkina. Pablo Maloren lanaren nondik norakoetan sakondu beharrean ordea -hala egin nahi duenak ikusteko aukera izango du zineman, edo, beranduago bada ere, telebistan-, itzuri ezinezko lotura ekarri dut lerrotara: Lasa eta Zabalak jasandako torturak pantaila handian ikusteak ezinbestean eraman bainau egunotan Madrilen deklaratzen ari diren gazteekin gogoratzera.
(Batzuok bizi ere egin ez dugun) iraganarekin parez pare jartzeko garaia heldu dela dirudi, eta Lasa eta Zabalaren kasuak eman dio hasiera konponbiderako ezinbestekoa ei den bide horri. Sekula kontatu gabekoak kontatzeak, fikziora eramateak, osatuko omen ditu errelato eta zauriak. Baina iragana esaten dioguna (torturak, mehatxuak…) -oraingoz, hilketarik gabe- Madrilen diren gazteen azaletan errepikatzen den bitartean, filmaren gordintasunak zauri berriagoak ere pizten ditu. Jakin nahi nuke Galindoren ateraldi harroez barre egin, orduko Ertzaintzaren jarrera salatu eta iraganeko inpunitatearekin sumintzeak egungo Galindo berriak atxilotzeko bidean jarri edo ahaztarazi egiten dizkigun; denboraren lanbroak babestutako egiak kontatzeak ezer gutxi balio baitu atzo eta gaurkoak esaten ez direnean.