Vianako Printzearen plazan
Vianako Printzearen plazan –
Ez dakit seguru, baina 2008. urtean izan litekeela kalkulatzen dut. Udako egun eguzkitsu batean, Vianako Printzearen plazara joan nintzen paseatzera, gurpil aulkian, bakarrik, eta, pixka batez, alde batetik bestera ibili ondoren, espaloi zabal baten bazter batean gelditu nintzen; hankak oinazpikoetatik lerreraino jaitsi, eroso jarri eta nire maletatxotik euskal liburu bat atera eta gero, hantxe hasi nintzen patxada osoan irakurtzen, eguzkiaren izpi dirdaitsuen azpian, D bitamina hartzen nuen bitartean.
Era hartan, goxo-goxo irakurtzen ari nintzela eta jadanik minutu batzuk igaro zirenean, halako batean, mutil beltz-beltza, gihartsu eta handi bat hurbildu eta deus ere esan gabe, bi euroko txanpon bat eman zidan. Eman bezain azkar, ziztu bizian alde egin zuen.
Dena aida batean gertatu zen eta ez nuen denborarik izan esateko ez nuela dirurik behar, eta, ondorioz, ez nintzela eskatzen ari, baizik eta liburu bat lasai irakurtzen. Berari esker ona agertzeko ere ez zidan aukerarik eman. Gustura asko galdetuko niokeen, halaber, bere izena, nongoa zen eta abar, baina dena tximista baino bizkorrago gertatu zen eta ezin izan nuen deus ere egin.
Argi dagoena zera da, mutil beltz, gihartsu eta handi hura, bihotz onekoa eta eskuzabala behintzat bazela; bejondeiola!