[Uztaritze iraultza garaian XIII] 1792ko Herriko Etxeko arazoak
1792ko Herriko Etxeko arazoak –
Michel Duharten “Ustaritz au temps de la revolution” liburuaren itzulpena
Uztaritzeko artxiboek ez dituzte bakanki baizik Landaeremuko halako historio xelebrerik kondatzen, nola 1792ko martxoaren 11ko kontseiluan aipagai izan zen hau:
Kontseilari batek kondatu zuen ikusi zuela «Hiribehereko pentze haundia[1]» behiez mukurru betea zegoela eskubide zaharrak sasoi honetan behiak[2] bertan bazka araztea debekatu arren. Hara joan zen beste bi Udal ofiziarirekin batera eta kabalak bahitu[3]zituzten. Abisatuak izan ziren jabeak jin ziren beren kabalak errekuperatzera. Ordaindu behar izan zuten kabala buru bakoitzeko 20 soseko isuna. Aldiz, Charles Jauretche, Nagilako[4]semea, Martin Saint jean Atalaiako zapatagina eta bere mutila « Joanes haurra » Casterou, hiruak, asaldatu ziren.
«gure autoritatearen kontra asaldatu direnek. burua galdu dute gu modu ezohikoarenaz iraintzeraino eta laidosteraino:
Nor zirezte zuek ? deus ez zirezte guretako. Zer egiten duzue gure pentzean ? Trufatzen gira udal ofiziari guzietaz, Zoazte denak hemendikan kakegitera…
Horra beren funtzioan ari ziren hiru Udal ofiziarik nozitu behar izan duten umiliazioa!»
Suminduta, Kontseilariak gaztigu eredugarri bat galdegin zuen. Herriko etxeak erabaki zuen hobendunak auzitegira eremanen zituela. Biharamunean hiru hobendunak, burua apal apala, jin ziren barkamena galdegitera eta azkenean barkatuak izan ziren.
Herriko ofiziariak ez ziren jende bakarrak izan horrelako harrera txarra nozitzen zutenak. 1792ko maiatzaren 39an, Jean Baptiste Jullian, Erregistramendu eskubidearen biltzailea[5], Herriko kontseiluaren gana joan zen «bere burua Legearen babespean jartzeko». Izan ere, bezperako hamarrak eta erditan, Auzapezaren etxetik jalgitzen zelarik, harrika atakatua izan zen, eta, bigarren aldia zen hau gertatzen zitzaiola.
Anartean, Dithurbiden Uztaritzeko merkatu publikoaren ideia hozitu zen. Uztariztar anitzek izenpeturiko petizio batek sustengatua izan zen, eta, Departamenduko Zuzendaritzaren aintzinera eremana. Honek Udalerriari eman zion merkatu egun bat larunbatetan, baita, urtero hiru eguneko azoka bat ere. Aldiz errefusatu zuen uztaritzek nahi zuen Espeletako merkatuaren hestea. Larre Prokuradorerearen aburuz, horrek proiektua kondenatzen zuen.
Zernahi gisaz, albiste on bat zen, azken denbora hauetan Udalerriak nozitutako atsekabe guzien kalte-ordainerako. Erabakia izan zen herritarrak Kapito Harrin bildu beharko zirela 1791ko uztailareren lehenean, merkatu toki egokiena hautatzeko. Pentsatua izan zen egin behar zela zurezko batimendu handi bat Purguko auzoan.
Afera horren segidarik ez da nehun aurkitu izan. Egiatan, Uztaritzek bere merkatua ez zuen sekulan ikusi, eta, 60 urte geroago, Hiribarren poetak[6]filosofiarekin gogorarazten zuen :
«Uztaritzen mercatu galdetu izan cen
Ardietsi zutela nehor ez orroitzen
Hain ungui eguin dute cirenak egonik
Ez zauzcan mercatuac direnac eguinik…»
Hiriart Durruty apaiz idazle famatuak frantsesez itzulirik :
«Les Uztariztars ont demandé un marché
Personne ne se souvient qu’ils l’aient obtenu
Ils ont bien fait de rester tels qu’ils etaient
Ce n’est pas le marché qui les aurait faits tels qu’ils sont »
Girondeko boluntarioak, 1792 urtearen bukaeran
1792ko abuztuaren 10 ko egunak eta Monarkiaren amaierak ez dute aztarnarik utzi Uztaritzeko udal artxiboetan, bainan, Erregearen eta haren familiaren presondegiratzeak tentsioak eragin zituen Espainarekiko mugan eta frantziar tropen etorrera. Girondeko boluntarioak Udalerrian jarri ziren, botereak Udal etxea derrigortu zuen 44 etxe hautatzera haietarik bakoitzak boluntario bat aterbe dezan. Auzapezak etxe hauek hautatu zituen:
Purguko auzoan
- Jankoenea
- Hautoaenea
- Dorrea
- Muskobaita
- Chachorena
- Mamiabeita
- Mokobeita
- Etchehandia
- Joanniskobeita
- Chamarbeita
- Jeanboutounbeita ( desagertua)
- Aguerrebeita
- Chaticobeita
- Pellentorenea ( desagertua)
- Chikirbeita
- Domingorenea
- Senkastenea
- Jeandenisenea
- Ibarraguerrea (desagertua)
- Bolanjeria
- Paiabeita
- Hoperenea
Hiribehereko auzoa
- Harozteguia
- Doupateguia
- Uhaldea
- Camitortenea
- Hirigoina
- Garatenea
- Haitzea
- Oihabaratzea
- Chibitatea
- Chandirenea
- Lalanderenea ( oraiko komentua)
- Ephertzea ( oraiko komentua)
- Maichalarenea
- Abartachipia
- Naguila (disparue)
- Arkia
- Legarrea
- Arantzeta ( desagertua)
- Etcheparea
- Hirurmariaenea
- Cattunena (desagertua)
- Maskalotbeita ( desagertua)
Zerrenda hau interesgarria da, zeren eta, hutsuneak baitira esplikatzeko zailak direnak (Salha, Compainea, Uhalderena, Dorregaina, Ferrondoa, Sortha, Filiperenea, Contorlorenea…) Erakusten ditu Uztaritze erdiguneko etxe inportantenak XVIII.mendearen bukaeran. Hutsuneak berak ere esanguratsuak dira, erakusten baitute beharbada errekisizio hunetarik eskapatzen ziren jabeek eragina bazutela Herriko kontseiluan.
Konbentzio garaian. Libertatearen arbola
Abuztuaren 10eko gertakarien ondotik, denek fidelitatea zin egin zuten Konstituzio Monarkiko hura izaitez ezeztatua izan zen. Lege Asanblada bukatzen zuen bere bizitza laburra, eta, Konbentzioa, egiazko errepublikarrez osatutako Asanblada berria 1792ko irailaren 21 an hasten zen. Bere dekretu lehenetariko batek Frantzia guzian barna antolatzen zuen festa zibiko bat zeinean herritarrek parte hartu beharko zuten. 1792ko urriaren 28ko Herriko kontseiluko bileran, Auzapezak erabaki zuen delako pesta hura ondoko igandean ospatua izanen zela «Iraultzaren plazan», hau da, Hiribehereko plazan, eta, libertatearen arbol bat landatua izanen zela «Udalerriaren gain bainan gastuei doakiei prekauzio beharrezkoekin». Herriko etxeak ordainduko zituen pestako alaitasun suen[7]kostuak ere.
[1]MD : Pentze hura zen hiribehereko biztanleen jabego kolektiboa. Biltzen ziren erregularki Etcheberria etxearen aintzinean solastatzeko pentze horren eta Lukuyako oihanaren gestioaz. Etcheberria Larraldea eta Jaungazte artean zegoen etxea desagerturik dago. Lukuya da Uztaritzeko oihanaren parte bat zeinaren Hiribeheretarren jabego amankomunak biziraun duen orai artio.
[2] BC « bovin » testuan
[3] BC « pignorer » testuan, hitz zahar bat argitzeke dena.
[4] MD :Hiribehereko etxe eder bat duela hogei bat urte suntsitua.
[5] BC : « receveur du droit d’enregistrement » testuan.
[6] JM Hiribarren . Eskualdunac. 1853.
[7] BC : «feux de joie» testuan