Utopiatik errealitatera

2005a zen. Abenduaren 24a. Goizaldeko lau eta erdiak, zehazkiago. 16 urte nituen, eta herriko hainbat gazterekin Marijesiekin abesten nindoan. Hala ere, kalean egoteko arrazoi nagusia ez zen hura. Abestearena, geroago etorriko zena gurasoei estaltzeko aitzakia merkea besterik ez zen. Gure helburua beste bat zen: bertan behera utzita zegoen Astra eraikina okupatu, biziberritu eta kulturaz bete nahi genuen.

Hainbat hilabetetan, asanblada amaigabeetan erabakitakoa burutu behar genuen. Horretarako, asanbladako kideok estrategia bat abian jartzea erabaki genuen: eraikinera sartzeko, bi talde osatu eta hitzordua zehaztu behar genituen. Batetik, eraikina okupatu ostean beharko genuen azpiegituraz arduratuko ziren garraiolariak zeuden; bestetik, eraikinera, di-da sartuko ziren kideak. Honez gain, hitzordua: Astra eraikinaren aurrean, goizeko bostetan. Dena ondo bazihoan, bostak eta hamarrean, barruan behar genuen.

Astragaz BIZI gehiago

Gauak aurrera egin ahala, azpiegituraz arduratuko ziren garraiolariak Lurgorri auzoan batu ziren. Eraikinera derrepentean sartuko ginenok, ostera, Marijesietan abestuz gindoazen. Normaltasunez jokatzea ezinbestekoa zen, esku artean geneukana sekretupekoa baitzen. Ez dakit nerabezaroko inozentzia ala emozioa zen, baina pelikuletan hainbat bider ikusitako espioi edota konspiratzaileetako bat sentitzen nintzen. Hala, abesbatzakoekin eraikinaren aurretik pasatzean, gazte talde bat bertan geratu ginen, gainontzekoen harridurarako (orduak aurrera egin ahala konturatuko ziren sekretuaz). Geroago, bostetan, azpiegitura garraiolariekin batu (kotxeetan zetozen) eta trenbideko bi hesiak saltatzeari ekin genion. Bostak eta hamarrean barruan geunden jada.

pnga_erakutsi.pl_5

Gaur, zazpi urte beranduago, eraikina berriztatua eta erabiltzeko prest dago. Gernikako gazte eta herritarrok utopia zena errealitate bihurtu dugu. Harik eta garrantzitsuagoa: armagintzarako sortu zen fabrika eraldatu eta kultura sorkuntzarako lantegi bilakatu dugu. Berri Txarrak taldearen kantu baten izena hartuz, esan genezake Iraultza txikien asanblada sortu genuela gau hartan.

Horregatik, zorionak Gernika! Zorionak Astra! Zazpi urte…eta etorriko direnak!!

Animatu eta parte hartu! ZU barik eztau!!

Astrari buruzko informazioa: http://www.astragernika.net

Zer duzu buruan “Utopiatik errealitatera”-ri buruz