Usurbilgo hondakinen atez ateko bilketaren datuak
Martxoaren 16an hasi ziren Usurbilen hondakinen atez ateko bilketa selektiboa egiten. Hilabete eskas pasa denean lehenengo emaitzen berri eman dute gaur goizean Donostian, San Markoseko Mankomunitatearen egoitzan.
Hona datuak: %28ko bilketa selektibotik %76,08ra pasa dira Usurbilen. Horrek esan nahi du hirukoiztu egin dela bilketa selektiboa. Errefusa, bestalde, zabortegira botatzen dena, %71,58tik %23,92ra jaitsi da lau asteotan. Klikatu irudietan handiago ikusteko.
Datu hauen argitara, Xabier Mikel Errekondo, Usurbilgo alkateak, galdera bota du: “Zergatik kaltetu behar dugu jendearen osasuna, ingurugiroa eta herria inolako beharrik gabe? Zubietan egin nahi duten errauste-plantak gure bizi kalitate maila birrindu egiten du” adierazi du borobil. Atez ateko bilketa etorkizuna dela esan du, behin eta berriz, eta errauste-plantaren alde egitea zaborraren alde eta isuri toxikoen alde egitea dela, “errauste-plantak zaborra behar duelako ekonomikoki bideragarria izateko”. Azken mezua usurbildarrei bidali nahi izan die: “denon esfortzuarekin, ohitura aldaketa xume batekin, %76,08ko bilketa selektiboa lortu dugu. Gure erronka %80ko maila gainditzea da eta horretarako, orain arte egin duten bezalaxe jarraitzea eskatzen diet. Denon artean lortuko dugu”.
Ricardo Ortegak, San markoseko Mankomunitateko lehendakariak esan du ereduzko datuak direla, eta errealitate bihurtu dutela herritar askoren nahia. Datuak eskutan, “atez atekoak ez du alternatibarik”, azpimarratu du, eta Gipuzkoan hondakinen kudeaketan eskumena duten erakunde ezberdinak mintzagai izan ditu, birziklatze-mailarik altuenak lorzeko bidean atez atekoa bezalakorik ez dagoelako, eta Usurbilen ez ezik, gainerako herrietan ere posible dela aldarrikatu du. “Denok gaude birziklatzearen alde, ta hemen dugu aukera ezin hobea horren alde egiteko” azaldu du.
Horregatik ziurtatu egin du hondakinen kudeaketan ez dagoela lekurik ez zabortegientzako ezta errauste-plantentzako ere, ez San Markoseko Mankomunitatean ezta Gipuzkoa osoan ere. usurbilgo %76,08a hizpide hartuta, eskakizun zuzena egin die Donostiako Udalari eta Gipuzkoako Aldundiari bertan behera uzteko Zubietako errauste-planta. “Zergatik egin behar dugu zerbait gaizki eta jendearen osasunaren kalterako, ongi egiteko akera dagoenean? galdetu du.
Ortegak ez du aukera galdu nahi izan, eta datorren larunbatean Errausketaren Aurkako Plataformen Koordinadorak deitu duen manifestazioan parte hartzera deitu die Gipuzkoa garbi eta ekologikoaren alde dauden herritar guztiei.
Zorionak Usurbilgo herriari San Markos azpitik! Espero dut Pasaiako Udala, konplikatuagoa izan arren, bide beretik jotzea.
Zalantza bat:
“Horregatik ziurtatu egin du hondakinen kudeaketan ez dagoela lekurik ez zabortegientzako ezta errauste-plantentzako ere, ez San Markoseko Mankomunitatean ezta Gipuzkoa osoan ere.”
Orduan, zer planteatzen da berziklatuko ez den %20 horretarako?
Mila esker.
Kaixo Mendiola. Usurbildik erantzuten dizut. Lau astetan birziklatze maila %28tik %76 igotzea izugarria iruditzen zait, iraultza. Denon esku dagoen iraultza, gainera, baita Pasaian ere horretarako borondaterik balego. Ez dago Euskal Herrian horrelako besterik.
Hau esaten dut batzuetan jasotzen dudan inpresioa delako garrantzizkoa dena di-da batean baztertzen dugula (ez dut esan nahi zure kasua denik) eta, nahi gabe bada ere, fokoa gauza nimiñoagoetan jartzen dugula.
%76 hori pasote bat da, benetan, baina %20 horretaz galdetzen duzunez, esango dizut Usurbilen sortzen den %20ko errefusa (gaur egun behintzat birzikla ez daitekeena eta zabortegira doana) hori ez dela beste edozein udalerrik zabortegira botatzen duena bezalakoa. Gure artean Usurbilgoa “zabor garbia” dela esan dezakegu, inerteagoa beste era batera esanda. Ez du apenas organikorik, ez plastikorik, ez beirarik, ez paperik… lurreko hautsa, puskatutako keramika zatiak, pixaoihalak…
Kantitate txiki horietan horrek ez du lixibiaturik sortuko, lur azpian sartu eta auskalo zein errekatan aterako dena, ez du metanorik sortuko, ez du CO2 isurkerik eragingo… Horregatik diot “zabor garbia”, ez bestela.
Bi hitzetan: Usurbilgo errefusa kopurua txikia izateaz gain, konposizioan ere ezin da konparatu gainerako udalerriek zabortegietara jaurtitzen duten kaka kutsakor eta arriskutsuarekin.
Animo eta ea pasaian zer lortzen duzuen
Zorionak usurbildarrei, eta hasieratik ekimen honetan sinetsi ondoren abian jarri dutenei.
Eredugarria, dudarik gabe, gainerako udalerri guztientzat.
Ea zein den hurrengoa!
Mila esker Xabier erantzuteagatik.
Arrazoi osoa duzu fokoaren kokapenaz. Galdera hori bota dut alde batetik benetako zalantza nuelako eta bestetik errauste planten bultzatzaileek beti aipatzen dutelako “berziklatu ezin den porzentajea” haien asmoak justifikatzeko.