Usoac beçala, arin eta ondo viajaçeco manerac
Usoac beçala, arin eta ondo viajaçeco manerac
Gauça ederra da euscara: ançinacoa, jatorri eçeçagunecoa, misteriotsua, aitite eta amamaren berbetea, munduan zeharreko ikerlari askoren jopuntua…
Baina ez bada eremu sinbolikoan murgiltzeko, gure “baskotasuna” azpimarratzeko, alderdi eta sindikatu abertzaleen liturgia zehatzetan erabiltzeko, haurrei lehen urteetan hitz egiteko eta nekez erabiliko duten hizkuntza batean ikasarazteko, edo zakurrei izena jartzeko ez bada, ezer gutxirako balio digu. Traba eta estorbu egiten digu, beste ezer baino gehiago, eta hala izanik, protokolo neurtuetatik kanpora, armairuan gabe armairupean uzten dugu, hurrengoan dagokion arte.
Viajaçeco ere eragozpen da euskara, pentsa!
Espainiako hauteskundeak bertan, Madrilera aviaçeco ari dira prestatzen alderdi abertzaleak ere.
Horretarako oinarrizko lanak egin beharra dago: nondik joan, nola joan eta, batez ere, zer eraman, ekipajea traba handia gerta daiteke eta, ondo aukeratu ezean.
Hartu ditut alderdi abertzaleen Espainiako hauteskundeetarako ekipajeen zerrendak, hots, egitarauak, eta horratx emaitzak:
EAJ-k hamar kapitulu eta dozenaka ataletan antolatu du egitaraua. Ekipaje astun samarra.
Euskararen lekua? %0,1 ere ez.
Ez dago euskarari eskainitako ez kapitulurik, ez atal zehatzik.
5. kapituluko (Gizarte politika aurreratuak eta iraunkorrak) lehen atalean (Gure eskumenei eta gure hezkuntza ereduari errespetua): “…irakaskuntzaren komunikazio hizkuntza euskara izatea balio bezala bereziki babestea”.
Aipatu bezala, EAJren egitarauan, euskarari egindako lekua ez da %0,1era ere heltzen. Hori da pragmatismo ariketa hori!
EH Bilduren ekipajea arinagoa da. Zenbait gai orokor, eta hainbat atal gai bakoitzaren barnean.
Euskararen lekua? Ez da %1era heltzen.
Ez dago euskarari eskainitako ez kapitulurik, ez atal zehatzik.
Aipamen batzuk egiten zaizkio euskarari, hala ere:
“hizkuntza-etorkizunarekin zerikusia duten herritarren erabakiak kontuan har daitezen …”.
“EAEko eta Nafarroako herritarren eskubide sozialak, ekonomikoak, kulturalak eta hizkuntzaren arlokoak babestu eta errespetarazteko. Euskara Ordenantzen kontrako errekurtsoak…”
“Euskara Ordenantzen kontrako errekurtsoak EAEn…”
“LOMCE legea: … gure hizkuntza eskubideak ukatzen dituelako”.
Dexenteko pragmatismo ariketa EH Bildurena ere.
Eskuko ekipajea
Hegazkinetan-eta, ekipaje nagusiaz gain eskukoa ere eramaten utzi ohi dute; motxila txiki bat, eskuko boltsaren bat… Aukera hori probestuz, proposamen bat luzatu nahi nieke gure herriaren lehen lerroko ordezkarioi. Pisu eta leku handiegirik hartzen ez badute behintzat, eraman ditzatela:
Bat: Espainiako Parlamentuan euskaraz jarduteko debekuaren aurkako txertoa: Parlamiento horretan egokituko zaizkien hitz txanda guztietan euskaraz jarduten saiatuz gero, litekeena da unionisten euskararen aurkako anticuerpo direlakoek etsi, eta duintasunaren aldeko borroka bat irabaztea.Gainera, ariketa hori oso ondo egokitzen zaizkie batzuen eta besteen izaera politikoari: pase foralari JELtzaleen kasuan, eta desobedientziari, ezker abertzalearenean.
Eta bi: Espainiako konstituzioaren 3. artikulua aldatzeko proposamena. Izan ere, bertan ezartzen zaigu “espainiar” guztioi, gaztelera jakiteko betebeharra.
Ondo legoke, betebehar hori euskarara, eta Estatu espainiarreko beste hizkuntza baztertuetarako ere hedatzea, zein bere eremuan, “berdintasun” apurrik eskuratuko badugu inoiz.
Ongi ibili daitezela beraz Madrilen, eta ea tarteka euskaldunokin gogoratzen diren!