Urumeako mendiak bizirik

Urumeako mendiak bizirik –

Joan den otsailaren 5ean trantsizio energetikoaren egungo eredua eztabaidan jartzeko asmoz Okendo Kultur Etxean jende asko bildu zuen mahaingurua egin ondoren, Donostian bi ekintza informatibo antolatu dira datozen egunetarako zentral eolikoen eta energia berriztagarrien makroproiektuen auziaren inguruan:

Asteartea 25: “Vidas irrenovables” dokumentalaren proiekzioa eta zuzendariarekin solasaldia, Trueba zineman:

Otsailak 25 asteartean, arratsaldeko 19’15etan, “Vidas irrenovables” dokumentalaren proiekzioa eta filmaren zuzendari Franciso J. Vaquero-rekin solasaldia egingo da Groseko Trueba zinema aretoan. Dokumentalak energia berriztagarrien industriaren hedapena Espainian ekosistemak, ekonomiak eta landa-eremuko gizarteak nola suntsitzen ari den erakusten du. Era berean, mehatxu horren aurka hainbat lurraldetan mobilizatu diren kolektiboen eta pertsonen esperientziak jasotzen ditu. Sarrera doan zango da eta ekintza hau Groseko Hondarpe Auzo Elkarteak antolatu du.

Osteguna 27: Urumeako Mendiak Bizirik herri ekimenaren aurkezpena eta hitzaldi informatiboa Okendo Kultur Etxean:

Otsailak 27 ostegunean, arratsaldeko 19’00etan, Arano, Goizueta eta Hernaniko bizilagun taldeek eratu berri duten Urumeako Mendiak Bizirik herri ekimenaren aurkezpena egingo da Okendo Kultur Etxean. Solasaldi honetan, Urumeako mendietan Repsol eta Endesa enpresek bultzatzen dituzten makroproiektu eolikoei buruz informatuko dute. Repsolek sustatzen duen egitasmoa egun Euskal Herrian planteatzen den mota horretako azpiegiturarik handiena da: “Erreka Parke Eolikoa” deitu duten makroproiektu horrek kalteturiko eremuan prospekzio arkeologikoak egitekoak direla-eta joan den urtarrilaren 30ean Nafarroako Gobernuak Aranoko Udalari bidalitako txostenaren arabera, Adarra-Mandoegi mendilerroaren inguruetan neurri handiko 15 aerosorgailu jartzea eta Urnietako Besabitik abiatuta 27’54 kilometrotako sarbidea (6 metroko zabalerarekin) eraikitzea planteatzen da Repsolen proiektuan. Horri gehitu behar zaio energia ateratzeko 21’063 kilometroko luzera eta 68 dorre izango lukeen ebakuazio-linea bat eraikitzea aurrikusten dela egitasmoan, Arano, Hernani, Urnieta, Astigarraga Errenteria eta Oiartzungo udalerriak zeharkatuz, Arkaleko azpiestazio elektrikoan banaketa-sare orokorrarekin konektatzeko (atxikita doa dokumentu hortan jasotako “Plano general de situación del proyecto” izenburuko mapa). Guztiarekin, bistan dago proiektu honek kalte larriak eragiten dituela natura- eta giza-ingurumenean, hain zuzen ere lurraldeari eraso egiten dioten eta energiaren kudeaketa lokalagoa eta komunitarioa bultzatzearekin bateraezinak diren makroproiektuen ereduaren adibide argi bat delarik.

Aipaturiko dokumentuan jasotako mapa txikia: PLANOAK 2 Repsol makroproiektua

Antolatzaileak: Satorralaia, Eguzki, Haritzalde eta Ekologistak Martxan.

Zuen parte-hartzea espero dugu beraz, baita zuen inguruan deialdi hauek zabaltzea eskertu ere.

Urumeako mendiak bizirik

Urumeako mendiak bizirik

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude