Urtzi Urkizu: “Pertzepzioa dago ETBk ez diela erantzuten euskararen normalkuntza helburuei”
Urtzi Urkizu –
Berria egunkarian euskal ikus-entzunezko eta komunikazio gaietan aditua den Urtzi Urkizuk “Txoria hodei artean. ETB lehen eta gero” izeneko liburua plazaratu berri du Aleka bilduman (Berria, Elkar, Jakin), sektorearen inguruan zer esana duten 35 aditu eta aritu elkarrizketatuta.
.
Eskarmentu handiko kazetaria da Urtzi Urkizu (Lezo, 1975), komunikazio eta euskal ikus-entzunezko gaietan erreferente, horiexek baitira azken urteeetan Berria egunkarian jorratu dituenak. Orain gure hedabide publikoaren gaineko ikuspegi zabala agertu du aurkeztu berri duen liburuan, eta sarrera moduan “etorkizuna iraganean dago, iragana etorkizunean” esanda, ETB-k norantz egin beharko lukeen asmatzen saiatu da. Itziar Ituño aktoreak idatzi du hitzaurrea.
1982ko Urtezahar gauean egin zuen Euskal Telebistak lehen emankizuna… euskaraz. Ume bat baino ez zinen orduan.
Bai, eta badut oroitzapena. Zortzi urte betetzekotan nintzela, amonaren etxean ginen familiakoak, Lezon Gabonetan, eta gogoan dut jarri zutela ETBko lehen emanaldia. “Begira, hemendik aurrera telebista ere euskaraz izango dugu” esan ziguten. Oso haurra nintzen eta amets bateko dirdira moduko bat baino ez dut, baina presente dut oso momentu berezia izan zela etxekoentzat, eta nire belaunaldiko jende batentzat ere hala izango zen, momentu berezi bat Euskal Herriko historian.
Geroztik lau hamarkada joan dira, eta 40 urte bete dituen honetan, Euskal Telebistari buruzko liburua plazaratu duzu.
Batzuetan aitzakia bat behar dugu kazetariok gai bati heltzeko, eta bai, batetik bada 40 urte horiek bete izana aitzakia. Baina badira puntu gehiago ere, telebista kontsumoaren aldaketa, esaterako. Asko ari da aldatzen telebista kontsumoa, baita Euskal Telebistarena ere, eta beraz argi dago zergatik dagoen atal bat Primeran plataformari edo Adimen Artifizialari eskainia liburuan. Hau da, gauzak denbora gutxian eta oso bizkor ari dira aldatzen ikus-entzunezkoetan, eta momentu interesgarria da telebistaren egoerari eta etorkizunari begiratzeko. Gainera, ez zegoen horren inguruko lanik, gutxiago Euskal Herrian eta euskaraz kazetaritza libururik gai hauei buruz; iruditzen zitzaidan bazegoela aukera horri heldu eta saiakera periodistiko bat egitekoa.
«35 aditu eta aritu elkarrizketatu ditut libururako, eta oso eskuzabalak izan dira, oso eskertuta nago».
Liburua plazaratu aurretik ere, Berria egunkarian zeu zaitugu kazetari erreferentea euskal ikus-entzunezkoei buruzko gaietan.
Hogeitabost urteko eskarmentua dut kazetaritzan, Euskaldunon Egunkarian lehen eta Berrian orain, eta prozesu luze batek ekarri nau hona. Aurretik Oarso telebistan ere lan egindakoa nintzen, eta banuen zaletasuna, zinema, telebista… ikus-entzunezkoena. Egia da azken urteetan asko idatzi dudala gai horiei buruz, eta Berriako irakurle askok lotzen nauela bereziki gai hauekin. Eroso sentitzen naiz ikus-entzunezko gaiak lantzen, eta egina dudan ezagutzarekin batera, egindako harremanak azpimarratuko nituzke, informazio iturriak. Lan hau osatzeko 35 elkarrizketa egin ditut, eta horietako asko lehenago ezagutu edo elkarrizketatutakoak nituen. Eta jakina, liburua idazteko orduan, horrek asko lagundu dit erraz iristen haiengana.
Ez duzu lan makala hartu, 35 lagun elkarrizketatzekoa. Zuk nahi zenituen ahots guztiak batu dituzu liburura, denek hartu dizute telefonoa?
Nik gidoi bat egin nuen jorratu nahi nituen gaiekin, eta horiei heltzeko elkarrizketatu interesgarrienak, adituenak eta arituenak izan zitezkeenak zerrendatu nituen. Kanpoan jende interesgarri asko gelditu da, baina hautatutakoekin kazetaritza ahalegin zintzo bat egiten saiatu naiz, batez ere kontutan hartuta atzera begirako lerro bat bai, baina aurrera begirakoa ere izan behar zuela, eta ETB-k norantz jo behar duen horretan ere elkarrizketatu interesgarriak behar nituela. Hau da, ezin zirela bakarrik garai bateko edo belaunaldi batekoak eta 70 urtetik gorakoak izan. Profesional gazteengana jotzea ere oso garrantzitsua zen.
«Liburuaren gai zentraletako bat, dudarik gabe argi eta garbi, Euskal Telebistaren hizkuntz politika da».
Eta erraza izan da, bai. Nahi izan dudan jendearengana iritsi naiz eta oso pozik nago elkarrizketatuek nirekin izan duten jarrerarekin eta eman didaten guztiarengatik. Oso eskuzabalak izan dira, eta oso eskertuta nago.
Ahots ugariko liburua da “Txoria hodei artean. ETB lehen eta gero”, baina bizitasun handikoa. Harritu egin gaitu erakutsi duzun sintesi gaitasunak.
Hori kazetaritza eskarmentuak ematen du. Formatu askotan aritu naiz eta nire lankideengandik asko ikasi dut. Elkarrizketa guztiak banaka egin ditut, eta gero elkarren artean josi. Argi dagoena da bakoitzak bere ikuspuntua duela, askotan ezberdina, eta guztiak jaso nahi nituela. Bikoizketari buruz, esate baterako, Bingen Zupiriak eta Bieuseko Xabier Alkizak duten ikuspuntua zuria eta beltza dira; nik galdetu eta esan didatena jaso dut, ahalik eta modu zintzoenean nire kontakizun edo puzzlea osatzeko. Eta ondo pasa dut bai elkarrizketak egiten bai liburua idazten. Ez dut karga bezala hartu, gozatu egin dut.
ZUZEUn ere Euskal Telebistari buruzko iritzi asko eta asko idatzi izan dira, euskarari dagokionean eta kezkaz, batez ere.
Gai zentraletako bat hori da liburuan, dudarik gabe, ETB-ren hizkuntz politika. Argi eta garbi jasotzen da Jaurlaritzan ETB sortu zutenean bi hizkuntzatan egin nahi zutela, guztiek zutela barneratuta euskaraz eta gaztelaniaz izango zela, elebiduna; ez gaitezen engaina eta har dezagun hori abiapuntutzat. Kontua da euskarazko telebistak zein eragin izan duen haurrengan, gazteengan eta helduengan garai batean, eta zein eragin duen gaur egun. Faktore ugari daude seguraski, eta ezin zaio eragina galdu izanaren erru guztia ETB-ko zuzendaritzari egotzi. Ez da gauza bera hiru telebista baino ez egotea, eta horietako bat euskaraz, ala berrehun telebista eta mila plataforma eta ETB1 euskarazko leiho bakarra, aurrekontu mugatukoa, inguruan milioietako fikzioak eta gazteei leiho guztietatik sartzen zaizkienak dauden bitartean. Faktore asko daude ikusteko zergatik euskarazko telebistak eta euskarazko edukiek ez duten gaur egun 80ko hamarkadako belaunaldi gazteengan zeukaten adinako inpaktua.
«EAJ-k aukeratzen du Euskal Telebistako zuzendari nagusia, eta alderdikoa izaten da beti».
Euskaldunotzat, beraz, erreferentzialtasuna galdu du Euskal Telebistak?
Bai. Izaskun Rekaldek, iaz hil zen Pantailak Euskaraz elkarteko bozeramaile eta libururako lehen elkarrizketatuetako batek, ETB-k euskara erdigunean izango zuen estrategia bat behar zuela zioen. Eta azken urteetan, mezu hori tarteka Eusko Jaurlaritzako agintari batzuek ere botatzen dute, interesatzen zaienean. Gero, ordea, errealitatea ez da hori, praktikan ez da gauzatzen. Horren adibide argia da zinema eskaintza, edo gehien promozionatze den saioa “El Conquis” izatea; horrelako promorik ez da euskarazko saioekin egiten. Kike Amonarrizek dio, liburuan, Euskal telebistan euskaraz egiten den ahalegina ETB2k neutralizatzen duela batzuetan. Antzera, Bea Narbaizak dio, jendea ETB2 ikusten dagoen bitartean ez dagoela ETB1 ikusten.
Etxean telebistaren “agintea” duenak hautatzen du katea. ETB-ren kontrolaz ere mintzo zara liburuan.
Saiatu naiz kazetaritza zintzoa egiten ETB-k egin duen bideaz, aitortuta lehenengo urteetan zein garrantzitsua izan zen euskararentzat eta euskaldunentzat. Baina gero, gizartearen garapenarekin izan diren aldaketa guztien ondoren, kinka batean gelditu da Euskal Telebista: “Txoria hodei artean”. Gauza asko egiten ditu ondo Euskal Telebistak, eta kalitatezko telebista egiten duen askori esker ona eta ahalegin hori aitortu behar zaio, baina gizartearen parte handi batean pertzepzioa dago telebistak ez diola erantzuten ez euskararen normalkuntzaren helburuei ez zerbitzu publiko bati behar den bezala, eta beste sektore handi batean pertzepzioa dago oso markatuta dagoela alderdi baten agintea. Hori ETB-ko langileek beraiek ere aitortu zuten inkesta bat egin zenean, %75ek adierazi zuen ildo informatiboa Jaurlaritzan agintean dagoen alderdiari lotuta dagoela.
Bukatzeko, liburuaren atal nagusi edo garrantzitsuenetako bat etorkizunera begirako proposamenek hartzen dute. Baduzu zerbait aurreratzerik?
Epilogoan bota ditut nire iritzi batzuk baina… aintzat hartu behar da talde publiko bat dela ETB, non zuzendari nagusia legebiltzarreko alderdi nagusiak aukeratu duen, eta alderdikoa izan den beti -2009tik 2013rako tartea kenduta, non Alderdi Sozialistak aukeratu eta alderdikoa beharrean kazetari bat aukeratu zuen, Alberto Surio; hori onartu beharra dago-. Gainontzean EAJ-k aukeratu izan du zuzendari nagusia eta honek markatu ditu talde publikoaren politika guztiak, editorialak eta bere ondorengo arduradunak, ETB-ren bidea, azken finean. Beste herrialde batzuetan, bitartean, ezberdinak dira gauzak, eta zuzendari nagusia lehiaketa publikoz aukeratzen da, adibidez, edo badago erakunde independente bat kontrolatzen duena hedabide publikoa. Gurean, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ez dago ikus-entzunezko kontseilurik eta ez dago kontrol sistemarik. Dagoena da administrazio kontseilu bat, agintean denari jarraitzen diona. Eta hedabidea alderdiaren mesedera dagoen bitartean, egin daitezkeen proposamen guztiak beti geldituko dira hankamotz. Oso zaila izango da etorkizunerako bide ona markatzea, ez baldin bada sistema hau modu batean edo bestean aldatzen.
Urtzi Urkizu Urtzi Urkizu Urtzi Urkizu Urtzi Urkizu Urtzi Urkizu
“Aldatu Gidoia” ekimenak:
“azken bi hilabeteetan, Berriako Urtzi Urkizu kazetariak neurtu duenez, 86 film eman ditu ETBk gaztelaniaz (gaztelaniara bikoiztuak), eta bat euskaraz”
https://www.berria.eus/iritzia/artikuluak/eusko-jaurlaritza-bikoizketa-eta-adimen-artifiziala_2121407_102.html