Urtea Bilboko manifa eta gero hasi da beti
Urtea Bilboko manifa eta gero hasi da beti –
Bilboko Arriaga antzokiaren ondoko Laboral Kutxa atarian, goizero dago eskale bat. Sarri pasatzen naiz bere ondotik, eta elkarri “egun on” esaten diogu, aspaldi ezagutzen dugu elkar-eta: Herrira mugimenduko egoitza alboan genuenean, orain 11-12 urte, bertan egoten zen ere, eta kartelak, kamisetak etab.ak bulegora igo behar genituenean, laguntzen gintuen zerbaiten truke (kafetxo bat, txanpon batzuk…). Orduz geroztik, bere aurretik pasatzerakoan, elkarri agurtzerakoan orduko garaiak etortzen zaizkit gogora. Berak han jarraitzen du, urteak igarota; guk ez, ordea.
Izan ere, urtarrileko manifestazioaren antolakuntzan ibilitakoak bagara. Eta bere lan-eskerga, intentsitatea, beharra, dimentsioa eta bateratze herritarrak oso esanguratsuak eta potenteak dira, zalantzarik gabe.
Ez nuke jakingo esaten gabonen testuinguruak euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzean duen zentralitatea noiztik dagoen gurean, baina hamarkada luzez presente egon dela ukaezina da. Eta Bilboko kaleetako mobilizazio erraldoiak horren guztiaren batura gisa -deitzaile, forma eta izaera ezberdinarekin- 25 urte beteko ditu jada, salbuespenak salbuespen. Tamalez, bere beharrak oraindik orain bizirik dirauelako, nagusiki.
Bere antolakuntzatik pasa garenok “aurten azkena izan dadila” pentsatu dugu inoiz. Bere aldarrikapena eta helburuak egikarituko direlakoan urte horretan. Baina beste bat antolatu behar izan da beste urte batez… aurten bezala. Urduritasuna, tentsioa, egin-beharrak, eguraldia, baimenak, komunikabideak, autobusak, boluntarioak, txandak, egitaraua, partaideak, senideak, aurten gainera derbya… ez da ez makala horrelako egitasmo batek eskatzen duen egin ahala. Animo horretan zabiltzatenoi. Eta eskerrik asko hor egoteagatik. Zuentzat, gu guztiontzat bezala, urtea urtarrileko manifestazioa eta gero hasiko delako; ez hilaren batean, gainerako mundu guztiarentzat bezala.
Mobilizazioaren beste alde batean egondakoak gara ere. Milaka euskal herritar bezala. “Ni han izan nintzen” Woodstock kuriosoa dugu euskaldunok… Aterki azpian ataskaturik. Euripean, sarri. Geldi. Mugitu ezinik. Eta pozik. Behar beste egoteko prest. Inoiz umeen karroarekin ere, negarrez “gurasoek nora ostia naramate” hitz egiten jakin ez, eta umeen hizkuntzan adieraziz; eta ez batekin, birekin ere. Eta zenbatek egin dugu hori? Eta zenbatetan egingo dugu? Eta zenbatek egin duzue? Eta zenbatetan egin diezue zeureei? Inork ez du egiten horrelakorik bere etxekoekin, egiteak merezi ez badu. Guraso izanda ulertzen den konstatazioa. Eta, klaro; maiz pasa izan den bezala, manifestazioa larunbatean… eta astelehenean eskolara, opor osteko lehen egunera. Errematatzeko, kar, kar.
Beste alde batean ere ukan gaituzte. Gehiegi, eta gehiegitan. Fisikoki egon gabe ere presente zaituztenetan. Zu, eta etxekoak. Oraindik dago gure etxeko egongelan eskegita bikoteak senideen ilara amaigabeetan zeraman Etxerat elkarteko zapi zuria. Noiz kentzeko zain. Azkena noiz etorriko zain.
Hurrengo eguneko telefono dei laburra, telebista espainiarretan irudiren bat botako dutenaren esperantzaz, gutaz, zuetaz, bereak eta bi esango badute ere. Zabalburu dorreko aire-argazkia buruan errepikatuz, Gara edo Berria noiz ekarriko diguten itxaroten, kopuruak, inpresioak, eta kronika irakurtzeko. Zenbat duen Tik tok-ek ikasteko komunikazioaz Entzutegi Nazional eta espetxe politikarengandik, ai ama…
Gatibutzan ere, urtarrileko manifestazioa eta gero abiatzen zen egutegiko gurutzeen marrazketa, aurreko egunak zigor kondenetan gehituko ez balira bezala.
Beste bat gehiago… edo beste bat gutxiago… egunak horrela zenbatzen dira espetxean. Beste bat betea, beste bat gutxiago ateratzeko.
Urtarrilaren 13an, Bilbon, horrela zenbatuko dut instante batez: urtarrileko manifa bat gehiago ala bat gutxiago?