Urte berrirako asmo zintzoa (edo, Galizian edo Euskal Herrian, nonahi egina delarik ere, zinez aspergarria da)
Eguberrietan, suerte txarra izaten ohi dut liburuekin, eta oporraldi labur horretarako liburu kaskarrak hautatzen ditut maiz. Bilbao – New York – Bilbao, edo Xake mate, konparaziorako, joan diren urteetako eguberrietan izan nituen irakurgai. Aurten, berriz, Made in Galiza irakurri dut (Sechu Sendek galegoz idatzia, Txerra Rodriguezek euskaratua eta Txalapartak argitaratua), eta ezin erran gustatu zaidanik. Liburuak arrakasta handia izan omen du Galizian, egiazko fenomeno sozial bihurtzeraino, nonbait. Tira, Twilight saga ere fenomeno sozial bilakatua dugu aspalditik, eta, gure artean, lip-dubek edo bertsolaritzak jende franko mugiarazten dute, baina niri ez didate zirrara berezirik sorrarazten.
Senderen liburuak galizieraren egoera du abiapuntu, eta, testu labur eta ustez zirikatzaileen bidez, galiziera ikasi eta galizieraz egiteko arrazoiak eskaini nahi izan dizkio irakurleari. Kontrazalean aitortzen den bezala, euskararen egoerarekin paralelismoa dagoelakoan ekarri dute testua gure hizkuntzara. Eta nik ere gure egoerarekin paralelismoa badelakoan egin dut iruzkin hau. Ipuin batzuk, halere, nahiko arrotz suertatzen dira euskal testuinguruan: lehenbizikoan (“Hitz egitea”), adibidez, solas egiten hastekotan dagoen nini baten gurasoak galizieraz egiten dute beren artean, baina umeari espainolez egiten diote (ezohiko samarra gure artean); eta “Nh positiboa” ipuinean, begiek ñir-ñir egiten zidatela, ñ berez letra espainola dela irakurri nuen.
Liburuan, erdarakaden inbasioa ikusiko dugu, hizkuntza galduak altxatzen dituen bulegoa, hitzak asmatzen dituen enpresa, eta bertze hainbat asmakizun, nahiko diskurtso ezagun eta, dena errateko, gogaikarri osatzen dutenak. Diskurtso hori melenga ez denean: galizierak, antza, ama lurrarekin mintzatzeko balio du; edo, egun batean, liburutegietan jendeari isiltzeko eskatzen zion gizonak urtean berak errandako hitzak zenbatu zituen, eta harritu zen haien artean “maitasun” hitza ez zegoelako (!!), eta abar. Herria hitza, jakina, hamaika bider agertuko zaigu orrialdeetan zehar.
Urtero, ikastolatik atera berri diren zenbait ikasleri azterketa egin behar izaten diot Hizkuntza Eskolan. Eta, maiz, diskurtso hau aditzea egokitzen zait: “Normalean ez dugu euskaraz egiten; badakigu egin beharko genukeela, bestela euskara galduko dela, baina ez dugu ohiturarik, eta guziok euskaraz jakin arren, normalean erdaraz egiten dugu”. Teoria badakite, beraz; erru sentimendua barnera dezaten lortu dugu; lortu ez duguna zera da, euskaraz egin dezaten. Made in Galiza-ko diskurtsoa ez dakit Galizian berria den; Euskal Herrian, nire ustez, ez. Zaharra ez ezik, zaharkitua ere bada. Euskarari buruz eta euskararen egoeraren gainean euskaraz egitea euskaraz egin behar dugula erakusteko baino ariketa aspergarriagorik ez da naski mundu honetan. Egia da euskaraz (edo galizieraz) bizitzeko hautua egiteko, nork halako narrazio txiki bat behar izaten duela (abertzaletasuna aipatuko dute batzuek; arbasoen hizkuntza zela, bertze zenbaitek; neska-lagunak ametsetan euskaraz egiten ziela, bertze batzuek), baina horrek ez du erran nahi narrazio pertsonal horiek egokiak direnik ez literatura egiteko (Made in Galizan bezala), ez ondokoa nazkatzeko (maiz euskaltegietan egiten dugun bezala).
Eta, gainera, hizkuntza gutxituaren aldeko diskurtso hori okerreko hartzaileei dago zuzendua. DVDetan pirateriaren kontrako iragarkiarekin gertatzen den bezala, absurdoa da behin eta berriz erratea euskara ikasi behar duela euskara ikasten ari denari edo ikasi duenari. Erran bezala, teoria badakite-eta. Euskara erabiltzeko giro egokia sortu behar dugu, eta hori kontu praktikoa, ez teorikoa. Giro hori lortu bitartean, Senchu Senderena bezalako liburu ustez zorrotzak alferrikako onanismoa dira, masturbazio hutsa. Geure buruari arrazoi dugula erakusteko tresna inozoak. Hori, fundamentalista jartzen ez badira: “Ni inoiz ez naiz izango yo”, dio egileak 123. orrialdean, eta zer nahi duzue erratea, euskaldun berri naizen honen niaren ondoan bizi den yoa urduri mugitu da nire baitan hori irakurritakoan.
Beraz, hona urte berrirako nire asmo zintzoa: euskaraz eginen dut euskara jendearekin, euskaraz biziko naiz, euskaraz idatziko dut, baina inori inon ez diot erranen euskara egin ezean gure herriaren arima arriskuan dagoela edo horren antzeko lelokeriarik. Kalaka horrek nazkatua bainauka. Eta, euskaraz egiteko motiboak bilatzen hastekotan, bila ditzagun berriak: aukeran, euskalcool bat nahiago, mila Made in Galiza baino.
“aukeran, euskalcool bat nahiago, mila Made in Galiza baino” komentarioak pentsatzera eraman gaitzake edozein euskalcool beti izango dela galiziar abertzale bat baino hobea. Hala da?
Dena den, artikulu honek eta bertan azaltzen diren kritikek (batzuekin ados egonda ere) “boomerang efektua” izan dezaketelakoan nago.
Ez, ez da hala, baina nire testua irakurrita hala dela pentsa liteke; mea culpa, beraz. Kontua ez zen Euskal Herria Galiziaren gainetik kokatzea, edo hemengo euskalcoola hango abertzalearen gainean paratzea; aipatu duzun komentario horretan, nire asmoa zen hizkuntza erabiltzera xaxatzen duten bi diskurtso edo bi argudio-sorta konparatzea, bata Made in Galizakoa, eta bertzea Beñat Sarasolak Euscool manifestuan proposatzen zuena. Azkena, bistan da, jostetari eta estetikari lotua dagoen heinean, gehiago gustatzen zait, lehendabizikoa baino. Nire kritika ez da galiziar abertzalearen kontra; alde batetik, ziur nago Galizian berean Senderen liburukoa baino proposamen interesgarriagoak badirela; eta, bertzetik, Made in Galiza Euskal Herrirako baliagarri gisa aurkeztu nahi den neurrian egin dut nik nire kritika.
“Boomerang efektua”rekin erran nahi baduzu neroni ere erortzen ahal naizela kritikatzen dudan diskurtsoan, bada, bai, segur aski arrazoi duzu, baina, tira, nire proposamenari tinko eusten saiatuko naiz.
euskalcool-en kontu horren harira. Ez dakit, baina gaurko Xabier Etxanizen BERRIAko zutabea irakurrita, aspaldi buruan nuena berritu zait: uste dut pixka bat nekagarria ere egiten dela X “sortzaile”, “euskalgile” edo nahi duzuen bezala deitu batzuen artean etengabe elkarri aipuak egiten ibiltzea. Guaien klub bat balitz bezala, eta irakurleok beren kontuak irakurtzen ibili behar bagenu bezala. Munduan bada gauza interresgari askorik, onanismo konpartitu horretan etengabe ibili behar gabe, eta besteak hori pairatzera behartu gabe (publikoari begirako hedabideetan argitaratzen dituzuenez).
Euskalcool diren kontsumitzaile gutxi lortuko duzue horrela. Inor mindu nahi ez duen iritzia da.
Bai, elkarren aipuak egiten ibiltzea alferrikako ariketa nekagarria izan daiteke. Nire defentsan, halere, bi gauza erranen ditut: batetik, uste dut kurtso honetan (2012ko irailetik hona, alegia) behin baizik ez dudala horrela jokatu nire zutabean (eta behin ez da beti, ezta etengabe ere); eta, bertzetik, iduritzen zait zilegi dela gustuko izandako artikulu, zutabe edo dena delako bati erreferentzia egitea. Made in Galizako nire kritikan, Sarasolaren testuari egin diot erreferentzia, ez ustezko guaien talde batekoak garelakoan, baizik eta bertan hark egiten duen gogoeta interesgarria delakoan komentatzen ari nintzen gairako. Beñaten artikulua Argian ez ezik, zenbait weborritan ere (Sustatun, Zuzeun) argitaratua izan zen, eta, hortaz, edozein irakurle informatuk jakiten ahal zuen zertaz ari nintzen.
Santi maittea, aspergarria zara gero. Egun batzuk daroazuz matraka bera emoten Made in Galiza liburua dala eta. Orokorrean kritika ederrak jaso ditu eta zu ordea, bakarrik gelditu zara zure kritika aspergarriekin, zertara dator hainbeste matraka emotea? agian jeloskor, Berrian idazten dituzunak ez dituztelako hainbeste arraskata izaten. Liburu salduenen artean daukagu Made in galiza, horrek zerbait esan nahi du ezta? ah!!! barkatu, zu ondo zabiz eta jende guztia orokorrean erratuta dago. Idazle askok zoragarria dela esan dute, eta irakurleen artean kritikak oso onak izan dira,baina zu ordea jakintsuena zara, “nia” apur bat handituta duzula uste dot. Kaskarra Made in galiza? kaskarra Bilbao-New york-Bilbao? Esan dezakezu zure gustukoak ez diral izan, baina kaskarrak direla gehiegi iruditzen zait .Aspertuta baldin bazagoz masturbatu zaitez, kirol ederra da.
Nik ez dut “Made in Galizia” delakoa irakurri eta ezin dut, beraz, horri buruzko iritzirik eman. Baina, uste dut nahiko kezkagarria dela eiderrek egiten duena, hots, kalitatea salmenten arabera neurtu. Horren arabera, munduko liburu onena Biblia da, eta Harry Potter eta Crepúsculo hobeak dira Conrad eta Kafka baino. Salmentak gauza askoren araberakoak dira, gehienbat marketin kanpainen araberakoak, eta oso arriskutsua (eta norberaren irizpide faltaren erakusgarri galanta) horiek erabiltzea gauzen kalitatea neurtzeko.
Nik mahai gainean daukat liburua, orain dela pare bat egun opari zidaten eta ez dut oraindik hasi. Irrikitan nago irakurtzeko, orokorrean lburuaren kritika onak irakurri ditut, baina Santirena irakurrita, oraindik ere gogo gehiago sartu zait liburua irakurtzeko eta aztertzeko. Badakit Galizian nolabaiteko arrakasta izan duela, ikus dezagun liburua gure errealitatera ekar daitekeen ala ez… Eiderren kritikak, bestalde, lekuz kanpo daudela iruditzen zaizkit. Lehenengo eta bat, salmenta kopurua ez zait kalitatea neurtzeko irizpiderik aproposena iruditzen, Iñakik ondo dion moduan, irizpidea zorrotz aplikatuta, El Codigo Da Vinci historiako top 10ean sartuko litzateke. Bestalde, Santik bere literatur kritika modu onean egin duelakoan nago, ez dut uste inor iraintzen ezta mintzen duenik ere. Beraz, Eider, nire ustez, idatzi orduko berbak neurtu beharko zenituzke… Beste barik, agur bero bat!
Liburua asko gustatu zitzaidan. Santiren kritikak ez ditut ongi ulertu; ipuin dibertigarriak iruditu zitzaizkidan eta bertan ez nuen inongo diskurtsorik somatu. Bere originaltasunagatik erabat gomendagarria.
Nik liburua berriki irakurri dut , eta interesgarria eta mamitsua iruditu zait. Beraz ez nago ados Santiren kritikarekin, errespetatu arren. Egia da galiziera eta euskararen egoera desberdinak direla, ez dut uste nik konparagarriak izan daitezkeenik (baita euskara eta katalanarena, edo euskara eta galesarena ere) , baina liburua -jatorriz- galizieraz idatzita dago, eta gero euskarara itzulia. Egilearen asmoa, beraz, ez da hizkuntzen arteko konparazioak edo estrapolazioak egitea. Gero, egia da, alde handia dagoela ipuin batzuen eta besteen artean: batzuen gogoeta oso mamitsua da, beste batzuen mezua ez da hain borobila, baina orokorrean liburuak soziolinguistikak aintzat hartzen dituen hainbat fenomeno era entretenigarrian eta metaforikoan biziki ongi nabarmentzen ditu