Urte barri barri, txarri belarri

Urte barri barri, txarri belarri – 

Urteberri eguna gaurkoa, urteko lehenengoa, eta beheko kantuak (Urte barri barri izenburukoa, Resurrección María Azkuek Gernika-Lumon jasoa), erakusten digunez, seigarrenari, Erregen Egunari, jada begira dagoena. Urte igarotzeak ez du berez kutsu erlijiosorik gaur egun jada. Euskal tradizioan, nonbait, geruza ezberdinek egiten zuten bat, geruza paganoak eta geruza kristauak.

Jose Migel Barandiaranek Olentzeroren mito-sinesmena jaso eta berreskuratu zigun eta horrela Gabon Gauean txertatu ahal izan genuen. Horri esker, berreskuratuko figura horren bitartekaritza sinbolikoa baliaturik, Gabon Gauaren misterioaren gaineko geure begirada hornitu eta aberastu ahal izan dugu; eta, gure arbasoen harako sinismen-humus hartan murgilduta, gau berezi hori eurek ikusi-sentitu zuten modu horretara hurreratu ahal izan gara, pixka batean bederen. Horrekin batera, adin batetik gorako euskaldunek umetan opariak Erregeen Egunean bestetan jasotzen ez bazituzten ere, egun, Olentzerok ere  opariak ekartzeko ohiturak indar handia hartu du gurean, denon baina bereziki geure umeen pozgarri.

Arraildurarik gabeko giro konposatu horren testigantza ezinago argia ematen digu aipatu kantu honek. Urte berria hartzen du abiagune eta segidan Hiru Erregen egunera jartzen gaitu begira. “Apalazio” hitzak, latineko “aparittio”-tik aspaldi zaharrean mailegutzan hartuta gure euskal tradizioan, argi uzten digu, Olentzeroarenganako gogo eta grina hor dagoelarik ere, tradizio zaharretik datorkigula Erregen ospakizuna.

“Apalazio” hitz zaharra ari zaigu zerbait esan nahian, hor ari zaigu aztarna-testigu, tradizio zahar baten testigantza luzatzen. Hor ari zaigu mintzoka, Erregeen ospakizuna, kristau jatorrikoa izategatik-edo, gure-gurea ez dela inoiz izan esan eta esan dabiltzan horiei kontra eginez. Hau edo beste sinetsi, edo ezertan ez sinetsi, hau edo beste ospatu edo ez, ez diezaiogun tradizioari ez dioena esanarazi.

“Urte barri barri
txarri belarri,
dekonak eztakonari
nik eztekot eta niri.
Apalazio zalduna
iru erregen eguna,
zotzak eta paluak
txori biorren kontuak.
Emongo bozu emoizu
baldin emongo badozu,
zuri begira gagozan arte
egiten yaku berandu.
Apalazio miri montaña
iru intxaurta lau gaztaiña.”

Urte barri barri, txarri belarri

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude