Urak mugitzen
Urak mugitzen –
Berriki aurkeztu dute Ehun izeneko mugimendu bat, Euskal Errepublika helburu duena eta 2020ko otsailaren 15ean euskal errepublikaren eguna ospatuko duena Euskal Herriko hainbat lekutan. Egun batzuk geroago, gazte mugimendu berri batek egin zuen agerraldia: Jargi.
Ez dira azken urteetan agertu diren ekimen bakarrak; bertze talde franko ere biltzen da ezker-eskuin, beren gogoetak egiteko edo proposamenak lantzeko. Talde bakoitzak bere irakurketa dauka, eta batzuk kontrajarriak izan litezke, baina horrek guztiak erakusten du, aski isilik eta diskrezioz bada ere, Euskal Herriko herritar batzuk gogoeta sakonetan ari direla eta bide berriak urratzeko proposamenak lantzen dituztela.
Euskal Herrian ez gaude ohituta horretara. 70eko hamarkada izan zen, beharbada, talde txiki anitz eta gogoeta ekoizpen handia izan zuen garaia.
Baina geroztik orkesta buru bat ikusi nahi izan dugu ekimen guztien gibelean. Alderdi edo mugimendu politiko nagusi baten ekimena ez bazen, talde batek nekez lortzen zuen oihartzuna. Eta zabaltzea lortzen bazuen, pentsatzen zen gibelean bazela alderdi politiko bat, edo alderdi batek hartu zuela haren kontrola. Alderdi politiko nagusiek finkatzen zuten norabidea, eta alderdi haien ildoen arabera mintzatzen ziren denak edo idazten ziren gogoetak. Ez ziren bereziki ongietorriak iritzi disidenteak.
Hori aldatzen ari da azken urteetan. Nahiz eta mugimendu politiko nagusiek oraindik ere mobilizazio gaitasun handia duten, alderdi eta mugimendu horiek ez dira gogoeta politikoaren labe bakarrak, ezta ere labe nagusiak. Herriaren mobilizazioa bera ere sekularizatu da. Azken hamarkadetako giristinoak ez dira igandero joaten mezara; Eguberri, Pazko eta Omiasaindu dira, gehienez, Elizara joateko egunak, eta noizbehinka ehorzketa bat. Gure herriko mobilizazio politikoa ere horrelatsukoa da orain: manifestazio handi pare bat urtean, hauteskundeak… Gainerakoan, militantziatik urrun.
Hauteskunde kanpainetan eta hauteskunde gauetan harrotzen badira ere, alderdi politikoak eta mugimendu sozial nagusiak krisian daude, Euskal Herritik kanpo bezala Euskal Herrian. Galdu dute lidergoa, galdu dute iniziatiba. Gehiago dirudite beren egiturei eta kargu politikoei eutsi nahi dietela. Lidergo galtze hori onuragarria izanen da herriarentzat. Orkesta buruak autoritatea galdu duenetik, gogoeta politiko askeak ari dira loratzen ezker-eskuin. Talde eta ekimen txiki franko ari da agertzen.
Norbaitek erran lezake kaotikoa dela, talde txiki gehiegi dagoela eta horrela ezin dela deus egin, denek batu behar genukeela … Hori dio, politika eta herriaren askatasunaren aldeko borroka modu ordenatuan eta zentralizatuan ikusi ditugulako beti. Orain, ordea, desordenaren eta deskoordinazioaren garaian gaude. Egungo mugimendu liderren norabide politiko faltak eragin du hori. Eta hobe da hori, herria guztiz lokartzea baino.
Jende anitz dago kezkatuta herriaren egoeraz, eta norabide politiko faltaz. Kezkatua den jende horietako anitz ari dira elkartzen, oraingoz modu isolatuan, eta elkarren berririk gabe.
Jende anitz dago kezkatuta herriaren egoeraz,
eta norabide politiko faltaz.
Kezkatua den jende horietako anitz
ari dira elkartzen,
oraingoz modu isolatuan,
eta elkarren berririk gabe.
Ur nahasiak dira orain. Ohituta geunden errekaren emariari segi joaten. Azken urteetan urak geldirik egon dira. Hasi dira urak mugitzen. Ez dakigu nora eramanen gaituzten, eta noiz abiatuko den berriz erreka lasterra. Arriskua ere badago: bakoitzak bere irakurketa eta apustu politikoak ditu, elkarren arteko desadostasunak ere azaleratzen dira, antagonismoak ere ikusi nahi izaten dira, batzuetan ez dauden lekuetan… Aukerak handiagoak dira: etorkizuneko mugimendu sozial handi batek haziak izan litezke, elkartzen jakinez gero.
Krisi garaietan esentziara itzuli behar da, oinarrira. “Euskal Herria sozialista, feminista eta euskalduna izango da edo ez da izango” ordez “Euskal Herria euskalduna izango da edo ez da izango” aldarrikatzen hasten bagara, zerbait egingo dugu, bestela ezertxo ere ez. Bakoitzak bere txiringitoa sortu eta Euskal Herriari adjetiboak gehitu eta gehitu, ez dugu ezer egingo. “Euskal Herria euskalduna izango da edo ez da izango”, eta beste guztia Euskal Herri independenteko parlamentuan erabakiko da.
euskaldun bat-equin ceharo bat nathor.
Era nik hau gehituko nuke: feminismoa Euskal Herrian edo euskaldun militantea izango da, edo ez da feminismo izango, baizik eta nazionalismo espainol-frantses inperialistaren beste eskumakila bat.
Ados zurekin Garret, baina nahiko nuke ikustea nola esplikatzen diezun hori Irantzu Varela bezalako feminista baskoei
Garrett, garbi dago zuk Euskal Herri independenteko parlamentuan ez duzula sinesten. Edo Euskal Herri independenteak ez du parlamenturik izan behar?