Urak eginen du bide, euskarak pantailetan bizi duen egoerari buruzko dokumentala, zine bileran estreinatuko da

Urak eginen du bide –

Gaurtik Urriaren 21era Lekeition (Bizkaia) ospatuko den Euskal Zine Bileran estrainatuko da URAK EGINEN DU BIDE dokumentala. Dokumentalak euskarak pantailetan bizi duen egoera, honek hizkuntzaren normalizazioan duen eragina, eta euskarak mundu digitalean aurrera egiteko dituen erronkak aztertzen ditu, hainbat aditu eta aurpegi ezaguni egindako elkarrizketen bidez.

Urak eginen du bide

Benito Ansola zinemazale eta zinegileak 1978an sorturiko Euskal Zine Bilera da Euskal Herrian ospatzen den euskarazko zinemaldirik zaharrena. 2024ko urriaren 16tik 21era ospatuko da Lekeition 47. edizioa. Euskal Zine Bilera funtsezkoa izan da euskarazko zinemagintzaren sorreran, garapenean, eta baita biziraupenean ere, eta bertan aurkeztu zituzten lehenengo proiektuak gaur egun nazioarteko aintzatespena duten hainbat euskal profesionalek (Asier Altuna, Telmo Esnal, Aitor Arregi, Jon Garaño, Lara Izagirre, Paul Urkijo…).

Pantailak Euskaraz ekimenaren ustez, Euskal Zine Bilerak euskarazko ikus-entzunezkoen alde egin duen eta egiten duen lan aparta kontuan izanik, testuinguru ezin hobea da “Urak Eginen du Bide” dokumentala aurkezteko. Dokumental honek euskarak pantailetan eta ikus-entzunezkoen munduan bizi duen egoera, honek euskararen normalizazio prozesuan duen eragina, eta gure hizkuntzak mundu digitalean aurrera egiteko dituen erronkak aztertzen ditu hainbat aditu eta aurpegi ezagunen elkarrizketa eta testigantzetatik abiatuz.

Dokumentalaren zuzendari, egile eta ekoizleak June Agirre Ansa (Donostia, 2002), Alex Altuna Tojal (Donostia, 2002), eta Oier Markotegi Zubillaga (Legazpi, 2002) zinemagile gazteak dira. Mondragon Unibertsitateko ikus-entzunezko gradu amaierako lana egiteko jarri ziren Pantailak Euskaraz elkartearekin harremanetan, gaiaren inguruko ikus-entzunezko bat egin asmoz. Mondragon Unibertsitatearen baliabideak erabiliz, Amaia Pavon HUEZIko irakasle eta ikertzailearen tutoretzapean, eta Pantailak Euskaraz elkartearen lankidetzaz burutu duten “Urak eginen du bide” dokumentala izan da emaitza. Gradu amaierako lanaren aurkezpen onenari saria jaso zuten ekainean unibertsitatean.

30 minutu irauten dituen dokumentalean euskalgintza, soziolingustika, eta ikus-entzunezkoetan adituak diren pertsonak elkarrizketatu dituzte egileek alde batetik, eta pantailen munduari lotuta dauden profesional ezagunen esperientziak bildu dituzte, bestetik. Hauek dira dokumentalean agertzen diren pertsonak:

 

*Itziar Ituño (aktorea)

*Antton Telleria (esatari, aurkezle, eta umoregilea)

*Sua Enparantza (aktorea)

*Maialen Arzallus (kazetari, aurkezle eta bertsolaria)

*Nerea Arriola (aktorea)

*Libe Mimenza (Euskal Hedabideen Behategiko zuzendari eta NOR taldeko ikertzailea)

*Urtzi Urkizu (Berriako kazetaria)

*Miren Manias (EHUko irakasle eta ikertzailea)

*Olatz Altuna (soziolinguista)

*Kike Amonarriz (Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari ohia, soziolinguista eta aurkezlea)

*Maialen Arteaga (Gazte Euskaltzaleen Sareko kidea)

*Idurre Eskisabel (Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia)

*Gari Goikoetxea (UEMAko euskara teknikaria)

*Alex Aginagalde (Pantailak Euskarazeko bozeramailea)

 

Dokumentalaren helburuak honakoak dira: azken hamarkadan euskarak pantailetan galdu duen lekuaz jabetzea, honek (beste hainbat faktorerekin batera) euskararen jabekuntzan eta erabileran izan duen eragin negatiboaren kontzientzia hartzea eta, azkenik, euskarak pantailetan zein kaleetan etorkizun osasuntsu bat izan dezan herritarrak, eragileak, zein erakundeak aktibatzea.

Izan ere, Pantailak Euskarazek uste du erakundeek bitarteko gehiago bideratu eta legezko egitura egokiak martxan jartzea, profesionalek zein sare sozialetako sortzaileek euskarazko eduki gehiago sortzea, eta herritarrek mota guztietako pantailetan euskarazko edukiak kontsumitzearen apustua egitea, funtsezkoak izango direla euskarak gaur egun bizi duen erronka nagusietako bat, pantailen eta digitalizazioaren erronka, gainditzeko.

Euskal Zine Bileran urriaren 18an 19:00etan izango den estreinaldiaren ostean, beste hainbat aurkezpen emanaldi antolatuko ditu Pantailak Euskarazek: azaroan Bilbon, abenduan Donostian eta Durangon, 2025eko urtarrilean Aretxabaletako HUEZINEMA jaialdian, eta ondorengo hilabeteetan, interesa duten herrietan proiekzio-solasaldiak eskainiko ditu.

Urak eginen du bide  Urak eginen du bide

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude