UPV/EHUko ikasleen datuak Microsoft O365en esku
UPV/EHUko ikasleen datuak Microsoft O365en esku –
2020 urtearen hasieran jakin izan genuen UPV/EHUko zuzendaritza taldeak irakasle-ikertzaile, administrazio eta zerbitzuetako pertsonala eta ikasleen posta elektronikoak Microsoft Office 365era migratu nahi zituela erabiltzaileei bestelako aukerarik eman gabe. LABeko sail sindikalak argi utzi zuen bere jarrera zenbait komunikatutan [1] [2].
Bestetik, proiektuak sortutako kezka dela eta, UPV/EHUko komunitateko hainbat pertsonek, LABek bultzatuta, EHU ez dago salgai! UPV/EHUn pribatizazioen kontrako plataforma [3] sortzea erabaki zuten. Kezka nagusiak: datu pertsonalak, proiektu eta ikerketen emaitzak enpresa pribatuen esku uztea, multinazional baten produktuekiko menpekotasuna, UPV/EHUren izaera publikoaren galera eta UPV/EHUren dirua azpikontratazioetan xahutzea. Urte horretan sinadura bilketa martxan jarri zen eta unibertsitateko langile, ikasle, sindikatu, eta norbanako zein elkarteen 700 atxikimendu baino gehiago jaso ziren. Jasotako sinadura guztiak eta plataformaren aldarrikapenak EHUko zuzendaritza taldeari helarazi zitzaizkion.
Urte bereko azaroan Errektore hauteskundeak izan ziren. Nekane Balluerkak kargua utzi eta Eva Ferreirak irabazi zituen errektore hauteskundeak, hautagai bakarra izanik. 2020ko azaroaren 3ko Klaustroan, Eva Ferreirak bere hautagaitza aurkeztu zuenean, bertan galdera zuzena egin genion [4]:
– “Zure hautagaitzak emango dio aukera pertsona bakoitzari bere posta elektronikoa Microsoft-era pasatzeko edo ez?”
Eva Ferreiraren erantzuna:
– “Ez dugu asmorik inor behartzeko Microsoft erabiltzera, beste aukera batzuk ere badaude.”
Orain dela gutxi jakin izan dugu 2022/23 ikasturteko matrikularekin batera ikasle guztiek O365 kontua derrigorrean izateko azken moldaketa teknikoak egiten ari direla, Eva Ferreirak Klaustroan agindutakoaren kontra. Errektorearen partetik zintzotasun eza egon dela uste dugu eta unibertsitateko komunitatearekin kontatu gabe hartutako erabaki larria dela deritzogu. Ikasleekin pauso kualitatibo hau egiten bada, ez da batere menturazkoa irakasle-ikertzaileon zein AZPren langileon posta elektronikoak migratzea hurrengo pausoa izango dela aurreikustea, gai batzuen kasuan zuzendaritza honen jarduteko modua ezagututa. Digitalizazio prozesua garrantzi handikoa da alde bakarrez diseinatzeko. Gogoratu behar diogu errektoreari bere programan defendatzen zuena: “Unibertsitate-komunitatearen erantzunkidetasuna, partaidetza eta inplikazioa erabakiak hartzean eta UPV/EHUren proiektuetan; bereziki, gazteenen artean”.
Asmo hau gauzatzekotan, orain arte unibertsitatean kudeatzen ziren funtsezko zerbitzuak (posta elektronikoa eta biltegiratzea) azpikontratatu egingo dira, gure datuak kanpoko enpresa baten esku utziz. Horrekin batera Microsoft-ekin izango dugun dependentzia teknologikoa ikaragarria izango da eta atzera buelta ia ezinezkoa bilakatuko da. Erabaki horrek baldintzatuko luke EHUren etorkizuna IKTei dagokienez.
LABen apustua argia da: ez gaude ados inongo pribatizazioarekin eta irmoki sinisten dugu EHU osatzen dugun pertsonen datuen pribatutasuna bermatu behar dela. Gaur egun datuak dira enpresa teknologikoen merkantzia baliotsua. Bestalde, enpresa baten tresna teknologikoak erabiltzera behartzeak ondorio zuzena dauka: erabiltzaileak teknologia baten mendeko bilakatzea, alegia. LABek bultzatzen duen IKT eredua, burujabetza teknologikoaren bidean, zerbitzu publikoen indartzean eta software librearen erabilera zabalean oinarritzen da. Horregatik guztiagatik, errektoretza taldeari argi eta garbi eskatzen diogu: O365 proiektua alde batera utz dezala eta hausnarketa prozesu bat martxan jar dezala unibertsitateko komunitatea osatzen dugun kideen artean etorkizuneko erronkei aurre egiteko norabidea denon artean zehazteko.
UPV/EHUko ikasleen datuak Microsoft O365en esku