UPN eta PSNren galderarik gabeko prentsaurrekoa

Noticias de NavarraAtzo goizean,UPN eta PSNk prentsaurrekoa deitu zuten Gobernuarekin duten koalizio paktuaren iraunaldia berresteko. Alderdi politikoek deitzen dituzten prentsaurreko horietako bat gehiago zirudien, baina ez. Amaieran, ez zuten kazetarien galderarik onartu. Barcina eta Jiménezek testua irakurri besterik ez zuten egin. Horretarako prentsaurrekoa deitu?

Harluxet hiztegi entziklopedikoak hala definitzen du prentsaurrekoa:

prentsaurreko
iz. Pertsona batek edo gehiagok hainbat kazetarirekin izaten duen solasaldia, hauen galderei erantzuteko edo gai jakin bati buruz berriak emateko.

Kazetariak gela batean biltzea minutu eskasean testu baten irakurketa egiteko, adar-jotze eta denbora-galtze galanta da. Alde batetik, hedabideen baliabideak alferrik xahutzen direlako eta, bestetik, profesionaltasunaren aurka doalako. Prentsaurrekoak norabide bakarreko komunikazio bihurtzen dira, non erakundearen bozeramaileak kazetariak zer jaso behar duen botatzen duen. Hori ez da demokrazia, jaun andreok.

Beraz, zergatik ez dute prentsa-oharra zuzenean erredakzioetara bidaltzen? Zergatik mozorrotu gauzak?

UPN eta PSNren jarrera horren aurrean, Noticias de Navarra egunkariak gertakariaren berri ez ematea erabaki du. Txalotzeko jokabidea. Beste hedabide batzuk, Diario de Navarra egunkaria edota Europa Press agentziak, albistea argitaratu dute.

Barcina eta Jimenezena ez da lehena izan –tamalez, ezta azkena izango ere–, Rubalcabak ez zuen kazetarien galderarik onartu ETAren su-etena aditzera eman ostean, eta PP joera honen zale egin da azken aldian. Twitterren, egunero salatzen dituzte halako jarrerak #sinpreguntasnocobertura etiketarekin. Sarea ez dago isilik.

Galderarik gabeko prentsaurrekoak demokrazia ahultzen ari den seinale dira. Zer espero dugu bihar?

15 pentsamendu “UPN eta PSNren galderarik gabeko prentsaurrekoa”-ri buruz

  • Gari Garaialde 2011-09-24 12:34

    Albistariaren jarrera eso egokia iruditzen zait. Ea beste batzuek ere hasten diran

  • Kazetaria alderdien interes propagandistikoaren bitarketari huts dela uste dute. Txalotzekoa Noticias-en jarrera, ea zabaltzen den.

  • Hedabide eta kazetari guztiek gauza bera egingo balute, akabo politikarien azpikeriak. Ez al dira ohartzen gu gabe ez direla ezer?

  • Eta, alderantziz? Kazetariak zer lirateke haiek gabe? Elkar menpekotasuna…

  • Aitor Furundarena Usabiaga 2011-09-24 20:51

    Niri ere jarrera egokia iruditzen zait Noticias-ekoena, baina Noemi, “zuek” gabe ez direla ezer esatea…inondik ere ez. Agian behar luketenetik gerturago egongo lirateke, alegia, euren alorreko kudeaketa aurrera eramateko arduradunak (oso motzean esateko). Horretarako, ez dut uste “zuen” beharra dutenik.

  • Gari Garaialde 2011-09-24 21:30

    Fin josten hasiz gero, nik Iñakirena matizatuko dut. Kazetariek politikarien beharrik ez dutela sinetsita nago. Agian (kazetariek) behar luketenetik gertuago egongo lirateke, alegia, euren alorreko zeregina(informatzea)aurrera eramateko arduratuak (oso motzean esateko). Horretarako ez dut uste “haien” beharra dutenik.
    Aitor, hire hitzek Copyrigthik eziteken, ez? 😉

  • Aitor Furundarena Usabiaga 2011-09-24 23:09

    Horixe bakarrik behar genikek! Ez horixe, eta bidebatez hik idatzitakoarekin ere guztiz ados.

  • Diodana da eguneroko kazetari lanak politikarien (eta beste guztien) prentsaurrekoak lehengai ia ezinbesteko dituela,. Kazetariaren lehengaia informazioa da, eta politikarien hitz aspertu eta kalakak orriak betetzen dituzte egunero. Lehengai hori falta denean, komeriak izaten dira erredakzioetan.Hortik aurrera egia da “haien” faltan informazio landuagoa argitaratuko dutela agian.

  • Gari Garaialde 2011-09-26 12:54

    Prentsaurrekoetan galderarik onartzen ez duten elkarte edo taldeak kritikatzea ondo da, baina zer gertatzen da prentsaurrekoetan galderarik egiten ez duten kazetariekin?
    Makina bat prentsaurrekotan egotea tokatzen zait, eta horietatik hamaika dira inork galderarik egiten ez duela, edo egitekotan betikoak egiten du, beste guziak mutu gratzen dira, joan ez balira bezala.
    Ohitura bihurtu da/dute prentsaurrekora joan, prentsa horria eskuratu, apunteak hartzeko itxurak egin, erredakziora itzuli eta “copy-paste” bat egitea; Behin eta berriz, eguna joan eta eguna etorri. Hori bai, baten batek galdera egin nahi eta erantzungo ez dutela esatean denak aserratzen dira (agian batzuek besteen galderez baliatu nahiko zuten).
    Galderak egiteko aukera izan ala ez, prentsaurreko bat, prentsa agiria irakurtzeko tokia bihurtu da, eta hori kazetaria azaltzen bada, hamaika aldiz suertatu bait zait kazetaria joan ez eta nik argazkiak atera behar izatea.
    Kazetaririk azaldu ez eta bi edo hiru argazkilari joatea ere ikusita nago, eta ez behin.
    Prentsaurrekoetan argazkilariak dugun funtzioaz hobeto ezer ere ez komentatzea, sutu egiten naiz eta.

  • Arrazoi osoa Gari.Dena den, kuriositatea piztu dit zure azken esaldiak: prentsaurrekoetan argazkilariaren funtzioa zein da ba eta zein izan behar luke? Eduki ur baldea ondoan sutzen bazara itzaltzeko. 😉

  • Gari Garaialde 2011-09-26 15:13

    Aupa Iñaki.
    Hemen erantzuteko luze geratuko zait, ea Blogean sarretxo bat egiteko erabiltzen dudan (aspaldian hilda edo, daukat eta).

  • Fenomeno, oso gustora irakurriko dut. Bide batez, gomendioa kazetaritzaren bilakaera/krisi dena delakoari buruzkoa, Iñaki Gabilondoren “El fin de una época”.

  • Gari Garaialde 2011-09-26 17:43

    Ez daitezela aserretu Elhuyarkoak, baina hemen bertan idatzitako sarreran paratutako argazkiak, nik esan nahi nituenak klarki azaltzen ditu: Zein da prentsaurreko batek eman dezakeen informazio bisuala?
    Zakurraren putza!

  • Abertzaleen hautagaitzaren gaurko aurkezpenean ez dute galderarik onartu.

  • Xabier Eskisabel 2011-10-05 00:50

    OI-k diona baieztatzeko tuit hau baino ez dut aurkitu: http://twitter.com/#!/amaiachico/status/118648392044912640