Unga-ungari stop!

Unga-ungari stop! –


Unga-ungari stop!Igande iluntzea da, auzoko litxarreria dendan nago ogitara etorrita, bidaia batetik bueltan natorrelako. Denda barruan neskatxo talde bat saltzaileari kontatzen dabil mutil batzuk segika dituztela. Nesketako bat negarrez dago. Dendatik irtendakoan neskak atean aurkitu ditut, eta zotinka segitzen du neskatilak. Hurreratu eta ea zer gertatu zaien galdetu diet. Umeak dira, oraindik aurrenerabezarora ailegatu bakoak. Esan didate mutil kuadrilla nahiko handia atzetik eduki dutela, bultzaka, irainka. Malkotan dagoen neska lurrera bota dute, eta min hartu du, gainera. Galderak egin dizkiet, eta mutil batzuk ezagunak direla esan didate. «Ezagutzen diegu biri» (sic).

Aurre egiteko aholkatu diet, ez gelditzeko isilik, eta berriro bultzaka hasten bazaizkie nagusi bati esateko. Ez hurbiltzeko, baina aurre egiteko. Ostantzean, euren bizitza osoan hala izango dela. Bullying-aren antzeko zerbait dela gertatu zaiena, jazarpena dela, eta ez dutela onartu behar. 11 urte baino ez dute, ume inozenteak dira itxuraz eta jarreraz.

Animoak eman eta agurtu ditut, euren eskerren artean. Kale kantoian buelta emanda, hara non aurkitzen dudan mutiko taldea orro baten. Horiek ere ume, baina paparra puztuta harro, denok entzuteko moduan, unga-ungaka. Nire barruko atso zahar kontu-hartzaile errietagilea piztu da. Gerturatu egin natzaie, eta esan diet ea zer egin dieten neskatxei, ezin direla neskatilak horrela tratatu… Eta bullying-arena-eta aitatu. Batzuek ez zekitela euskara (gezurra), besteek «ni ez naiz izan», eta gehiengoak antxintxika eta oihuka ospa egin du. «Ni ez naiz izan»-darrek ez dute korrika egin, besteen errua azpimarratu dute, horregatik adierazi diet, nahiz eta ezer ez egin, eurek direla babesle. «Bale, bale» bota, eta joan egin dira.

Inork ez die esaten neskatikoei jarki ahal zaizkiela erasotzaileei, ez ditugu horretan trebatzen, eta liskarzaletxo, matoitxo, horien jopuntuan egongo dira beti, bazka erraza direlako.

Ez naiz pailazozalea, eta agian horregatik ez diot jarraitzen «sentitu, pentsatu, ekin» leloari. Ondorioa izango da egunen baten zaplasteko bat jasoko dudala, baina egoera batzuen aurrean ezin naiz isilik geratu. Guri txikitan agiraka egiten ziguten atso zahar madarikatuek, korrientea zen. Orain inork ez die ezer aurpegiratzen.

Etxerako bidean hausnartzen ibili nintzen ondo egin nuen ala ez. Bigarren pausoa a posteriori egitea ez da oso inteligentea, badakit. Hala ere, uste dut egin beharrekoa zela, ezin delako onartu behin eta berriro rol horiek betikotzea. Neskak negarrez, kexaka, biktima. Mutilak, harro, zarataka, jazartzen. Txikitatik. Gu umeak ginenean bezala. Ia mende erdi pasatu da eta ez dugu aurrera egin horretan. Inork ez die esaten neskatikoei jarki ahal zaizkiela erasotzaileei, ez ditugu horretan trebatzen, eta liskarzaletxo, matoitxo, horien jopuntuan egongo dira beti, bazka erraza direlako.

Gu egon gara litxarreria dendaren aurrean negarrez mutil talde batek irainak egin dizkigulako, harriak eta ur-globoak bota, karkaxak jaurti… Besteak orroka unga-unga, harrosko, barrezka, sekulako balentriak egin balituzte moduan. Gu txiki, gure baitara bilduak, eurak zabal, nasai eta lasai. Gainera, entzun behar euren gustukoak ginelako egiten zigutela hori guztiori!

Bada sasoia katea eteteko, neskatilei irakasteko ezin dela horrelako ezer onartu, eurek indarra ere badutela aurre egiteko erasoei. Bada ordua mutikoei erakusteko ezin direla erasotzaileak izan, ezin dutela inor jasarri. Unga-ungari stop!

Unga-ungari stop!

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude