Unai Rementeria, enpresarien adiskide mina
Unai Rementeria, enpresarien adiskide mina
Mikel Noval (@mikelnoval) ELAko azterketa bulegoko arduradunaren artikulu interesgarri hau dakart hona. EAJk jarraitzen du matraka berberarekin, Bizkaiko Ahaldun Nagusi den Unai Rementeriaren ahotan oraingoan. Inpresioa dut eztabaida gai horretan zentratzea erabaki dutela ez dutelako gertatzen ari denari buruz hitz egitea nahi (lan erreformak eta langabeziak jendearen lan eta bizi baldintzetan duen eragin gordinaz hain zuzen: pobrezia, prekarietatea, subkontratazioa, lan istripuak, estresa…).
Unai Rementeria Bizkaiko Diputatu Nagusia CEBEK Bizkaiko ugazaba elkarteak antolatutako ekitaldi batean ELAri buruz honela mintzatu da: “Bere arduradun nagusia entzuten dudan aldioro, gobernu neoliberalez, gizarte-babesaz, fiskalitateaz, autodeterminazioaz, baita Abiadura Handiko Trenaz ere -eta ez prezeski honen alde- neure buruari galdetzen diot ez ote lukeen alderdi politiko bat antolatu eta hauteskundeetan parte hartu beharko”.
Esaldi honek makina bat gogoeta eragin dezake, baina bi aipatuko ditugu. Lehena: Rementeria jaunak gaioi buruzko solasa entzuten duenean zergatik ez ote dio patronalari gauza bera eskatzen, hots, alderdi politiko bat sor dezala? Bigarrena: zer dela eta goraipatzen du patronala, kontrako iritzia emateko bada ere ELAk aipatzen dituen gai berberak erabiltzen dituelarik?
Erantzuna argia da: Rementeria jauna sumindu egiten da herri honetako sindikatu nagusiak esaten eta egiten duena ikusita. Alderantziz, baina, maite du patronalaren diskurtsoa eta jarduna. Hau normala izan daiteke. Haatik, ez da hain normala argudio eta politikak eztabaidatu ordez oso demokratikoa ez den jarrera hartu eta gaiari amaiera eman nahi izatea. Zer da ELA horretaz iritzia emateko? Bada, besterik gabe gizarte-eredu jakin baten alde dagoen sindikatu bat, eta horrenbestez enplegua, gizarte-politika, fiskalitatea eta beste hainbat gai juzkatu nahi duen erakundea.
Bizkaiko Diputatu Nagusia ernegatuta dago politika batzuk neoliberalak edo Thatcherren eskolakoak direla esaten dugulako. Zoritxarrez, ez du ispiluan bere isla ikusi nahi. Har ditzagun, beraz, bi gai: fiskalitatea eta Bizkaiko zahar-etxeen gatazka.
Fiskalitateari dagokionez, Rementeria jaunak ondo asko daki euskal ogasunak Ekonomi Itunaz baliatu direla errenta altuei eta kapitalari pribilegiozko tratua emateko (berak horixe esan zuen Madrilen emandako hitzaldi batean). Badaki ere bere Aldundiak iruzur fiskalari ez diola modu egokian aurre egiten. Erreparatu, bestela, erakunde honek (Araba eta Gipuzkoako aldundiekin batera) zer nolako erantzuna eman zion EHUk egindako txosten bati; beronetan esaten da iruzur fiskala medio EAEn urtean 3.200 milioi euro ez direla ordaintzen, eta azken urteetan arazoa areagotu egin dela. Zer esan zuten Aldundiek? Dena ondo egiten dutela, eta ez zeukatela aldatzeko asmorik.
Foru Aldundiek ezartzen duten zerga-politikaren ondorioz, presio fiskala EAEn Europako batez besteko maila baino askoz apalagoa da. Zehazki, urtean ia 6.000 milioi euro gutxiago biltzen dira, hots, ia ia Eusko Jaurlaritzak osasungintzara eta hezkuntzara bideratzen duen kopurua.
Gainera, Rementeriak berak bazuen ugazaben belarriak gozatzeko beste albiste bat: Zehaztasun handirik gabeko funts batzutan dirua jartzen zutenentzat -2.000 eurotik gora- zerga-arintze gehiago izango zirela agindu zuen. Noski, ondare handiena dutenentzat kenkariak eskuzabalagoak izango dira. Hori bai dela politika berria: kapitalari aringarri fiskalak eskaintzea. Ez dakit zergatik haserretzen diren zerga-politika hori neoliberala dela esaten denean.
.
Zahar-etxeak. Margaret Thatcher ezaguna da arlo soziala erabat argaldu zuelako, eta mugimendu sindikalari zein greba eskubideari eraso egin ziolako. Bizkaiko egoitzen gatazkan Rementeria jaunak denetarik egin du greba eskubidea urratzeko: harro agertu da Eusko Jaurlaritzari gutxieneko zerbitzu gehiago eskatu dizkiolako (baita Lakuak eman ere, zenbait kasutan %100erainokoak). Ausardiaz esan du “adinekoen duintasuna edozein greba eskubideren gainetik dago”, eta Aldundiko ikuskaritza zerbitzua erabiliko zuela “pertsonen duintasuna eta hauen jarduera mantendu eta bermatzeko”, hau da, grebaren aurka jotzeko.
Duela egun batzuk egoitza batean gertatutakoak ondo agertzen du auzia: Greba beteko gau batez Aldundiko ikuskaritza heldu zen zahar-etxe batera. Bi langile ari ziren 130 egoiliar zaintzen. Ikuskaria oso serio jarri zen, eta hori “onartezina” zela esan zuen. Langileek erantzun zioten, ordea: “zerbitzu hau %100ekoa da, ohikoa”. Ikuskaritzaren txostenak aipatuko ote du halako ratioak onartezinak direla? Ziurrenik ez. Diputatu Nagusiaren iritziz adineko jendearen duintasuna soilik urratzen da greba dagoenean, ez Aldundia eta enpresak ados jartzen direnean langile kopurua urriegia izan dadin. Beraz, greba eskubidea urratzen da eta adinekoen arreta izatez eskasegia da. Zer esan liteke horri eransten badiogu bere buruaz baliatzeko gai ez den jende ugari zerbitzurik izateko aukerarik dagoela? Ez al da hau Thatcherren eskuliburua?
Azkenik, Bizkaiko Diputatu Nagusiak ez deritzo ondo kritikak “beti hedabideetan egitea, eta ez mahai batean”. Rementeriak badaki hori ez dela egia. Kontrara, Bizkaiko Aldundiak ez dio parte hartzeari aukerarik ematen hainbat gaitan, esaterako zerga-politikan. Egia da ere foru hauteskundeen aurretik ELAk alderdi politikoei proposamen sorta bat bidali ziela, bilera eskatuaz, eta orduan EAJk eta Rementeriak ez zutela hitzordurik eman nahi izan. Bestalde, ELAk ez dio Bizkaiko Aldundiari batzarrik ukatu. Areago, bere alderdiarekin mahaietan harremana dugunean ELAk bere posizioak argudioak emanez azaldu izan ditu, eta horrela egingo du etorkizunean ere. Beraz, Rementeria jauna, nahi duzunean mahai baten inguruan eseri gaitezke. Bada, ordea, aurrez onartu beharreko abiapuntu bat: ELAk artikulu honen hasieran aipatutako gai arriskutsu horietaz hitz egiteko eskubidea duela.
Bizkaiko jaun… txoa.
Bikain Unai. Argigarria artikulua.
Gizon honek zer uste dau ba? Kritikaezinak dirala? Xutek esan dauana. Jauntxo totalak dire!