Ultraeskuindarrei gauzak errazten?

Ultraeskuindarrei gauzak errazten? –

Elixabete Garmendia Lasa BERRIAn.


Aspaldi hasi ziren iragarkia ETB2n ematen; bi hilabetera joango da. Shen Yun izeneko ikuskizun txinatarra anuntziatzen zuen, dantzari akrobatikoz eta orkestraz osatua. Donostian eta Bilbon, urtarrilaren 29tik otsailaren 2ra; Logroñon eta Sevillan, martxoaren 3tik 9ra. Hasieratik gertatu zitzaizkidan irudiak kitsch eta zaharrunoak: dantzarien jantzietan arrosa eta urdin argia nagusi, garai bateko Walt Disney konpainiako Edurnezuriren antzera; atzean, diz-diz egiten zuten paisaia artifizialak; iragarkiari ahotsa jartzen zion gizonezkoaren estiloa erabat hanpatua, demodé guztiz. Halako batean konturatu nintzen, besteak beste, hau ere esaten zuela: «China antes del comunismo». Laster hasi zitzaidan iragarkia ordenagailuan agertzen; hurrena, buzoian jaso nuen triptikoa. Horietan ere, lehen lerroan, izenburu berbera: «Txina komunismoaren aurretik» (gaztelaniaz, jakina).

Ultraeskuindarrei gauzak errazten?

Googlen apur bat arakatu, eta Shen Yun zer den jakin dut. New Yorken dauka egoitza 2006an sortutako konpainiak. Gaur egun, zortzi talde eta 500 artista omen dira guztira. Buruzagia Li Hongzhi izeneko gizona du, Falun Gong «praktika espirituala» sortu zuena; Falun Gong eboluzioaren, ateismoaren eta homosexualitatearen kontrako sekta da. Li Hongzhik bere dotrina «mendebaldarren artean zabaltzeko» sortu ei zuen Shen Yun; bere hitzetan, «ikuskizunak publikoa salbatzea du helburu». Dena osatzeko, The Epoch Times argitalpen eleaniztun ultraeskuindarrari lotuta omen dago Li Hongzhi.

Emanaldi bakarra egin du Shen Yunek Bilboko Euskalduna auditoriumean, joan den igandean; egun batzuk lehenagotik agortuta zeuden sarrerak. Eta haien salneurria? Euskaldunaren aste hauetako programazioan ageri diren garestienak: 76 eurotik 140ra.

Donostiako Kursaalen, gaur izango du Shen Yunek hirugarren eta azken emanaldia. Kursaalaren webguneko propaganda: «Shen Yunek, bere ikuspegi artistiko eta politikoarekin, antzerki-esperientzia bidaia multidimentsional eta inspiratzaile bihurtzen du gizateriaren altxor handienetako baten bidez: Txinako kultura tradizionaleko bost milurtekoak». Hara! Kursaala Shen Yunen ikuspegi politikoari haize ematen? Kursaalaren webguneak informazio gehiago ere badakar: Shen Yun ikuskizunaren eragiletza Asociación Puro Arte Humano delakoak darama. Horren orrian sartu, eta ia konturatu gabe bideratzen zaitu The Epoch Times aldizkariaren gaztelaniazko bertsiora. Argitalpenaren joera frogatzeko, lagin gisa, albisteetako baten izenburua: «Brasil diktadura sozialista ari da bihurtzen». Garbi dago Bolsonaro dela haien kuttuna.

Izar askoko aterpeak dira kulturaren eta bereziki ikuskizunen arloetan, Euskalduna jauregia Bilbon eta Kursaala Donostian. Prestigiozko tokiak dira, maila gorenekoak. Eta ez da ahaztu behar diru publikoarekin eraikitakoak direla bata zein bestea. Beraz, kudeaketa ezin da izan txiringito pribatuen gisakoa. Horiek horrela, Kursaaleko eta Euskaldunako arduradunek ez al zekiten zer kuxidade zegoen Shen Yunen atzean? Ala jakinaren gainean, ez ikusiarena eginez, ireki dizkiete ateak? Ze irizpide erabiltzen dituzte antzoki batean zein bestean programazioa erabakitzeko orduan? Irabaziei bakarrik begiratzen diete, kosta ahala kosta?

Komunismoa —komunismo ofiziala— ez dago, ez, bere garairik onenean. Txina, Laos, Ipar Korea, Vietnam, Kuba… oraindik beren buruak komunistatzat aldarrikatzen dituzten herrialdeak ez dira inolaz ere eredugarriak sistema politikoaren aldetik. Baina sistema horren alternatiba gisa paradigma ultraeskuindarra hauspotzen dutenekin, nora goaz?

Shen Yuneko artisten jantzi zerutarretatik libratuko ahal gaitu zoriak. Hau da, hurrengoan aztiago eta zentzudunago jokatuko ahal dute Euskaldunako eta Kursaaleko programatzaileek. Bide batez, Euskal Telebistan ez al zitzaion inori susmagarria gertatu Shen Yunen iragarkia?

Ultraeskuindarrei gauzak errazten? Ultraeskuindarrei gauzak errazten?

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

10 pentsamendu “Ultraeskuindarrei gauzak errazten?”-ri buruz

  • Amonamantangorri 2023-02-07 13:36

    Euskalduna auditoriumean sarrerak agortu… Bertara joandako batek esan beharko liguke benetan zenbat ikusle zeuden. “Sarrerak agortuta” da liburuen “berrogeita hamargarren edizioa” bezala, publikoa erakartzeko amu bat.

    Sekta baten abantaila da langileak kasik musutruk dauzkala eta milioiak palaka sar ditzakeela marketingean.

    EiTBko magazine txupiguai horietako batean, edo “Akelarre” gau-programa berrian, ez al dute gaia landu nahi? “Sekta txinatar arriskutsu bat Euskal Herrian”.

  • “”Sekta baten abantaila da langileak kasik musutruk dauzkala eta milioiak palaka sar ditzakeela marketingean”” irakurri eta Ezker Abertzaleaz eta antzekoez oroitu naiz nahi gabe: debalde egin diren milaka lan orduak (txandak, turnoak); pankarten, kartelen eta espraien bidezko marketingean xahuturiko milioiak…

  • Amonamantangorri 2023-02-07 16:05

    Hara, “Txina Komunismo aurretik” azpitititulua daukan ikuskizun bati ateak zabaldu dizkiote euzko erakunde publiko eta publiko-pribatuek. Ziurrasko, diru kopuru absurdo bat tartean delarik. Youtuben ere ezin ibili iragarkia madarikatua entzun-ikusi gabe.

    Bizpahiru bilaketa eginda, badakigu Falun Gong izeneko erlijioaren berri. Txinako gobernuak hasiera batean toleratu baina ondoren (irizpide zilegi eta inteligenteei segiz) erreprimitu duen sekta suntsitzailea.

    Beraz, orain tokatzen da beste aldera begiratzea, ezjakinaren itxurak egitea edota konparazio ergelekin hastea, nola, esaterako, oraingoan “Egurra” ezizena erabili duen pertsonak egin baitu.

  • Amonamantangorriren ikuspegitik Falun Gong “sekta suntsitzailea” omen da. Horrelako hitzen aurrean, edonork irudika lezake biolentzia mugagabea darabilen talde fanatiko bat, zer dakit nik, Khemer gorriak, Sendero Luminoso, Rote Armee Fraktion edo gisakoren bat.

    Bizpahiru bilaketa eginda, baina, nik ikusten dudana da deskribapen horretara gehien hurbiltzen dena, hain justu, Txinako Alderdi Komunista dela (beste behin ere) . Eta Falun Gong delako talde horrek egin duen kalte bakarra dela, besterik gabe, Txinako Alderdi Komunistaren absolutismoa ezbaian jartzea, eta ez duela inor “irizpide zilegi eta inteligenteei segiz” erreprimitu, torturatu, giltzaperatu edo garbitu Txinako Alderdi Komunistak ez bezela.

    Bizpahiru bilaketa eginda edonor ohartzen da Amonamantagorri gisakoak direla egiazki sekta baten parte direnak, alegia, sekta ideologoiko komunistarenak (eta tankerako beste “-ista” guztiak barne). Eta gizajo hauei gertatu ohi zaiena zera da: euren barnean daramaten sektarismoa gainontzekoengan proiektatzen dutela (Besteen faltak aurreko aldean, geureak bizkarrean). Eta horren daude fanatizatuak non pentsatzen duten sektarismoetatik libre direla hain zuzen ere sasi-erlijio bat jarraitzen dutenean (beren profeta eta guzti) eta euren mundu-ikuskera guztia liburu zaharkitu batzuek ezarririko dogmetara murrizten dutenean.

    Eta hala, mamuak ikusten dituzte komunista ez den gauza orotan: ALERTA GORRIA!! “Txina Komunismo aurretik” azpititulua daukan ikuskizun bati ateak zabaldu dizkiotela!! ONARTEZINA!! Eta seguraski diru kopuru absurdu bat tartean!! Eta ezin youtuben ibili iragarki madarikatua ikusti gabe!!!

    Benetan, patetikoa.

  • Egurra,

    Çure hitzac neure eguiten ditut.

    Anhitz esquer bihotz bihotzetic.

  • Mikel Haranburu 2023-02-07 20:24

    Sektarismoa eta sektak bereizten jakin beharra dugu, alabaina. Dena den, ni gehiago kezkatzen nauena ez da Komunismo aurreko Txina, baizik eta komunismoaren ondorengo Txina. Arazoa izan daiteke halako egitura munstroak zutik mantentzeko, bai eta helburu jakin batzuetara begira egon daitezen ere, jokabide edo praxis sektarioak garatu behar izaten direla.
    Planetan diren negazionismoak oro, bide horretan ikusten ditut.

  • Eskerrik asko, Egurra, nik ere neure egiten ditut zure hitzak.

  • sun sun sun 2023-02-08 11:41

    “Txina komunismoaren aurretik” du propaganda. Ondo da. Hori badaki, beraz, publikoak eta, heldua den heinean, joango da ikustera edo ez, Txinako erregimen komunistaz norbarak duen iritzia kontuan hartuta.

    Baina, nik behintzat eskertu dut antolatzaileen atzean dagoen eboluzioaren, ateismoaren eta homosexualitatearen kontrako mugimendu horren berri izatea.

    Eta uste dut, jendeak, heldua den heinean, hori ere baloratzea eskertu duela, gero bertara joan edo ez erabakitzeko.

    Eta noski, horrelakoen publizitatea non eta nola egiten den planteatzeko.

  • Ze artikulo txarra. Baina baina, komunismoaren aurka daude! Aitatxo begira! Komunismoaren aurka daude!

    Ekitaldira joateko gogoa piztu dit.

  • Zurekin bat nator, sun sun sun. Hala ere, nire gusto pertsonaletik, iragarki kutregorik… Niri behintzat ez dit 100€ ordaintzeko gogorik eragiten!