Ulertzeaz

Ulertzeaz –

Rikardo Arregi, Noticiasen.


Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburu Begoña Pedrosa andreari entzun diot egunotan ez duela ulertzen irakaskuntza publikoan abian den greba. Ulertu hitza irakasleekin erabiltzea arriskutsua izan daiteke, irakasleak, berezko duten senari jarraituz, prest daudelako beti ulertzen ez dena berriz edo beste modu batean azaltzeko (trebeak eta astunak dira lan horretan), harik eta ikasle guztiek gaia, arazoa edo dena delakoa ulertzen duten arte.

Ulertzeaz
Begoña Pedrosa, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburua. Adrián Ruiz Hierro

Ulertu hitzaren erabilera hori ez da berria. Urkullu lehendakariari ere entzun nion, eta beste politikari askori. Nik uste dut ulertu hitza erabiltzen dutela eufemismo moduan, ados ez daudelako edo kontra daudelako adierazteko, badirudi beldurra diotela argi eta garbi mintzatzeari (atzean datzan ideologia erakusteari?). Askotan ituna, akordioa, adostasuna eta abar sakratutzat jotzeko joera atzematen dut, desadostasunak edo iritzi funtsean aurkakoak oztopo baino zerbait deseroso, euli gogaikarri bat, izango balira bezala. Nik oso ondo uler dezaket Hezkuntza Sailburua grebaren aurka egotea, eta oso ondo uler dezaket sindikatuen ekimena (ez da fisika kuantikoa): azken finean, gai berari buruz bi iritzi guztiz kontrajarriak, eta iritziekin batera arrazoiak, dituzte biek. Arrazoiak aletzea, jakina, ez da eraginkorrena hedabideetan lerroburu motz eta deigarriak lortu nahi bada.

Ez-dut-ulertzen leloa nagikeria intelektuala iruditzen zait, aitzakia erosoa ur sakon eta zailetan ez sartzeko, eta orain ez naiz irakasleen grebaz bakarrik hitz egiten ari. Kontu batzuk ulertzea gaitz eta neketsua da, zalantzarik gabe: aldez aurretiko ezagutzak beharrezkoak dira batzuetan, hausnarketa beti, iturri askotatik edatea, noberak pentsatzen duenari estuegi ez lotzea, aldaketak onartzeko prest egotea, ezezagunaren aurrean gogo prestua izatea…

Lan-gatazkak korapilatsuak izan daitezke, baina ez hainbeste, kasu honetan, behintzat. Negoziazioak, aldarrikapenak, grebak, negoziazio gehiago, tirabirak. Betikoa.

Oharra: irakaslea izan naiz, eta sindikalista. Ulertu duzue?

Ulertzeaz

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude