Ukazioaren sorlekuak
Ukazioaren sorlekuak –
Pako Aristi BERRIAn.
Neuk ere maiz pentsatu dut zer ote daukaten euskararen aurka hura ikusi ezin dutenek, etengabe oztopoak eta trabak jartzen dizkietenek, Iruñeko denda batean sartu, adibidez, zuk «arratsaldeon» adeitsu bat esan eta «buenas tardes» serio batekin erantzuten duen dendariak, biharamunean «good morning» esango dion australiarrari «hello good morning» irribarretsu batekin erantzuten dion berberak.
Ezin da ukatu nahita egiten diotela muzin eta mespretxu euskarari, Iruñean, Galdakaon, Donostian eta edonon. Tamalez, gehiengoa osatzen dute, eta babes instituzionala daukate paraleloki haien lana borobiltzen duena: etengabe ditugu albisteak, halako herriko udaltzainen oposaketan epaileak ukatu duela euskara maila gutxieneko bat eskatzea, edo Nafarroan halako herri bat eremu mistora igarotzea.
Halako kasuetan protestak irakurtzen ditudanean, «beldurra diote euskara hedatzeari, gero eta eremu gehiagotan berreskuratzeari», gogoeta okerrak direla iruditzen zait. Ez dute beldurrik; haien mundu ideala da euskararik ez legokeen Nafarroa bat, Euskadi bat, Iparralde bat. Botere exekutibo eta legegilea haien esku edukita, ezagun dute alor horretan ezer aldatzeko guk daukagun gabezia eta ezintasuna, eta erabili egiten dute. Oso sinplea da. Sentimenduak ez dauka zer ikusirik, ideologia hutsa da dena. Boterearen zapalgailua botatzen dute gure asmoen gainera. Ez du zer ikusirik euskara erakargarri den edo ez, haren bidez zer mundu berri ederretsi dezakezun; politika hutsa da dena.
Euskara, haientzat, oroitzapen txar bat da. Espainia deitzen den estatu batean, menderaturik eta politikoki ongi integraturik daukan Nafarroa deituriko probintzia batean espainola ez den beste hizkuntza bat hitz egitea, eta hori umeei erakutsi nahian tematzea anomalia bat da haientzat. Hain zuzen ere integrazio hori ez dela behar bezala gauzatu gogorarazten diena, konkista eta asimilazioa ez zela behar bezala burutu. Zerbaitek huts egin zuela, ez zutela ongi neurtu probintzia horretako biztanleen erresistentzia, hizkuntzari zioten txera eta, horretarako mendeak eduki dituzten arren, arbasoak, aurreko konkistatzaile zaharrak epel aritu zirela hizkuntza hura desagertzeko bitartekoak ezartzerakoan.
Euskara anomalia bat zaie, eta are gehiago mende askoren ondoren jada ordezkapen linguistiko erabatekoa gauzatu denean, eta Euskadi, Nafarroa edo Iparraldeko biztanle guztiak espainolez edo frantsesez ezin hobeto moldatzen direnean. Egoskorrak garela uste dute, erradikal hutsak, oraindik ere gure identitate espainol eta frantsesa onartzen ez dugunak, baina zergatik, hain identitate eder eta unibertsalak izanik!
Bere garaian, behar zenean eta aukera izan zutenean euskara ez zutelako errotik desagerrarazi, ez zutelako euskaldun garaituak erruz espainolez eta frantsesez nazionalizatzerik lortu bihurtu da euskara pieza desatsegin eta desegoki bat politika inperialista eta genozida baten puzzlean. Badakite orain gauzak ezin direla honela esan, teorian bederen hizkuntzak kontserbatu beharreko ondasun kultural gisan katalogatuak dauzkan ekologia sozial bat hobesten duela Europako marko teorikoak, baina adierazi beharra daukatenaren aurkako jokabideak inposatuz jarraitzen dute mendeetako suntsiketa linguistikoa eguneratzen, ideologia uniformista baten transmisioa bermatzen estatuaren botere guztietan.
Ez genuke inozoak izan behar, ez geure burua engaina. Halako epailek euskararen aukera ukatzen duenean, ez du besterik egiten, estatu menperatzaileek mendetan praktikan jarri duten asimilazioren bulkada jarraitzea baino. Baina gure artean uste oker asko hedatu dira, eta infernurako bidea intentzio ona zeukan jendez beterik dagoenez, askotan geure artekoak izan dira sinesmen okerrak zabaltzen sutsuenak. Demokrazian gaudela, bat; botereen arteko bereizketa dagoela, bi; adeitsu izanez lor ditzakegula konplizitateak sistemaren barruan, hiru.
Zeren horren ondorio dira epaile askorekin hartzen ditugun disgustuak, ustez politiko ezkertiarren eskutik datozkigun ukamenak. Epaitegiak ez dira estatuaren beste adar bat baino, eta ez dute euskara munduko ondasun gisan aztertzen, estatuak dituen interes politikoen baitan suposatzen duen anomalia gisan baizik. Epaileak, funtsezko auzietan, estatuaren zerbitzariak dira, eta hizkuntza hala da oinarrian konkista daukaten estatuentzat; badakite hizkuntzak gordetzen duela memoria luze bat, esaten duena behiala batean ez ginela Espainiaren edo Frantziaren parte izan. «Orain horren parte zara», esaten dizu epaileak bere ukamen-sententzian.
Konkista bat egon denean, herri baten soberania suntsitu eta ordezkapen linguistikoa gertatu denean, menderatzailearentzat hizkuntza tresna politikoa bihurtzen da, unean-unekoa, eta etorkizunekoa. Unean bere nagusitasuna bermatzeko balio dio; konkista ondoren iritsi den hizkuntza berria da kanala, biztanleak egoera berriaren jabe izan daitezen. Eta etorkizunean belaunaldi berriek euren arbasoak zer izan ziren eta zer burujabetasun maila eduki zuten ahantz dezaten.
Baina era berean, talka egiten duten bi eredu nazional hauen testuinguruan, menderatuarentzat ere bere hizkuntza tresna politikoa bihurtzen da, hizkuntza ezberdina edukitzeak beste ezerk baino nabarmenago demostratzen baitu herri ezberdina garela, ez garela funtsean Espainiaren zati edo Frantziaren parte, historikoki derrigorturik, baizik. Beste kontu bat da menderatua horretaz ohartzen den edo ez. Iraganean arbasoek erdietsi zuten konkistarik ederrena da hizkuntza propioa, eta etorkizunean gure identitatea bizirik mantendu dezakeen berme bakarra.
Menderatzailearentzat ere halaxe da bere erdara, baina berak zapalkuntza mantentzeko darabil, tresna sinpatikoa delako, polemikarik ez dakarrena eta oharkabean jendearen belarrian, garunean eta gogoan sar dezakeena, hasi etxebizitzako bilera batetik, tabernetako musikatik igaro eta epaitegietaraino iritsi arte. Euri bat bezala da, normaltasun espainol eta frantsesean blaitzen gaituena.
Haientzat arazo politiko bat da, euskarak oraindik ere askatasun lurrin bat mantentzen duelako. Eta politika egiten dute, gupida barik, gu soziologia egiten ari garela ikusirik.