UEUk IkerGazte kongresua antolatuko du
Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) “ IkerGazte: Nazioarteko ikerketa euskaraz ” Kongresua aurkeztu du. Proiektu honen helburua ikerlari euskaldunen ikusgarritasuna areagotu, beraien arteko ezagutza sustatu eta euskarazko zientzia produkzioa areagotzea da. 150 ikerlari biltzeko asmoa dute Durangon, datorren maiatzaren 13, 14 eta 15ean. Ekarpenak bidaltzeko epea irekita dago. Informazio guztia: www.ueu.eus/ikergazte
Miren Josu Omaetxebarriak, Kongresuaren arduradunak, egitaraua eta ekarpenen deialdiaren berri eman du: “IkerGazte proiektu handia da, eta hori antolatzeko Euskal Herriko Unibertsitate eta ikerketa talde desberdinetako luxuzko aditu taldea dugu bidelagun (ikusi zerrenda). Ikertzaileentzat ez ezik, kongresua ikertaldeentzat ere oso interesgarria izango da elkarlan berriak egin ahal izateko, jende berria beraien taldera erakartzeko zein euskaraz aritzera motibatzeko. Kongresua hiru egunetakoa izango da barnetegi moduan, elkar ezagutza errazteko asmoz. Hau da, gure helburua parte hartzaileek hiru egunak Durangon pasa ditzaten nahi dugu (lotarako ere), eta alor akademikotik haratago ere ekintzak prestatuko ditugu. Programa akademikoari dagokionez, egitarauan lau saio mota egongo dira: hitzaldi orokorrak, ahozko komunikazioak, posterrak eta tailerrak”.
Otsailaren 16ra arte kongresurako ekarpenak bidaltzeko aukera dago. IKUSI DEIALDIA