Udan ze plan?
Udan ze plan? –
Amaia Zufia, Euskal Herriko Bilgune Feministaren atarian.
Uztaila da eta gogotsu nago hain beharrezko ditudan oporrak heltzeko. Abiadura handiko tren hau geldiarazi nahi dut, ikasturteko estresak utzitako ebakiak osatu, eta distantzia hartu nahi dut lanean zein etxebizitzarekin izan ditudan aldaketak eragindako ziurgabetasunetik.
Eta hasi da zalaparta: udarako ze plan? Oporrak norekin egingo dituzu? Nora zoaz aurten?, baita barneko burrunba ere: kilo batzuk hartu ditudala; esnea baino zuriago nagoela, iletsu; ez daukadala plan borobila lotuta eta ongi lotuta; nire lagun guztiak bikotearekin doazela; ez daukadala nahikoa sosik oporretara joateko; ez dudala udarako lanik topatu…. Uda hasi orduko nekatuago nago, hainbeste zarata artean.
Ez da agenda gobernatzeko arazo pertsonala, ordea. Sistemak ondo asko antolatzen ditu gure bizitza zikloak eta denborak. Ikasturtean zehar, gutxienez, zortzi ordu egokitzen dizkigu enplegurako –gehio ez badira-, zortzi lo egiteko eta zortzi aisialdirako, finean, “kontsumitzeko”. Teorian hori da egitura, nahiz eta zaintza lanetan, lan prekarioak tarteko, denboren proposamen hau ez den erreala, eta denboraren malabaristak garen emakume* asko eta asko. Eta udan aisialdirako denbora gehiago, baina aste pare bat edo, pasatu gabe! Energia pixka bat hartu, eta berriz jarraitzeko! Naturalizatu dugun arren, erlojuaren denbora lan merkatuaren arabera sortutako eraikuntza kulturala da. Produkzioaren denborak ez ditu beste tenpus batzuk kontuan hartzen, prozesuena, zaintzena, harreman sexu afektiboena, alegia, bizitzarena. Bizitza hori eremu pribatuan, ezkutuan, eusten eta goxatzen jarraitzen dugu, denbora ofizialetik at.
Kontsumora bideratutako turismoa, sutsuki desio dugun deskantsurako ilusio bilakatu da, gurpil zoroak biraka segi dezan, beste pieza bat. Klase sozialak markatuko du oporrik egingo dugun ala ez, fantasiazko eta intentzioaz amestutako bidaia egingo ote dugun, edo “ihesaldi erromantikoa” egiteko aukerarik izango dugun. Mugarik gabeko opor festa hauetan pisu turistiko andana izango ditugu aukeran; tokiko jatetxe eta bisita preziatuak ezagutzeko app ezberdinak eskuragai; dena, bertako herritarren bizi eta lan baldintzak kontuan hartu gabe. Ondorioz, masifikatzen dira herri eta hiriak, xahutzen dira bazterrak, prekarizatzen dira herritarren bizitzak, eta kutsatzen da ingurugiroa.
Elite politiko eta ekonomikoen mesedetara dauden enpresek maneiatzen dute joko turistikoa. Emakumeok*, gazteok, migratuok… langileri ikusezina gara, opor iragarkietan ikusten ditugun klase altuko aurpegi txuri, alai, heteronormatibo horien atzealdean gaude. Hoteletako kellyak gara, edo kontraturik gabeko tabernariak, garbitzaileak, zerbitzariak, ume edo helduen zaintzaileak, esplotazio honen jopuntu nagusia, alegia.
“Uda perfektu” horrek emakumeon* gorputzen gaineko bortizkeria handia dakar. Emakumeoi* desiragarriak izateko mandatu horren eraginez, kanon zorrotzak ezartzen zaizkigu, bereziki udan. Bost axola zaizkie gure gorputzak eta bizitzak. Zenbat aldiz ikusi ote ditugu negozio turistikoek erabiltzen dituzten iragarkietan hamarnaka emakumeen* gorputz sexualizatuak? Zenbatetan bilakatu gaituzte sexu objektu? Zenbat dieta, UVA izpi, operazio bikini, depilazio laser eta udarako modelo sexy irentsarazi dizkigute? Zenbatetan sinestarazi digute gorputz bat eta bakarra onartu dezakegula? Patroi irreal eta dikotomiko hauek gure gorputzen aurkako biolentzia dira. Saldu, kontsumitu, jabetu, menderatu: hori da heteropatriarkatu kapitalistaren logika. Hortaz, baita turismoarena ere.
Orduan ze plan? Agian lagun artean, senide artean edo bakardadean erlojua apurtu eta aisialdia bizialdiagatik ordezkatuko dut; edo akaso, abiadura handia eten eta nire etxe edo herrian erlaxatzea lortuko dut, inora ihes egin behar izan gabe. Beharbada herritik kanpo joanez gero, beste begi batzuekin begiratuko diot inguruari, bertan bizi eta lan egiten dutenei. Nire presentziak duen eraginaz hausnartuko dut eta gutxitzen saiatu, nire azalean bizitakoa besteenengan ikusiz, gure kontraesanez kontziente eginda. Horrela, irailean, gure arteko binkuluak, denborak eta bizipenak josiz, zoriontasun produktuak kontsumitzera behartzen gaituen makinaria gelditzeko urrats bat gertuago egongo gara.
“Uda hasi orduko nekatuago nago” diozu. Baina lehenago “kilo batzuk hartu ditudala; esnea baino zuriago nagoela”. Errua noski sistemarena, nola ez “Ez da agenda gobernatzeko arazo pertsonala, ordea. Sistemak ondo asko antolatzen ditu gure bizitza zikloak eta denborak.”.
“Emakumeoi*”… ene.
Kalean “Kartelak itsastea debekatua dago” eta “Komunitate honek ez du propagandarik nahi” bezalako seinaleak ikus daitezke. Kaletik ibiltzea ez bezala, interneten sartzea borondatezkoa da, zorionez.
Masa-turismoa Frantziar Errepublikan hasi omen zen, Leon Blumen ezkerreko gobernuak, lehenengo aldiz, ordaindutako oporrak legeztatu zituenean. Bigarren Mundu-Gerra ondoko ongizate-estatuekin areago zabaldu ziren.
Herrialde sozialistetan ere, gero eta ohikoagoa egin zen langile-familiak bainu-etxeetara eta Itsaso Beltz ertzeko hoteletara joatea, beti ere itxaron-zerrenda luzea tarteko.
Batek esan dezake oporrak hartzeko obligazioa eta turismo-kontsumismoa sistemak inposatu digun ez dakit zer dela, gauza itsusia. Nik nahiago dut ikusi XX. mendeko langileon konkista bat bezala, denontzat defendatu behar dena.
Era berean, erabat errespetatzen dut norbaitek sorbalden gainean kapitalismo heteropatriarkalaren (nola ez baitut inon kontzeptuaren definizio argirik aurkitu, esan behar dut kapitalismo heteropatriarkala ez dakidala zer den) bortxakeria estrukturala (hori badakit zer den: alegia, klitoriaren ablazioa, UVI izpiak, ijitoen ezkontza-zeremonia, depilazio laserra, hiyab edo burkaren inposizioa, bikiniaren diktadura, eta horrelako gauzak) ezin eramanezkoa zaiola esaten duenean eta nahiago duela uda osoa herritik atera gabe pasatu (hor konpon ba, baina non sequitur).
Errespetu osoz, ni norbere gorputza zaindu eta hurkoarena laudatzearen aldekoa naiz, gorputz-estetika eta limurtasuna balioestea osasungarria iruditzen zait, eta maite dut hedonismoa eta abuztuko gauean terrazan gin tonicak pepino eta kardamomoarekin edatea.