Udalerri Euskaldunen Eguneko egitaraua eta kanta aurkeztu dituzte
Udalerri Euskaldunen Eguneko egitaraua eta kanta aurkeztu dituzte –
Agerraldian izan dira Maren Belastegi, UEMAko lehendakaria, Ibai Iriarte, Tolosako alkatea, kantuaren egile diren Emon musika taldeko Eneko Longarte eta Amets Arzallus. Horiez gain, Irrien Lagunen klubeko Ane piratak eta Tolosaldeako hainbat eragiletako ordezkariek han egon nahi izan dute: Tolosako Galtzaundi euskara elkartea, Krikiño aisialdi taldea, Tolosa Kantari, Udaberri dantza taldea, Lizardi elkartea eta Ibarrako Gaztetxea. Bideoklipa ere aurkeztu dute.
Maren Belastegik gogora ekarri du, lehen aldiz, Tolosan ospatuko den Udalerri Euskaldunen Eguneko helburua dela “udalerri euskaldunek euskararen geroan jokatzen duten paper garrantzitsua lau haizetara zabalduz, herritarren sentsibilizazioan eragin eta euskararen aldeko konpromisoak sustatzea”. Belastegiren arabera “euskararen normalizazioan udalerri euskaldunetatik egin dezakegun ekarpenak elkarlanerako eremu zabalagoa behar du, eta horregatik, erabaki dugu UEMA egunetik Udalerri Euskaldunen Eguna antolatzeko jauzia ematea”.
UEMAko lehendakariak azpimarratu duenez arrakastatsua izango da ekainaren 14rako prestatu duten eguna. “Udalerri Euskaldunen Eguenerako hamabost egun falta diren honetan, aurreratu dezakegu helburuak betetzen hari garela”. Euskararen arnasguneak hizkuntzarentzat daukaten garrantziaz jabetuta, eragile sozial eta herritar askok arnasgune horiek zaindu eta sendotzeko konpromisoa agertu dutela adierazi du, Belastegik. Horrela, “euskararen arnasguneek hizkuntza politikan behar duten zentralitatea eskuratzeko bidea hasi dugula esan dezakegu. Eta ziur gaude, Udalerri Euskaldunen Egunean, Tolosan, urrats eraginkorra emango dugu norabide horretan”.
UEMAko lehendakariak eskertu du Udalerri Euskaldunen egunaren antolaketan murgildu diren eragileen ekarpena. “Bereziki, Tolosako Udala eta Tolosaldeako eragileen inplikazioa nabarmendu nahi ditugu, aldi berean, beste hainbat herritan aipatu egunaren berri emateko hainbat eragile egiten ari diren ahalegina ahaztu gabe”.
Ibai Iriarte, Tolosako Alkateak egin du Udalerri Euskaldunen Egunerako prestatu duten egitarauaren aurkezpena. Eta bere esanetan, “adin eta gustu guztietarako” ekitaldiak izango dira, ekainaren 14an, Tolosan. Eta euskararen aldeko jaiarekin bat egin nahi duten guztiak gonbidatu ditu Tolosan aldarrikapena eta festa uztartuz egun eder bat pasatzera.
Kantaren aurkezpena
Eneko Longartek, Emon musika taldeko kideak aipatu duenez, UEMAtik kanta egiteko enkargua jaso eta berehala murgildu ziren lanean. Emon musika talde euskalduna dela nabarmendu du Longartek, eta beren euskararekiko konpromisoa ere agerian utzi nahi izan du. Ilusioz aritu dira lanean, gustora agertu da kantaren azken emaitzarekin. “Kanta borobila eta polita geratu da gure ustetan”.
Amets Arzallus, bere aldetik, kantaren letraren inguruan aritu da. “Egun berezi baterako kanta izanda ere, nahikoa libertate” hartu duela aipatu du kantarako hitzak idazterakoan. “Euskaraz egiteko gogo eta grina nondik datorkidan pentsatzen aritu naiz letra idazteko ideien bila ibili naizenean”. Eltzetik eta altzotik du izenburua kantak, eta bi hitz horien inguruan jolas egiten du. “Lehendik datorkigun hizkuntza izanda ere, euskara, gerorako ere balio duen hizkuntza” dela azpimarratu du Arzallusek. Hitz egin, hitz egin, errepikatzen du kantak. “Milaka ekimen egin dira euskararen alde”, baina ideia horri lotuta Lazkao Txikik esandakoa ekarri du gogora Arzallusek. Euskararen alde zer egingo zukeen galdetuta hauxe erantzun zuen Lazkao Txikik: “Zer egingo diagu ba, hitz egin”.
Zorionak UEMA eta eskerrik asko egindako lanagatik.