Udaberriko izotz beltza
Udaberriko izotz beltza –
Leire Narbaizak Gipuzkoako Hitzan.
Lantokiaren ezkerraldeko landa txiribitaz beteta dago, ez dakit hainbeste loretxo ikusi dudan inoiz. Eguzkitan daude. Eskumaldeko mendi altu mitikoa, ostera, zurituta dago, asteburuan elurra egin du-eta. Neguaren eta udaberriaren artean gaude. Udaberria badator! Dagoeneko hemen da!
Xabier Letek eta Lourdes Iriondok kantatutako Izotz ondoko eguzki abestia etorri zait akordura, eta Leteren letrak, azken ahapaldian, halaxe dio: «Izotzak estali zuen/ gure Euskalerria;/ mintzo ozenak zabaldu/ berbizkun berria./ Itzal-zokondoetan lore,/ izotz-bitxia/ baina haren gaineti/ jauntzen eguzkia».
2025ekoa iragartzen diharduela ematen du poeta tristea-k. Izan ere, primadera etortzearekin batera, Euskaraldian izena emateko epea zabaldu dute. Aurten lehenengoz izango da udalehenean, nobedade loretsua, txapa paparrean harro erakusteko. Gainera, Errigorako produktuak eskatzeko epean gaude, nafar uztak gure arasak bete ditzan euskaraz. Eta Korrika ere aitatu dute komunikabideek, nahiz eta 2026ko bedatsean izan, orain dokumental bat egiteko asmoa plazaratu dutelako.
Euskararen udaberria, ustez esperantzarako leihoa zabaltzen genbiltzala, izotz beltza lez, loratze sasoian epai euskarofoboen ondorioak etorri zaizkigu. Okerrena, togadunen eraginez Bizkaiko Foru Aldundiak bost lan eskaintza publikotako euskara eskakizunak murriztu dituela, derrigortasuna kendu dutelako zenbait lanpostutan; 2020ko, 2021eko, 2023ko eta 2024ko eskaintzei eragiten die. Alegia, aurreko deialdietan ere efektua izango duela. Aste batzuk lehenago ere, egingo dituzten oposizio batzuetarako BFAk eskakizunak apaltzeko asmoa duela adierazi zuen, eta lanpostuen erdiei bakarrik ezarriko ziela. Hara, negu gorrira itzultzeko pausoa (eta ez Negu Gorriak musika taldea oholtza gainera bueltatzeko urratsa. Izango ahal zen!).
Euskararen udaberria, ustez esperantzarako leihoa zabaltzen genbiltzala, izotz beltza lez, loratze sasoian epai euskarofoboen ondorioak etorri zaizkigu.
Otzan jokatu dute, esaneko. Txiza burutik behera egiten digute, eta gehiago eskatzen dugu. Zelan izan liteke men egitea? (in)justiziaren aurrean makurtzea? Ez ote da jarkitzeko sasoia?
Eta hori gutxi balitz bezala, hara non agertu den adur txarreko txoria, Kutxabankeko presidentea, beleak legez epaile horiek bezala beltzez jantzita ez badabil ere. Botere ekonomikotik dihardu, eta euskara oztopoa dela adierazi. Euskaraz bota du perla, gainera. Zer da hori? Autogorrotoa? Kosmopaletismoa maila gorenean? Poloniarrek nola ekarriko dute hona familia umeek euskaraz ikasi behar badute? Gaztelaniaren gainean ez du tutik ere esan plastikozko lore horrek. Jakina, gaztelania garrantzitsua da, euskara gure kapritxoa, ezertarako balio ez duena. Argudio bera emango luke nederlanderari buruz Herbehereetan? Ezezkoan nago. Gainera, zer nezesidade gezurrak esateko, zeren eta poloniar horrek ez duen etxepeko bulegoko leihatilan lan egingo, egoitza nagusietan baizik, hiribururen baten, eta bertan, nik dakidala, eskola internazionalak daude, euskararik ez dutenak. Agur, Ben Hur! Falazia desarmatuta.
Zer pena dudan motozerra Mileik ostu eta Muski eman izanaz! Arrankatzeko gogoa ematen du-eta. Baina kapitalismo basatian txikiok dugun super-boterea ahaztu zaigu: boikota. Denok gure dirutxoak entitate horretatik aterako bagenitu, eta kontuak itxi arrazoia zein den esanda, beste oilar batek egingo liguke kukurruku! Hori bai litzatekeela udaberria datorrelako txori-kantua!
Udaberriko izotz beltza