Uda
Maleta prestatzen ari da, behar dituenak eta ez aukeratzen. Zer edo zer ahazten ari zaionaren irudipena duen arren, badaki melanomak, sexu gehiegikeriak eta auto istripuak ez direla maletan sartu behar, berez etortzen bait dira. Urtero legez, urduri dago. Tximeletak baino, saguzarrak nabaritzen ditu sabelean. Maleta itxi, etxetik irten, eta kristalezko igogailua hartu du. Gorantz doan heinean gero eta txikiago dakusa esnatzear den hiria, bere auzo, etxe eta kalean gora-behera dabiltzan inurriak. Itsasoarekin kontrakoa gertatzen zaio: Igo ahala, gero eta nabarmenagoa begitantzen zaio haren presentzia urdinkara, aldakorra, orain bare, orain orroka. Badaki gora heltzean zer aurkituko duen: ugerra alde guztietatik, bere lehen urtebetetzea ospatzekotan den hautsa, eta itxi usaina ororen gainetik. Eskerrak garbiketa produktu pila erosi duen supermerkatuan.
Leihoak ireki ditu lehenik eta behin, airea berritu dadin, joan daitezen udazkeneko hezea, neguko hotza eta udaberriko lore-hautsa. Erratzarekin burrukan hasi da ondoren, eta paretik kendu dizkio hodei zirimolak eguzkiari, egunsentiari argi berri bat emanez. Lanbasa pasatutakoan lixiba usaina barreiatu da Euskal Herri osotik. Leihoak garbitu ditu, hautsari otoitz xumea eskaini dio, eta bukatzeko ataria txukundu du. Amaitutakoan kanpoan eseri da, eta beherantz begira, egindako lanaz gozatzeko parada izan du: Lehen kotxe ilarak hondartzarako bidean, San Juan gaua prestatzen ari diren inurri koadrilak nonahi, beren kaleak jaietarako atontzen dituzten herriak. Irribarre egin du. Orain bai, uda heldu da. Uda ekarri du, bere tasun eta keria guztiekin.