U29 balorazio gazi gozoa

U29 balorazio gazi gozoa –

U29 BALORAZIO GAZI GOZOA
STEILASen iritzia grebari, negoziazioari eta aurrekontuen akordioari buruz.

U29 balorazio gazi gozoaAtzo, urriak 29, bigarren greba deialdi arrakastatsu batekin hasi genuen eguna. Iraileko greba egunean baino irakasle gehiago batu ziren. Irakasleen ezinegona eta hezkuntza sistema publikoan inbertitzeko eta aldaketak egiteko beharra agerian geratu zen. Zorionak, beraz, atzo mobilizatu zineten guztiei!

Kaleak irakaslez eta familiez bete bagenituen ere, egunaren amaieran kolpe latza jaso genuen. Nafarroako Gobernuko hiru alderdiek (PSN, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin) eta Eh Bilduk 2025eko aurrekontuen inguruko akordioa lortu zuten. Beste behin eskola publikoa hobetzeko diru partidarik gehitu gabe.

Oso mingarria izan zen, greba egun batean, horrelako akordio baten berri izatea. Estrategikoki, erabaki dute, irakasleen zati handi bat kalera atera den egunean berri hori ematea, arratsaldeko manifestazio amaitu ondoren, irakasle eta sindikatuen ahotsa isilarazteko eta zapaltzeko asmoz. Agerian geratzen da hezkuntza publikoak daukan indar eraldatzailea baliogabetu nahi izan dutela modu honetako erabaki bat hartu dutenean.

Ulergaitza egiten zaigu, alderdi hauen hauteskunde programak kontuan hartzen baditugu, akordio hau sinatu izana.

Aurreko guztia gutxi balitz, Geroa Baik, Contigo-Zurekinek eta Eh Bilduk, PSNrekiko sumisioa sinatu dute akordioaren 6. puntuan: Parlamentuan lege egitasmo bat aurkeztuko balitz irakasle gehiago kontratatzeko eta soldatak hobetzeko(I. kapitulua), eta PSN kontra balego, aipatutako indar politikoek, kontra bozkatuko lukete.

Sinetsita geunden orain zela irakasleon txanda, aspaldian gertatu ez den bezala. Dena den, mobilizazioei esker lortu dugu negoziazioa piztea eta azkartzea. 2025eko Aurrekontuen Foru Legea abenduaren bukaeran onetsiko da, beraz, oraindik aukera dugu aldaketak eragiteko. Baina horretarako, ezinbestekoa da borrokan jarraitzea eta honen intentsitatea areagotzea.

Hau ez da hemen bukatzen, Departamentuari proposamen serio bat eskatu diogu eta STEILASek ez du etsiko gure aldarrikapenak lortu arte.

U29 balorazio gazi gozoa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude