Bilboko txupinazo polemikoa
Bilboko Aste Nagusiari hasiera eman ohi dion txupinazoak inoiz baino polemika handiagoa sortu du aurten. Bilboko jai batzordeak Sonia Poloren hautagaitza onartu du zeregin horretarako. Erabakiak ez du harrera ona eduki, bere anaia ETAko kide izateagatik preso egoteagatik, Sonia Polo ere juzgatu behar dela uste dutenen aldetik.
“Bilboko aste nagusiko txupinazoa ETAkide baten arrebak botako du” izan zen komunikabide batzuk hautatutako titularra. Eta antza, anaia preso izateak txupinera izateko gaitasuna kentzen du. Hala adierazi dute PPk eta PSEk, Bilboko konpartsek eginiko proposamenaren aurka egin baitute. EAJ eta EBk, aldiz, onartu dute erabakia.
Alfonso Alonso PPko kongresuko kidearen aburuz, Sonia Poloren hautagaitza probokazio hutsa da. PSE eta PPren eskutik EAEra ekarri duten “garai berrien” aurka doan erabakia ere ba omen da. Alderdien arbola genealogikoen arabera epaitu behar izanez gero, guztiok dakigu nortzuk ez liratekeen libratuko.
Baina PP eta PSEren haserrealdi hutsetik haratago joan da polemika. Atzo Bilboko udalean Jai Batzordeari zuzenduta, Sonia Poloren argazkia eta 9mm-tako bala bat zituen eskutiza jaso zuten. LAB-ek eta Bilboko Konpartsek gertatutakoa gaitzetsi dute eta “bi alderdi zehatz eta horien jarraitzaileak” erantzule egin dituzte. Hori horrela, PSEri eta PPri Bilboko Aste Nagusia konfrontazio politikorako ez erabiltzeko eskatu diete. Herrizaingo Saila gertatutakoa ikertzen ari da eta Rodolfo Aresek Ertzaintza mehatxuaren egileak atxilotzeko lanean ari dela jakinarazi du.
Sonia Polok polemika ezatsegina izan dela dio eta zentzurik topatzen ez diola aitortu du. Bere zeregina, larunbatean txupina jaurtitzea izango dela dio: “Nahikoa. Hor utziko dugu”, gaineratu du. Txupina bota eta hiria dardarka hasteko irrikitan dago.