Txosten berriaren aurkezpena, etorkizuneko proposamenekin
Txosten berriaren aurkezpena –
Sustrai Erakuntza Fundazioak txosten berri bat aurkeztuko du: Zer egin desazkundearen aurrean? Datozen hamarkadetako Nafarroako jendartearentzako proposamenen koadernoa. Eta lan hau koaderno bat balitz bezala eskaintzen dugu. Bertan hainbat proposamen zabaltzen ditugu Nafarroako jendartea muga biofisikoen arabera garatu ahal izateko. Txosten berri hau heldu den maiatzaren 23an, osteguna, aurkeztuko dugu, 18:00etan, Civivox Condestable eraikinean, Kale Nagusia 2, Iruñea. Gurekin batera, Adrian Almazan filosofo eta aktibistak parte hartuko du eta krisiei eta irtenbide posibleei buruzko bere gogoetak partekatuko ditu.
Dokumentu berri hau Sustrai Erakuntza Fundazioaren kolaboratzaile eta laguntzaileen artean osatu da, gure aurreko txostenetan agerturiko proposamenak oinarri izanik, eta hasierako testu honetan laburbilduta bildu ditugunak. Bizi dugun krisi sozioekologiko sakonak iraganetik ikastera behartzen gaitu, oraina eta geroari heltzeko. Ez dago denbora galtzerik.
Sustrai Erakuntzak hasieratik, orain dela 14 urte, Nafarroako giza jardueren eta ingurumenaren arteko harreman metabolikoa aztertzen dihardu: nekazaritzaren eta abeltzaintza industrialaren ondorioak, hondakinak, uraren kudeaketa, meatzaritza, AHTa bezalako makroazpiegiturak edo energia ekoizpena eta kontsumoa.
Hau guzti hau puntu kritiko batean gaudelako burutu izan dugu. Ingurumenaren degradazioa bizkortu egin da ezinbestean, edozein preziotan irabaziak etengabe bilatzea beste helbururik ez dutenen laguntzarekin. Zibilizazio-krisi baten aurrean gaude eta honek erabakiak hartzera behartzen gaitu: edo krisi ekologikoa areagotzen duen logika garapenzale, kontsumista eta inperiala mantentzen dugu, edo aldaketa txiki eta handiei aurre egiten diegu, banakakoak, kolektiboak eta egiturazkoak, ordena sozioekologiko bidezkoago bat eraikitzeko, planetaren muga biofisikoak errespetatuz, Nafarroako gizartearen kontsumo materiala banatu eta murriztu behar dugula jakinda, fisikoki eta psikikoki hobeto bizitzeko.
Koaderno hau ez da errezeta liburu bat. Lanerako materiala da eta egungo eredu sozial eta ekonomikoaren iraunkortasunik ezari irtenbideak eraiki nahi dituzten kolektibo, plataforma, sentsibilizatutako pertsona, erakunde eta komunitate guztiei eskaintzen diegu. Hausnarketarako eta ekintzarako proposamena da. Hitzetatik ekintzetara pasatzeko gonbitea, maila globalean zein hurbilean. Zeregin horretan konprometitu nahi duenak, Sustrai Fundazioa izango du ondoan, herriz herri, eskualdez eskualde, taldez talde.