Txorizo pamplona

Txorizo pamplona –

Umetan txorizo Pamplona ogitarteko asko jandakoa naiz. Esango nuke, beste ezer baino gehiago. Gure amak tarteka aldatu behar zidan beste zerbaitengatik ze, txorizo Pamplona janda bizi nintekeen… kar, kar. Bokata hartu… eta kalera!

Txorizo pamplona

Ziurrenik, ez zegoen gaur egun hestekiekiko dagoen pentsaera: zerekin dagoen egina, zerekin ez, zer ekarpen egiten digun organismoan…. ez zen hainbesterako orduan. Txorizo Pamplona-Pamplonika….gure haurtzaroaren parte bihurtu zen, zalantzarik gabe.

Orain, gure umeei, tarteka (nik jaten nuen baino tarte handiagorekin) txorizo Pamplonaren ogitartekoak prestatzen dizkiegu eskola ondorengo askarirako. Eta haien poztasunean neure umetakoa ikus nezake.

Aste pare bat igaro dira ARGIA astekariko sareetan ikusi nuela diru harrapaketa esanguratsu baten 10.urteurrena bete zela. Izan ere, 2015ko urtarrilaren 12 batez Bilboko LAB sindikatuko egoitzan sartu, eta bezperatan euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea eskatzen zuen mobilizazio orokorreko diru-bilketa eraman zuen -epailearen aginduz- institutu armatuak. Ez hori bakarrik; hainbat lagun atxilo eraman zituen ere.

Ez zen lehen aldia operazio polizial baten testuinguruan dirua  konfiskatzen zutenik, noski. Baina argazki esanguratsu batzuek -bat nagusiki- ustezko lege betearazleei kriminal itxura ematen zieten: aurpegia estalirik, botinaren poltsak beterik, usurpaturiko lekutik azkar batean ateratzen zeuden. Ikonikoa.

Zintzoa banatzaizue ez dakit oraindik zer konta daitekeen eta zer ezin den. Gure herriaren historia kontaezinak diren pasartez eraikia dagoelako. Baina egun haiek tentsioz eta beldurrez bizi nituela ezin uka.

Batetik, lagunak atxilotu zituztelako. Batzuk, hilabete batzuk lehenago nirekin batera atxiloturikoak zirenak. Eta ez ziren lehenak izan horrelako mobilizazio erraldoia zapuzteko asmoarekin gatibu eramandakoak. Urte bat lehenago, presoen kolektiboaren bitartekariak zirenen aurkako operazioa egina baitzuten urtarrila hasieran, eta manifestazioa bera ilegalizatu zuten.

Bestetik, sindikatu baten egoitzara sarturik, erabateko inpunitatea adierazten zutelako. Eta azkenik, dirua kentzera joateko asmo zitalak, aurrera begirako dinamika bera zapuzteko asmoa azaltzen zuelako.

Baina ez hori bakarrik. Operazioak, jendartearen baitan euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideekiko zegoen atxikimendua eten, eta sorturiko tresnak kolpatzeko bidea marrazten zuen begi bistan. Luz y taquigrafos style.

Diru-bilketa berri bat iragarri zen egun gutxira, lehen erantzun gisa. Eta ez da erreza, ez, -testuinguru hartan are gutxiago- horrelakoak muntatzea: Mezenasgorako kontu korrontea aurkitzea, publikoki agertzea, egoera iraultzeko deialdia egitea, aurreko egun eta hilabeteetan kanpainan eta manifestazioan  egindako lan-eskaera guztiei zergatik ezin den ordaindu azaldu, ulertu, bat egin… Eta erantzun; erantzun herritar zabala antolatu. Baita Euskal Herri kanpotik ere; bereziki Kataluniatik. Ai tiket bai, zenbat daukazun ikasteko!

Sarri, askotan, gehiegitan, horrelako edo antzerako egoeratan egon izanagatik, ez genioke herriarekiko konfiantza zein garrantzitsua den gogoetatzeari utzi beharko.  Izan ere, horrek salbatu gaitu mila eta bat bider. Hura, enegarrena baino ez zen izan.

Inoiz ez dute bueltatu dirua eta Entzutegi Nazionalean jarraituko du edo… argi dagoena da hartzaile legitimoak ez duela. Orain gutxi beste mobilizazio handi batean, diru-bilketa zabala egin zen, baita bizumkada nazionala ere, garai berriei begirako ekimen irudimentsuaren adibide gisa.

Konbentzituta nago diru ekarpenei ez diegula hainbesteko arreta ematen. Ziur naizen bezala zakuetan txanponak sartzen genituenean orain 10 urte, inoiz ez genuela pentsatuko gertatu zena gertatuko zenik. Elkartasuna sustatu nahi dugu, ekarpen ekonomikoa egin, lagundu antolakuntzari behar denari aurre egiteko, eta, nolabait, partaide sentitu. Hori guztia bai dagoela ekintza xume horietan. Eta asko da.

Aitzitik, aurrekariek, historia hurbilak, zera erakusten digute ere: bakearen etsaiek sekulako garrantzia ematen diotela, eta hori ere arrazoi-bide bihurtu genezakeela are emankorrago izateko bilketa. Eta batez ere, erakutsi dezakegu eremu honetan ere zer nolako indarra daukagun herritar sarea ehuntzen dugunean.

Orain 10 urte bezala gaur ere: ogi gogorrari….Pamplonika!

Txorizo pamplona  Txorizo pamplona

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude