Txoriak maite ez dituzten gobernuak
Txoriak maite ez dituzten gobernuak –
“Hegoak ebaki banizkio, neria izango zen, ez zuen alde egingo” . Hala dio Laboak abesti bihurtutako Joxean Artzeren poemak. Twitter eta gainontzeko sare sozialak diren hegaztiek goi-karguen gainetik hegan egiterik ez badute ere, informazioaren kontrolak eskuen artetik ihes egiteko arriskuak urduritu egiten ditu zenbait gobernu eta agintari. Batzuk urduritasuna beste nolabait baretu eta hegoak apur bat oztopatzearekin konformatzen dira; baina bada Artzeren hitzak ongi ulertu ez eta hegoak kolpetik ebakitzea erabakitzen duenik ere.
Azken egunotan zeresan handia eman du Tayyip Erdogan Turkiako Lehen Ministroak Twitter eta YouTube sare sozialen erabilera debekatu izanak. Twitteren debekuaren arrazoia Gobernuaren ustelkeriaren berri ematen zuen informazioaren zabalkundea omen da. YouTuben aldiz, Atzerri Ministroa eta Zerbitzu Sekretuetako buruaren arteko ustezko konbertsazio polemikoaren difusioak eman dio Erdogani berau blokeatzeko aitzakia. Hala eta guztiz ere, Lehen Ministroaren alderdiak bozen %45arekin irabazi berri ditu Udal Hauteskundeak.
Baina Turkia ez da mendebaldeko zenbait sare sozial debekatu dituen herrialde bakarra. Mother Jones egunkari estatubatuarrak osatu duen mapa honen arabera, sare sozialen bat partzialki edo erabat debekatu dutenen zerrenda Txina, Iran, Vietnam, Eritrea, Turkia, Ipar Korea eta Pakistanek osatzen dute gaur egun.
Txinaren kasua berezia da, debekatutakoen baliokide diren sare sozial propioak baitituzte. Gainera, ez dirudi debekua gainditzea horren zaila denik, zenbait iturriren arabera Txina baita Twittereko erabiltzaile gehien dituen herrialdeetako bat.
Mapan agertzen diren herrialdeak ekialdekoak dira, eta debekatutako sare sozialak aldiz mendebaldekoak. Ba al du horrek zer ikusirik? Dena den, ez dugu Euskal Herritik atera beharrik zentsuratutako webgune edo twitter kontuak aurkitzeko. Debekuok sare sozialek gobernu ustelak irauli ditzaketela adierazten dute? Edo ez da gobernu autoritario gutxi batzuen jokabide paranoikoa besterik?