Txiringitogintza

Txiringitogintza –

Euskarazko hiztegiek “txosna” ematen dute gaztelaniazko “chiringuito” izenaren ordain gisa. Eta, ados, testuinguru zehatz batean halaxe izanen da. Baina utz iezadazue “txiringito” deitzen, “TX” eta guzti, antolakunde publiko edo pribatu batek modu ilunean edo ezkutuan jokatzeko sortzen duen enpresa edo ekimenari.

TxiringitogintzaNafarroako Gobernua, eta haren inguruko alderdi zein sindikatuak, txiringitogintzan hasi baitira berriz. Batetik, PSNk eta Geroa Baik ikaragarri handitu dute Gobernuko goi kargudunen zerrenda. 100 buru gehiago omen dira, eta buru horiek sabela ere dutenez eta sabela bete behar zaienez, urtean 4,5 milioi euro xahutuko ditugu beharrezkoak ez ziren kargu batzuetan.

Eta bertzetik, Nafarroako Gobernua, CEN patronala, eta UGT eta CCOO sindikatuak saiatzen ari dira “Elkarrizketa Sozialerako Kontseilua” eta “Enplegu Plana” izeneko txiringitoak berpizten. Aurreko Gobernuak, Aldaketaren Gobernua deitu genuenak, gizartearen zein LAB eta ELA sindikatuen presiopean, txiringito horiek desaktibatu zituen. Eskandaluzkoak baitziren; Erregimen Zaharreko hiru eragile horien poltsikoak milioiez betetzeko baino ez baitzuten balio*.

Baina, errandakoa, berriz ere martxan jarri nahi dituzte Nafarroako langileon lan baldintzak eta/edo bizitzak hobetzeko balio izan ez duten txiringito horiek. Oraingoan, disimulatzeko-edo, LAB eta ELA sindikatuak ere gonbidatu dituzte txiringitogintza orgia horretara. Ez dira horretara batu, noski. Eta ez legoke gaizki herritarrek, modu zabal batean, argi eta garbi adieraziko baliete guztion dirua ez dagoela gutxi batzuen poltsikoak betetzeko.

Txiringitoak hondartzarako baitira. Hondartzarako bakarrik.

(*) Urtean 8 milioi euro eskuratzera ailegatu ziren.

Txiringitogintza

Iruindarra Iruñean. Kazetaria @LABnafarroa sindikatuan. Irakaslea 'stand by' batean. Kolaboratzailea @fm983irratia n. Ekintzailea @ekonafarroa n.