Txillardegi Hopi
Txillardegi Hopi –
Penagarria izaten ari da Txillardegiren aurkako erasoa, baina benetan eraginkorra donostiarraren ibilbidea eta pentsamendua zabaltzeko orduan. Ikusgelako bideoaren ikus-entzule kopuruak, martxa honetan, laster berdinduko du Aldapan gorakoarena. Ezin ditu infiltraturen batek Voxekoak bultzatu Ikusgelako Foucaulten aurkako kanpaina antolatzera? Zertan dabiltza gure gazteak?
Penagarria izaten ari da Txillardegiren aurkako erasoa, baina benetan eraginkorra donostiarraren ibilbidea eta pentsamendua zabaltzeko orduan. Ikusgelako bideoaren ikus-entzule kopuruak, martxa honetan, laster berdinduko du Aldapan gorakoarena. Ezin ditu infiltraturen batek Voxekoak bultzatu Ikusgelako Foucaulten aurkako kanpaina antolatzera? Zertan dabiltza gure gazteak
Laudorioz beteriko atal oso bat eskaini zion Txillardegik Benjamin Lee Whorfi 1972an argitaratu zen Hizkuntza eta pentsakeran. Hona hemen Txillardegik nabarmenduriko zenbait ideia.
Whorfek sakonki aztertu zituen Mendebaldeak atzeratutzat jotzen dituen Amerikako indiarren zenbait mintzaira —Hopi etniaren Hopi hizkuntza, oroz gain—. Horietako batzuk milaka urtez egon dira bakarturik, harremanik gabe auzokoekin, are gutxiago Mendebaldeko jendearekin. Eta garbi ikusi zuen «haien hizkuntza-estruktura izkutuetan jakinduria zorrotza zetzala beti, logika hertsi baten ondorio den Inkontzienteak sortuko balitu bezala». Ez dago hizkuntza arlote edo arkaikorik. Hizkuntza guztiak dira, zein bere erara, giza esperientziaren taxuketa oharkabe edo inkontzienteak; baina denak sakonak bezain funtsezkoak. Herriaren filosofia esplizitatu gabearen oinarria da hizkuntza, herriaren pentsaeraren errainua, pentsaera hori hizkuntzaren errainua den bezalaxe.
Ez dagoenez gure zientziak adieraziko lukeen Logika unibertsalik, hizkuntza bakoitza dabilenez dantzan bere logikaren arabera, ez du zentzurik hizkuntza aurreratuagoak eta atzeratuagoak bereizten tematzeak. Txillardegi: «Hizkuntzek ez dute elkar garaitzen, ez dira logika-lerro bakar batean segida bereko kate-begi, gero eta hobeak eta osoagoak».
Hopien logika gurea ez bezalakoa da, ordea. Eta beste edozein baino gehiago garela sentitzeko joera dugu Mendebaldekook. Gainerako kulturek eta zibilizazioek ere bai, egia da, unibertsal antropologikoa da hori. Tamalez, baina, geurea izan da eta da txapelduna bestelako herriak suntsitzeko iskilu ideologiko zein fisiko eraginkorrenak asmatzeko eta erabiltzeko orduan. Edozelan ere, herriek beren hizkuntzaren sintaxiak inspiratzen dizkien arrazoibideak izaten dituzte logikotzat. Horiek iruditzen zaizkie zentzuzko bakarrak. Bestelakoak ez dituzte ulertzen, edo susmagarriak zaizkie.
Ohartzeke, Newtonek ingelesaren estrukturak eraman zituen fisikara: denborak eta espazioak ez dute loturarik; materiak ere ez du harremanik ez denborarekin ez espazioarekin, etab. Buru argitasun ikaragarriz, Einsteinek bere hausnarra estruktura-lotura gorde horietatik askatu eta denboraren, espazioaren eta materiaren arteko funtsezko lotura erakutsi zuen: denbora polikiago isurtzen da grabitazio bizi edo larriko eskualdeetan, denbora eta espazioa loturik daude, espazioaren kurbatura materia-trinkotasunari datxekio, Kosmosa itxia da, etab. “Intuizioz” zentzuzkotzat jotzen genuena, oker agertu zitzaigun. Eta Whorfek uste du “intuizio” horiek ez direla «gure hizkuntzen estrukturen errainua baizik».
Bestalde, ukaezina bada ere hizkuntzaren eta kulturaren arteko harremana —batez ere aztergai den etnia luzaz bizi izan baldin bada bereizirik eta bakarturik—, Whorfek ez du onartzen hizkuntzaren eta kulturaren arteko korrelazio hertsirik eta elkarrekikotasun sinplerik. Determinismotik libre bizi dira hizkuntzaren eta kulturaren arteko harremanak. Bere gisa sortzen du herri bakoitzak hizkuntzaren eta kulturaren arteko uztarketa.
Whorfen ustez, gizaki guztiok hizkuntza bakar bat erabiltzea kaltegarria litzaiguke, atzerapena, eta galera handia giza kultura osorako. Izan ere, hizkuntzak oro, errealitatearen antolaera diren heinean kide direnez gero —eta hortaz elkarren osatzaile—, hizkuntza bat itzaltzeari kultura unibertsalaren adar bat ihartzea deritza Whorfek:
«Honengatixek uste dut geroko munduarentzat hizkuntza bakar bat proposatzen dutenak —berdin izaki ingelesa, alemanera, errusiera edo beste edozein proposatzea— oker daudela. Giza izpirituaren eboluzioari buruz, traba larria izango litzake hori».
Eta alderantziz: hizkuntza arrotz eta urrunei dagozkien estrukturen desberdintasuna babestea edozein gizakiri izan dakioke mesedegarri. Adibidez, bistan da hizkuntza indoeuroparrek hainbat fenomeno fisikoren ulertze zuzena eragozten dutela. Aldiz, Hopiena eta bestelako logika molde batzuek argigarri gertatu lekizkiguke unibertsoaren zenbait alde eta ezaugarri ulertzeko orduan. Mendebaldean joera dugu edozein gertaerari subjektu ekintzailea atxikitzeko. “Oinaztuak argia egin zuen”, diogu. Haatik, indoeuroparren gramatiketan ez bezala, errealitate fisikoan ez dago halako bitasunik: oinaztua bera da argia. Beti jakin izan dute hori primeran Hopiek.
Berez doa Hizkuntzalaritza serioa arrazakeriaren aurka. Txillardegik itzuliriko Whorfen testua:
«Hizkuntza-zientziaren ulertzeak tokian tokiko kulturaren mugetatik at eramaten gaitu, nazioetatik at, «arraza» bataiatutako berezgarri fisikoetatik at; eta hizkuntza-sistema horien taxuan eta elkarketan (beti ere desberdina), denon zorroztasun jatorrean, errealitatearen azterketaren sakonean, gizon guztiok berdinak garela erakusten zaigu».
Ez dago kultura eboluzionaturik ez atzeraturik, ez goi-mailakorik ez behe-mailakorik. Herri kanibalen edo agrafoen etikak ez dira gureak baino sendoagoak edo ahulagoak. Kultura bakoitzak bere moduan taxutzen du mundua, eta funtsean guztiak dira kide eta haurride errespetagarri, desberdintasunak gorabehera.
Politikoki politikaren altzoan dauzkagu egun halako ideiak Whorfen, Lévi-Straussen, Txillardegiren eta beste askoren liburuei esker. Nekezagoa da ideia horiek legedian modu eraginkorrean ezartzea eta errealitate historikoan mamitzea. 2022an yagan eta apiaka hizkuntza amerindiarrak itzali ziren. 2023 urtean, berriz, ainu japoniarra eta tsimishian eta shuar amerindiarrak desagertu dira. Shuar hizkuntza Amazoniako Ekuadorren mintzatu izan da. Azken hiztuna, Maria Aginagalde, 2023ko irailaren 30ean hil da, 95 urte zeuzkala.
Zazpi bat mila hizkuntza dauzkagu orain bizirik munduan. Unescok jakinarazi du 3000 inguru galduko ditugula XXI. mendea amaitu baino lehen.
Txillardegi Hopi Txillardegi Hopi
Kaixo, Markos!
Hik ikuspegi bat eman duk; niri, berriz, beste honek eman zidaan atentzioa eta harrezkero, beti gogoan izan diat. Hirea irakurri orduko, gogora etorri, begiratu Jakin webgunean, Txillardegiren idazlanetan, eta hona hemen hitzez hitz aldatua:
<>. Argia. 1982-04-25: 27-28.
Hestuak izanik ere, kaminoak onak dira. Baina Hopilandian asfaltorik ez: kaminotik irtenda berehala, lokatza zoru bakarra.
Txirotasuna al da bakarrik? Beltzek amerikartu eta berdindu nahi badute ere, indioek ez omen dute berdindu nahi. Beren indiotasunari eutsi nahi bide diote. Bizi ote daiteke horrela, ordea? Hobeki esan: zertaz bizi dira? Turismoaz hein batez (gure aurretik liburua sinatu dutenek, «Switzerland» jarri dute Shongopovi- ko dendan); baina aski ez. Benetan: ez da ulertzen. Per capitazko errenta, urtean, «a few dollar»etakoa dela irakurtzen dut. Zer etorkizun datorkie indio-talde hauei? Feroe-uharteak, uhartean dira itsaso betean.
Hona hemen etnia ezagun batzuren kopuruak (1960-an, orain dela hogei urte):
Cherokee 80.000 lagun
Nahvaho 67.000 lagun
Choktow 45.000 lagun
Sioux 22.000 lagun
Papago 8.000 lagun
Apache 6.000 lagun
Louisianne-ko miloi frantsesa «desfrantsesten» ari bada, zer esan daiteke indioen giza-multzoen geroaz?
Areago: hizkuntza traba eta baradera izango bazaie, zeren eta noren izenean eska dakieke guretzako zoo gisa irautea? Galdera latza, jakina. Baina gizonak ditu eskubideak azken funtsean, eta ez hizkuntzek. Hizkuntza gizonaren zerbitzuko eta tresna balios bihurtu, ala hizkuntza hil. Lehenago ere idatzia dut hau. Hizkuntza gizonaren zerbitzari egin, eta kultur-tresna minimo; ala hizkuntza hiltzea onena.
Eskuindarrek eta folkloristek soinekoak urratu ohi dituzte hau entzutean. Baina, euskarari gagozkiolarik ere, gauza bera esan behar da: euskara jaso eta mintzabide balios bihurtu, ala euskara kanpora.
Ez baitago eskubiderik (eta barka bezate eskuindar hizkuntzalariek) herri oso bat zoritxarreko eta itsu atxikitzea, hizkera «bitxi» bat gordetzeko. Hizkuntzari bai, kulturarekiko eta egiazko biziarekiko baradera eta traba ez den heinean.
Gizateria ez da zoo bat.
Eta indioak ez dira kiwi harrigarriak. Ez. Hizkuntza, gizonaren zerbitzuko. Ala kanpora.
Artikuluaren izenburua: “Hopitarrei bisita”
Kaixo Markos eta Paco
Dohaina duzue hausnargaiak eta eztabaidagaiak plazaratzeko. Biziki untsa da.
Iduritzen zait Whorfek “eleanizduntasunaren” apologia gehiegizkoa egiten zuela hizkuntzalaria eta amerikarra zelako. Harentzat hizkuntza ez zatekeen problema existentzial pertsonala guretzat bezala.
Aldiz existentzialagoa zirudien Txillardegirentzat, ondoko alternatiba hau ezin gordinkiago erraiten zuelarik:
“Hizkuntza gizonaren zerbitzuko eta tresna balios bihurtu, ala hizkuntza hil”.
Momentuz ez dugu hizkuntza erabat balios egitea lortu ezta hil nahi izan.
Animo lagunak
Kaixo,
Nun aurki dezaket Txillardegiren testu hori.bere osotasunean?
Ez naiz segur dena untsa konprenitzea.
Bai, Beñat, Txillardegi ez da gaur egun eleaniztasunaren kontzeptua nagusiki ulertzen denaren jarraitzaile edo apostolu izan. Hizkuntza aniztasunaren aldekoa bai, baina euskarari balio politikoa ematearen guztiz aldekoa eta pertsonen hizkuntza-eskubideen baino lurralde-eskubideen aldekoa, estatua duten herritar guztiak, hortxe nonbait, izan ohi diren bezala. Espainiako 1978ko Konstituzioak Espainiako lurraldean, espainieraren hegemonia eta supremazismoa dekretatzen du, hirugarren artikuluan, eta Frantzian 1958ko V. Konstituziotik hona, bigarren artikuluan.
“Txillardegi hopi” 1982ko artikuluan, hizkuntzek pentsamenduan daukaten eragina azpimarratzen du Txillardegik 1972ko Hizkuntza eta pentsakera liburuan egin zuen bezalatsu, baina ikusten da liburu hartan ere alde kulturalarekin batera politikoa zebilela hondoan; hots, euskaldunek estatu propio bat sortzeko beste arrazoi bat gehiago; hizkuntza bereziarekin estatu berezia sortzeko arrazoia.
Azken Txillardegirengana etorriz, hots, mende honen lehen hamarkadakora, Ibarretxe plana zela eta, 2003an, honela kritikatzen zuen hura hizkuntza-planteamenduaren aldetik (politikoki abantailarik ere ikusten zion):
“Hizkuntz eskubideei dagokienez, makina bat aldiz esana dugu lurraldetasunetik at, euskarak ez duela irtenbiderik. Hots, Ibarretxeren Plana, alde horretatik, maingua da erabat […]
Hots, Ibarretxeren Planean, hizkuntzari dagokionez, eta “legetasunean” mugitu nahi izateak, eskubide pertsonalen eremuan mugitzea dakar. Alegia, “hizkuntza dominatzailean minoriak asimilatzea” bermatzera [jotzea].
Alde batetik, Baskongadetako euskaldunok “españolak” garenez, “tenemos el deber de conocer LA [sic] lengua nacional y el derecho a usarlo”. Baina, batera, “vascongadoak” garelako, “tenemos el derecho a conocer el euskera y el derecho a usarlo”.
Hots, desoreka horretan, euskarak ez du irtenbiderik. Eta argi eta garbi esan behar da” “Proyecto secesionista-ri buruz” in BERRIA 2003-10-30.
Eta 2007an, EAEko 1982ko Euskararen Legeak 25 urte bete zituela eta,
“Baina, ororen gainetik, gure iparra eskarmentu soziolinguistikoa duten herrietan jarri behar dugu: Belgika, Suomi, Canada.
Hauetan gauza bat ikasi dugu ziur: eskubide pertsonalen gaineko Glotopolitikek ez dutela inon elebitasun orekaturik lortu, hizkuntza ahularen desagerpen isil eta legezkoa baizik.
Gure legeria ezaguturik, miraririk ezin itxaron, beraz.
Lurraldetasunik gabe irtenbiderik ez euskararentzat.
Eta Baskongadetan ere (Nafarroan eta Iparraldean ez aipa) lurraldetasunik ez dagoenez, euskarak etorkizunik ez duela aldarrikatu beharra dago”. “25 urte” in Berria 2007-11-23.
Pertrsona eskubideekin jarraitzen dugu, hots, menpeko, politikoki eta linguistiko-kulturalki.
Gaurko Berria-n (2023-12-31), Iruñeko alkate berri Asironi elkarrizketa:
– Euskarari dagokionez, zer beste urrats egingo da?
“Dudarik gabe, Iruñeak bi hizkuntza ditu. Hori ulertu ez duenak ez du ulertu Iruñea zer den. Hori kontuan harturik, bigarren agindua litzateke ea nola lortzen dugun euskara eztabaida politiko hutsetik ateratzea, eta arma politiko gisa ez erabiltzea. Horretarako, kontsentsuak behar ditugu. Akordioan adostu duguna da soziologikoki behar horiek ase behar direla. Iruditzen zait abiapuntu bat dela. Niri gehiago egitea gustatuko litzaidake, baina posibilistak izan behar dugu”.
Txillardegi ez dago boladan. Hala ere, hilda ere ez dago; haren ideologia eta bizitza-eredu koherentea gure baitan behintzat, badaude. Zuzeu-ren jarraitzaileen artean ere badakit txillardegizale mordoxka gaudela; besteak beste, Markos eta biok.
Beñat, ez dakit esteka honek balioko dizun: https://www.jakin.eus/show/79b07d1e538035ea77141850b3250f87347e6dba
Bestela, JAKIN, Euskal Pentsamendua, Txillardegi. Bilatzailean “Hopitarrei bisita” jarri eta hor duzu. Diosala.
Eskerrik asko Pako loturagatik eta urte berri on zuri eta Markosi.
Txirrotasuna bakarrik al da? galderarekin hasten den paragrafoan, ez baniz oker eta posible da ni gaizki ulertzea, Txillardegirengan zalantza sumatzen da Hopitarrek ez hobe luketen amerikartzea beltzek bezala.
Begia jo zidan esaldia hizki gizenez idatzia da
“euskara jaso eta mintzabide balios bihurtu, ala
euskara kanpora”.
Eta beste toki batean: “Hizkuntza gizonaren zerbitzari egin, eta kultur-tresna minimo; ala hizkuntza hiltzea onena”.
Antzeko ideiak aurkitzen dira batzuetan Simone Weilengan ere eta, egia erran, beti xifritu naute.
Urte Berri On Beñat!,
bai, segur aski Txillardegik kezkatzeko, larritzeko, zirikatzeko erabiltzen zuen dikotomia hori: euskaldunok/euskaldunoi bizitza politiko-kultural duina bermatu edo euskaldun bezala hiltzea hobe!
Izaeraz ere, segur aski Txillardegi ez zen hautsi-mautsi zale(egi)a.
Dena den, bizi zen artean euskararen eta euskaldunon duintasun politiko eta kultural-linguistikoaren alde ez zuen amore eman, eta eredu ederra utzi zigun. Jarraitzeko zail samarra ere bai.
“Sapir-Whorf hipotesi” delakoari (edo determinismo linguistikoari, hau da, hizkuntza partikularrek ematen diotela forma norbanakoen pentsamenduari eta beraz izaerari, edo holako zerbait) arazo asko ikusten zaizkio: hasteko, froga enpirikoen urritasuna eta kalitate eskasa. Ez bide dauka hainbesteko arrakastarik egungo hizkuntzalaritzan, zehazki euskalari modernoen artean, hauek oro har maiteago baitute Chomskyren sortzezko gramatika unibertsal baten hipotesia.
Euskarak balio lezake beste edozein hizkuntzak adina mundua adierazteko, jakintza transmititzeko, nahi den beste zehazki ideiak pentsarazteko. Ez baldin bada posible, euskaldunak berak dauka falta eta hobena, ez euskarak.
Barka hain berandu erantzuteagatik eta urte berri on, Pako, Beñat eta beste.
Pako, eibar.org-eko blogera igotzen ditiat testuak, eta hortik ekartzen ditiztek zuzeuko adiskideek hona, zenbait egun igarota.
“Txillardegi Hopi” hau luzeegi geldituko zelakoan, “Hopitarrei bisita” ebaki eta aparte igo nian abenduaren 14an; eta, heuk bezala, Beñat ere biziki hunkitu duen amaiera ikaragarri hori nabarmendu nian.
Giltzarria da ideia hori Txillardegiren pentsamenduan. 1966ko Branka-ko “Hizkuntza gizonaren zerbitzuko” lanean ageri zen jadanik. Euskararen aldeko borrokaren sarreran dio polemika gaitza sortu zuela. Ez duzue jakingo nork eta zer artikulutan erantzun zion, ezta? Pakoren “Txillardegiren borroka abertzalea” aparta ez bagenu, pentsatuko genuke soilik hitzezkoak izan zirela Txillardegiren polemika gehienak. Marxistekin izan zituen ika-mikak xuxen ulertzeko ezinbestekoa da liburu hori.
Txillardegiren hizkuntzaren filosofia aztertzen duen liburuxka prestatu dut Iralen. “Hizkuntza eta pentsakera” du oinarri. Noizean behin atal bat igotzen dut eibar.org-era, ea kritika eraikitzaileak jasota azken emaitza hobetzerik dudan. “Manuel Ereño” ezizena erabili zuen Francisco Zalakain Errenteriako komunistarekin izan zuen polemika aztergai duen serie bati ekingo diot orain, ea baten bati interesatzen zaion.
Azkenik, 2024 honetan 60 urte bete dira Baionako Biltzarra egin zutenetik, 30 Euskal Herria Helburu eta Soziolinguistika matematikoa argitaratu zirenetik, 20 Euskararen aldeko borrokan… ez litzateke zoragarria omenezko jardunaldi bat antolatzea, Uztaritzen, Azkoitian edo Bilbon? Galdetuko diet Bira Kultur Gunekoei zelan duten agenda?
Amona, ematen du hizkuntzalari guztiek ikusten dutela hizkuntzak aldi berean direla berdinak eta desberdinak. Berdintasuna nabarmentzen dute batzuek, beste batzuek desberdintasuna. Egia da bolada arrakastatsu baten ostean Sapir-Whorf hipotesia, 80ko urteetan, baztertua izan zela, Chomskyzaleen eta kognitibisten eraginez. Baina berpizten ari da. Begira bestela Daniel Everett, Guy Deutscher eta Lera Boroditskyren kasuak:
https://www.youtube.com/watch?v=RKK7wGAYP6k
Ematen du eztabaida filosofiko ebatzi-ezin horietako bat: aurkitu egiten ditugu gizakiok matematikak? Edo asmatu, Koldo Mitxelenak eta Txillardegik uste bezala? Zerk hunkitzen gaitu sakonkiago, edertasun naturalak ala arteak? Bideratzen ote du hizkuntzak pentsamendua? Halaxe uste zuten Humboldt, Nietzsche, Wittgenstein, Heidegger, Cassirer eta Vattimok.
Japonieratik alemanera itzultzeko zailtasun tragikomikoen inguruko adibide zehatzak, Joxe Azurmendiren Humboldt: hizkuntza eta pentsamenduan, 307-312. orr.; eta nola ematen duen indoeuroparraren gramatikak Mendebaldeko logika, eta txinerarenak bestelako logika bat, 312-318. orr.
Whorfzale sutsua izan zen Txillardegi 60ko bigarren zatian, baina Chomskyri uko egiteke. 90eko hamarraldian, Whorfen muturreko interpretazioetatik urrutiratu zen. Eta, Chomskyrengana lerratu arren, distantzia kritikoa gorde zuen. Txillardegik Chomskyri leporatzen zizkionak Aristotelesek Platoni eginiko kritikak oroitarazten dituzte.
Amonamantalgorri, Beatriz Fernandezek garbi adierazi du Chomskyzalea dela. Eskura daukazu datua, bizirik dauden euskalari modernoen artean zeinek adierazi duen argi, eta non, Chomskyren jarraitzaile dela, edota ez datorrela Whorfekin bat? Aldez aurretik eskerrik asko.
Kaixo Markos,
“amaiera ikaragarri” hori ez nuen hain gordinki aditu. (Egia erraiteko, Txillardegi guti ezagutzen dut eta Pakoren liburua duela guti artio irakurri beharreko pilan nuen!). Baina banuen buruaren hondoan antzeko ideia aspaldidanik, eta, seguraz ere, horregatik hura argi adierazita Zuzeun ikustean, jauzi bat egin dut. Izan ere hortik zetorkidan Simone Weil edo orai Albert Camus itzultzeko gogo hori. Euskaraz pentsatzen ikasteko premia.
Markos, ekitaldi hori Uztaritzen egitea zinez gustukoa nuke zuen laguntzarekin baina ene arrangura latza da publiko tipia izatea. Egitekotan hobe beharbada Baionako Biltxokon kafe filosofiko baten estrainaldi baten karietara. adibidez.
Amonamantangorri: beraz, zure haritik segituz, euskaldunak denbora pasatu behar du hizkuntza zorrozten. Ados baina nun eta nola?
Adeitasunez
Mila esker gomendioengatik, Markos. Urte berri on.
Eskerrik asko Markos, hemengo eta eibar.org-eko aipamenagatik. Agur sinpatiko bat