Txapela modan egon al daiteke?

Txapela “dotorea eta geurea” dela aldarrikatu du beste behin Txabai elkarteak. Inoiz itzuliko al da aspaldiko “txapelaren sukarra”?

Asteburuan ospatu zuten ekitaldian Alaves futbol taldeko Mane entrenatzaile ohiari oparitu zioten ohorezko txapela. Zazpi gizon gasteiztarrek osatu zuten 2009an Txabai elkartea. Alfredo Amestoy da horietako bat: “Txapela aitak semeari eman ohi zion. Nolabait gure aurrekoen pentsamenduak buruan mantentzen ditugun seinale da”.

Txabai elkartea txapelaren erabilera galtzen ari zelako jaio zen, eta, batik bat, agureek besterik erabiltzen ez zutelako. Gure kaleetan ikusi ohi diren biserei “konpetentzia” egiteko asmoa du euskal txapelak. Ez gizonen artean bakarrik, baita emakumeen artean ere. Badaude saltokietan askotariko kolore eta itxurako txapelak.

Boinas EloseguiEta, jakina, janzteko era anitzak ere badaude: albora, zapal, aurrealdea igota…

Baina, txapel zaleentzako garai goxoenak pasatu ziren. Tolosako Boinas Elosegui enpresak urtero sortzen dituen 200.000 txapeletatik gehienakĀ NBEren armadetara bideratzen ditu. “Ez dago atzera biderik, oso zaila izango da txapelak duen kateto konnotazioa gazteen artetik kentzea”, azaldu zuen Federico Gonzalez Boinas Eloseguiko gerenteak.

Zaharra berri

Txapelaren erabilera hedatzeko koska jantzia ulertzeko moduan dago. Txapela nekazal giroarekin lotzen da eta tradizioarekin. Txabai-tik, ordea, modernoa ere izan daitekeela argudiatzen dute. Horrez gain, euriaz eta hotzaz babesteko gai da. Ez hori bakarrik, beste kapelen aldean erraz kiribildu eta gorde daiteke.

Alfredo Amestoyk gogoratzen duenaren arabera, 50. harmakadan txapela mordoa ikusten ziren kalean, baita ospakizunetan ere. Orain berriz, herriko jaietan eta lehiaketetan besterik ez dira ia ikusten. Txirrindularitza zale atzerritarrek ere ezagun dute euskal txapela irabazlearen ikur gisa. XIX. mende erdialdetik industrializaziora arte izan zen txapela euskal herritarren buruen jabe. Baina, egia esan, ez zuten orain guk dugun bezala jantziak non aukeratu ere.

Zuen etxetako argazki bildumak irekitzen badituzue aurkituko duzue ziur aski zuen guraso edo aitonaren argazkirik txapela soinean duela. Zalantza izpirik ez dago txapela dotoreziaren erakusle ere bazela.

Txapelak Beotibar frontoian

Atzerrian bai, etxean jai

Jaime Otamendik Euskadi Irratian aipatu zuen anekdota batean mamia: “Badut lagun bat Euskal Herritik kanpo txapela janzten duena, New Yorkera doanean esaterako. Hemen baina ez da janztera ausartzen”.


Kontua da batera edo bestera, baina txapela janztea. Tradizioa eta modernitatea lotzea, alegia.