Txanoberdetxo

Aitak esan dio: —Txanoberdetxo, aitona oso bakarrik zegon eta sukaldean aritzeko ganorarik gabe zebilen; pertza bat babarrun prestatu zionat, egun batez behintzat fundamentuz jan dezan. Eramango al din tuperbare hau?

Txanoberdetxok baietz erantzun dio, baina oraintxe ezin duela, lagun batzuekin elkartzekotan dela eta, haiekin futbol partida jokatu ondoren, abiatuko dela basoan barrena. Aitak lehenbailehen egitea nahiko luke eta berau joatea bururatu zaio, baina ezin du etxeko txikiena bakarrik utzi eta Txanoberdetxoren atzerapena lasai hartzea erabaki du.

Handik bi ordura, Txanoberdetxo basoa zeharkatzen hasi denean, otso babarrunjalea agertu zaio bat-batean. Estu dagoela ematen du. Argal ikusten zaio eta begi-zuloak ditu, azkeneko egunetan ia lorik egin gabe egon izan balitz bezala. Umea ikaratu da, arriskutsua dela badaki eta. Ihes egiteko keinua egin du, baina otsoak bidea hautsi dio:

—Txanoberdetxo, poltsa astuna daraman, zaila egingo zain horrekin bide luzea egitea, gustura lagunduko ninake, eta arinago joango hintzateke horrela.

Umeak baietz esan dio, poltsa gainetik kenduta baloiarekin jostatzen segi dezakeelako. Otsoak Txanoberdetxoren zama hartu eta aitonarengana joan baino lehen etxera bueltatu da otsokumeei titi ematera. Gero, tuperbarea ireki eta koilarakada batzuk hartu ditu, estali du berriz eta umeak lotan utzita, aitonaren etxera joan da.

Aitonak urrutitik ikusi du otsoa presaka datorrela eta leihotik begira geratu da. Etxe ondora iritsi denean, atea jo du.

—Ezin diat gehiago itxaron— ozen hitz egin dio otsemeak.

Aitonak zabaldu du eta, biak barruan daudenean, salako mahaiaren tiradera ireki, kilkerra atera eta txirri bana bildu ditu bizkor-bizkor…».

Gauzak diferenteak direnean ere, ikasitako eskema zaharrekin antolatzen ditugu pentsamenduak.

Eta ez dugu ezer ulertzen.

ITSASGORAN - Irakaslea ofizioz, Idazlea afizioz