Turuta eta desjabetzeak
Katiluaren ipurdia mahai gainean pausatu duzu, kafesnea azkarrago hoztu dadin-edo. Mania da. Bi minuturo lekuz aldatzera ohitu zara, esku hotzak katiluak berotutako mahaiaren zatietan jartzera, zu zeu berotzeko. Udazkenak hotza dakar my friend, diozu zure baitan. Zarauzko malekoiko kafetegiak betetzen direnean, negu gorria hurbil denaren seinale.
Alboko mahaian iskanbila da nagusi. Umeak, gurasoak, turutak eta bazar txinatarretan saltzen dituzten erabili eta botatzeko armonika horietako bat. Urtebetetze egunaren aitzakian seguruena. Telebistan desjabetzeez dihardute, eta suizidioez, eta tragediaz oro har. Orain ez dute zertan tragedia inportatu urruneko herrialdeetatik albistegietan. Telebista, turutak, umeak, gurasoak eta armonika. Kafetegietako murmurioa.
-Moooooook!
-Lander, shhhhhh ez jo turuta!
(…)
-Moooooooook!
-Shhhhhh! Zer esan dizut!
-Moooooooook!
Zure buruari galdera bat egiten diozun bitartean kafea hoztu zaizu. Zer demontre espero dute gurasoek alabari kafetegi batean turuta bat emandakoan. Poltsikoan gordetzea?