Turismoaren kontrako tradizio baten jatorri historikoaz
Turismoaren kontrako tradizio baten jatorri historikoaz –
Gorka Bereziartuak Argia aldizkariko Boligrafo Gorrian.
Azkenaldiko polemikak behartzen nau artikulu hau idaztera, gaur egun tradizioa den zerbaiten jatorriari erreparatzea lagungarria izaten baita, ia beti, argi pixka bat edukitzeko. Eta kontsentsu historiko sendo xamarra daukagu, gainera: uda batez eta nahiko ezustean hasi zen dena, Behe Bidasoko herri batean –guztiok uler dezagun, Metropoli Kantauriarreko XD20280 barrutian–. Zehazki, 2024ko uztailean sare sozial batean argitaratutako mezu laburra izan zen abiapuntua. Osorik erreproduzituko dugu, bere balio historikoa dela-eta: “Turistei begiratu. Goitik behera. Kontsumitu beraien piura. Atera argazkiak beraiei, beraien umeei. Galdetu zer ari diren jaten. Galdetu gauza gehiago. Galdetu dena. Ahal bada, builaka eta belarri ondoan. Jazarri itzazu kalean. Bertakoak balira bezala sentitzen diren arte”.
Mezuaren asmoei buruzko eztabaida akademiko luzea izan den arren, ikerketa dokumentatuenek argi utzi dute egilearen xedea ez zela matxinadarako deia egitea, garai hartako kapitalismo turistikoaren eraginak ironikoki salatzea baizik. Baina 2020ko hamarkadan ohikoa zen moduan, testua literalki ulertu zuten askok eta askok. Eta ekintzara pasa ziren. Turistak jazartzera, alegia. Gainera, ordura arteko protesta-metodo antzuen aldean, turisten kontra turisten ohiko jokabideak arma gisa erabiltzeak indar-korrelazioa aldatu zuen. Ondorengo urteetako datuei erreparatzea besterik ez dago, zera baieztatzeko: Behe Bidasoan lehenbizi eta Euskal Herri osoan geroago –alegia, gaurko Metropoli Kantauriarreko A?-007 federazioan–, bidaia komertzialen sektorea gainbehera hasi zela.
Lehendabiziko garaipenak ikusirik, herritar batzuk –gerora Estanpalari izenez ezagutuko zirenak– eskala baxuko indarkeria erabiltzen ere hasi ziren, desturistifikazioa azkartu nahian. Eta horrela hedatu zen autore-pintxoak turisten aurpegira distantzia oso laburretik jaurtitzeko praktika.
Baina, paradoxikoa badirudi ere, ekintza horietan bere negozioa berrasmatzeko zirrikitu bat aurkitu zuen industria turistikoak. Estanpalari-ak kontratatu zituzten, baita turistei goi-mailako sukaldaritzaren inpaktua jasateko “esperientzia” saldu ere –“You don’t know what Basque flavour is until it slaps you in the face”, zioen garaiko iragarki batek–. Eta ondorioz, turismo gastronomikoak lurralde hauetan inoiz ezagutu diren plusbalio handienak eman zituen 2040ko hamarkadan. Gero, jakina denez, sistema kapitalistaren kolapsoak mota horretako jarduerak existitzeko arrazoia desagerrarazi zuen: esplotazioaren eta etekinaren ordez, gaur egun nagusi den berdintasunaren eta arteen gailentasunean paradigma nagusitu zen. Baina autore-pintxoen estanpazio fazialak bizirautea lortu zuen, herri-kulturaren parte gisa. Hori da beraz, labur-labur azalduta, gaur arte Metropoli Kantauriarreko zenbait lekutan udan egiten diren Estanpalari-en desfileen jatorri historikoa.
Eta bidean hainbeste gorabehera izan direla jakinik, ez al da harrigarria nola dabiltzan gure bizilagun asko, XXII. mendearen amaiera honetan, Estanpalari-en desfileetan post-gizakien parte hartzea eragotzi nahian? Haien gorputzeko ehun sintetikoak eta haien adimen konputazionala ez omen dira bateragarriak jatorrizko Estanpalari-ekin, hauek pertsona osoki organikoak zirenez. A ze astakeria. Ozen esan behar da, jaun, andre eta androideok: biztanleriaren %52ari bizkarra ematen dioten jarrerak ez dira onargarriak bizi dugun munduan. Bestela, zer izango da hurrengoa? Berriz ere artalde turistikoak gure kaleetan barrena ikustea? Soldatapeko lanaren itzulera? Pentsatu nahi nuke gai garela oraindik zerbait hobea egiteko, gure tradizioak sortu ziren historiaren garai ilun haietan baino.
Turismoaren kontrako tradizio baten jatorri historikoaz