Trourist edo egiazko turismoa
Jokin Bereciartu, Imanol Abad, Mikel Cortes eta Xabier Albeniz dira proiektu honen atzean dauden arima egonezinak. Unibertsitateko lagunak eta orain lankideak. Ikasketa trukaketa programa batekin atzerrian egon ostean otu zitzaien ideia, gogoeta sinple batean oinarrituta. Nonbaitera bidaiatzen dugunean, bertan egon den lagun bati galdetzen diogu zer egin eta nora joan. Baina zuzenean bertako baten gomendioak jarraitzeko aukera izango bagenu? Adibidez: nor hobe iruindar bat baino Sanferminak erakusteko?
Trourist turismo tradizionalaren alternatiba da. Esperientzietan eta emozioetan oinarritzen den bidaiatzeko filosofia bat, bisitari hutsak izan ordez tokiak bertakoak balira bezala bizi nahi dituztenentzat zuzendua. Horretarako sare sozial bat sortu dute gazte ekintzaile hauek. Oraingoz beta pribatuan dago, baina Irailetik aurrera irekiko dute mundura. Baina lasai, kuriositate hori oraintxe bertan asetu nahi baduzu hementxe duzu aukera. Eska iezaiezu gonbite bat, ez dizute ukatuko.
Trourist from Mikel Lasa on Vimeo.
Iraila aldera, oraindik Erasmus esperientzia fresko zutela, hasi zen ideia hau gorpuzten, Deustuko Unibertsitateko adreiluzko pareta gorrien artean. Innovandis berrikuntza seminarioan parte hartzeak aitzakia ezin hobea eskaini zien burutazioa paperera eraman eta proiektu moduan aurkezteko. Gero Jose Manuel Kutz saria jaso zuten eta aurrerago Gipuzkoako Enpresa eta Berrkikuntza Zentroaren eskutik –Bic Berrilan– proiektua garatzeko behar zuten dirulaguntza eskuratu zuten.
Geroztik Miramongo Teknologia Parkean ari dira lanean eta bertan elkartu gara Trouristekoekin, Europan zehar proiektua ezagutzera emateko bidaiatik –Experienceless– iritsi berri direla.