Tristeak gu

Tristeak gu –

Xabier Euzkitzek Deia egunkarian.

Badira baliabide handiak alferrik galtzen dituztenak, beti horrela izango dela pentsatu eta lanerako ematen zaizkion erraztasun eta sosei aparteko baliorik ematen ez diotenak. “Zero bat sobratzen zait” pentsatu omen zuen Jesús Callejak Espainiako Cuatro kateak lehen kontratua eta aurrekontua mahai gainean jarri zizkionean. Aurrez gorriak ikusita zegoen. Izan ere, badira gutxirekin asko egiten ohitutakoak, saio bakoitzean biziraupen ariketa bat egiten dutenak, euro eta bitarteko bakoitza ondo zukututa. Alde ederrak badira kate nagusi beraren seme-alaben artean ere.

Tristeak guAstearte gauean Ur Handitan ikusi nuen ETB1en. Lantalde orekatua, aldi oroz dena ematen duena, ongi hautaturiko gai eta solaskideak, produkzio lan ona, egoki landutako gidoia, hitz egiten beste entzuten dakien aurkezlea… Astero sartzen dira ur handitan, eta beti bizirik irteten, ito-pasada handi samarrak ere hartuko dituzte baina. ETB1 guretxoari duintasunez eusten dioten saioetako bat.

Hura amaitu ondoren, zappingaren bekatuan jausi nintzen. The magnificent 7 filma ematen ari ziren Telecincon. Lehen iragarki tartearen amaieran, harri eta zur utzi ninduten: “Got talent triplica la audiencia de A3. No seas triste, disfruta con Mediaset.” Auskalo nolako publizista sarea duten kate handi horiek, auskalo zein gogoeta eta barne-eztabaidaren ondoren iritsi ote diren euren katearen publizitate erasokorra egin beharra dagoela ondorioztatzera. Aste osoan segitu dut kanpaina. Gisa berean publizitatzen dituzte Carlos Soberaren elkarrizketa kultural sakonak edo Gran Hermano vip. VIP, Very Important Person. Ez da izango akronimo hori esanahiz hainbeste hustu duen besterik: kantari ohi baten alabaren senar ohia, tenislari ohi baten emazte ohia, zendutako kantari baten alabaren mutilagun ohia… Purrustadak, irainak, mehatxuak, garrasiak… hori da Telecincok tristeziari aurre egiteko proposatzen digun koktela, hortik kanpo geratzen garenak triste hutsak gara.

Zenbat aurrekontu handi, zenbat publizista trebe, zenbat erredaktore baliotsu, zenbat komunikatzaile bikain… zaborretara jaurtiak. Eta zu, irakurle, nik idatzitako lerro eskasok irakurtzen. Barkadazu baina… triste hutsa zara.

Tristeak gu

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.