Trebeziak eta ingurua

Trebeziak eta ingurua –

Espezie bezala Naturan irauteko, hiru gauza baino ez dira behar. Zer jan topatu, jan ez zaitzaten moldatu, eta ugaltzen asmatu. Hirurak erdiesten dituztenek iraun egiten dute eta aitzitik, bakar batean kale egitea nahiko da Naturaren plazatik aienatzeko.

Hain soil laburbil daitekeen eskema hau ordea, kasuistika nabar eta naroko panorama bihurtzen da, errealitateari so eginez gero. Bizirik dirauen espezie bakoitzak bere ibilbidea du, gaurdaino ekarri duena, eta ibilbide horiek arrunt diferenteak izan ohi dira, guztiak bi aldagai soilen emaitza diren arren. Bi baino ez: Trebeziak eta ingurua.

Trebeziak eta inguruaMarmokak duela 500 miloi urte dabiltza itsasoetan bere dilin-dalan geldoan. Kanpotik ikusita ez dirudi trebezia berezirik dutenik, baina bistan da bizi-hobia aurkitu dutela eta ondo doakiela, hain luzaroan aldatzeko beharrik sumatu ez dutenez gero. Nonbait badakite jana topatzen, jan ez ditzaten moldatzen eta irauteko behar hainbat ugaltzen. Belakiak, marmokak berak baino itxura eskasagoa izan arren, 700 miloi urte dira planeta honetan daudela. Hauek ere, aurkitu zuten nonbait bizi-hobi egokia, ezertan aldatzeko premia alferreko bihurtu diena, eta haien trebezia apalak nahiko dira iraupena bideratzeko. Labezomorroak, maizter berriagoak dira Lur planetan, baina 140 miloi urte badira bere horretan aldaketarik gabe dirautela. Hiru kasuotan esan dezakegu, trebezia aldetik apal antzean dabiltzan arren, egokitu zaien inguruarekin ezin hobeto ezkondu direla trebezia horiek.

Beste muturrean aipa daitezke gure espeziearen lehengusu aienatuak: Neanderthaleko, Denisovako, Floresgo eta auskalo nongo zenbat lehengusu gehiago, betirako galdu ziren, haien baitan biltzen ziren trebezien multzoa ikusgarria izan arren. Gure arbasoak adina ziren gutxi gorabehera, bazuten inteligentzia, bazuten hizkuntza, bazuten suaren kontrola, bazuten tresnak ekoizteko gaitasuna, baina horrekin guztiarekin ere,  marmoka eta  labezomorroen atzetik geratu ziren iraupenaren lasterketan.

Dituzun trebeziak ez badira  bizi zaren inguruarekin ondo ezkontzen, gaizki pasako duzu eta galtzeko zorian zaude. Berdin dio zeinen trebe zaren. Itsas tropikaletako arrain hegalariek, hegan egiteko trebezia itzela garatu dute, haien ehiztari diren mahi-mahi arraintzarretatik ihes egiteko. Berrehun metro baino hegaldi luzeagoak egiteko gauza dira, hegalak minutuko 50 aldiz astinduz. Itzela eta txundigarria ezta?  Eta zertarako? Trebezia horren berri duten fregata-hegaztien mokoan amaitzeko, hegaztiok zain egoten baitira arrainok noiz aireratuko. Honako  estekan ikus daitezkeen irudi ezin estresagarriago horietan arrain hegalariak itsasoko eta aireko harrapariei biei ihesi egin beharrean ikustea, metafora paregabea da, trebeziarik sinesgaitzena ere, ingurua desegokia denean,  alferreko izan daitekeela ulertzeko.

Antzeko egoerak topa ditzakegu nola Naturan hala gizartean ere. Eta nago ez ote zaien  azpimarra trebeziei jartzen, inguruaren eraketaz ahaztuta. Esate baterako, txitean pitean entzuten dugu sortzaileak behar direla, eta ekintzaileak behar direla. Eta diziplina-artekotasunean mugitzen jakingo dutenak behar direla. Eta behar horiek direla-eta hainbat ahalegin eta kanpaina egin ohi dira eskolaume eta gazteen artean, sortzaileago eta ekintzaileago bihur daitezen, diziplina-artekotasuna esplora dezaten. Trebeziak gara ditzaten azken finean. Baina zer inguru topatuko dute trebeziok garatutako lagunok? Nola ezkonduko dira trebezia ikasi berriak topatuko duten inguruarekin? Nola moldatuko dira gure sortzaileak, berrikuntzaren kudeaketa  funtzionarioen esku dagoen gizartean? Nola moldatuko dira gure ekintzaileak burokraziaren itsasoan murgiltzera behartzen dituztenean? Nola egingo dute aurrera lehen saio ez arrakastatsuaren ondoren  gaitziritzia eta kargu hartzea nagusitzen direnean bere inguruan? Non sartuko dira diziplina-artekotasunean trebatutakoak, departamentu eta konpartimentu zurrunen ekosisteman uzten dituztenean? Ospitale bat hamar egunetan eraikitzeko talentuak, zertarako balio du, obra baimena emateko hamar hilabete behar dituen udal teknikari batek agintzen badu?

Trebezia batzuk desiragarritzat jotzea eta inor horiek garatzera bultzatzea ez da zilegi, ez da etikoa eta ez da eraginkorra, aldi berean eta neurri berean ez bada eragiten, trebezia horiek arrakastatsu izango diren ekosistema bat eraikitze aldera .

Duela labur entzun nuen Elon Musk zera esaten, bere enpresetan lan egiteko ez zuela unibertsitateko gradua ere eskatzen, talentua beste era batean demostratzeko gai zirenei. Munduko enpresaririk arrakastatsuenetarikoa, eta hauen artean denetan berritzaileena den honek, honelakoak dioskun bitartean, zenbat titulitis ez ote dute sustatu, zenbat harresi eta oztopo, zenbat departamentu eta konpartimentu zurrun ez ote dituzte eraiki gure euskal txoko honetako erakundeen burokraziek azken hamarkadaotan?

Botereak badu sarritan herria hezitzeko jarrera eta bokazioa, boterea Jainkoak emana bailitzan hartzen zen garaiko oinordekotza bizi-bizia erakutsiz. Aitzitik, gutxiagotan gertatzen zaio bere buruaren azterketa eta honi buruzko gogoeta egitea, ajeak eta zer  hobetuak aurkitzeko asmoz. Aipatzen ari garen auzian, arrunt beharrezkoa luke ordea, ikusirik zeinen urrun dauden eta zeinen norako ezberdineko diren, aldarrikatzen dituen asmoak eta nahiak, eta egunero garatzen duen praxia.

Gizarte bezala etorkizunean arrain hegalariak nahi baditugu, ez dezagun pentsa horien trebezia ikusgarriak aski direla beren iraupena bermatzeko eta saia gaitezen haientzako abaroa egokia prestatzen, non babestu izan dezaten, itsasotik eta airetik batera erasotu beharrean. Ingurua marmoka eta belakientzat egokia izan dadin prestatzen jarraitzen badugu, marmokak eta belakiak izango ditugu gure itsasoan, ez gaitezen engaina.

Azken gogoeta moduan erantsiko dut ez nagoela seguru idazten ari naizen honek ezertarako balioko duen. Esklerosira garamatzan burokraziaren sustatzaileak gauza izango al dira, lehenik eta behin egoeraz ohartzeko eta hurrena eraikitakoa eraisteko, harresi eta oztopoak deseraikitzeari ekiteko? Normalean, soluzioa arazoa denaren eskutik etorri behar denean, ez dago gauza onik.

Trebeziak eta ingurua