Trantzisio energetikoa, sozio-sindikalismotik begiratua
Trantzisio energetikoa, sozio-sindikalismotik begiratua –
Bizi dugun krisi ekosozialaren egoerari eta dagoeneko pairatzen ditugun ondorio sozial eta ekologikoei buruzko artikulu eta iritzi ugari daude. Lerro hauen bidez, LABek partekatu nahi du zergatik egiten dugun bat Bidezko eta Neurrizko Energia kanpainarekin eta zer proposamen egiten ditugun lehentasunez Nafarroako testuinguru politikoan.
Ziurtasun batekin hasiko gara. Egungo eredu ekonomikoa bidegabea eta gero eta jasangaitzagoa da. Etorkizuna ez da inpaktu ekologiko txikiagoa duten ekoizpen bitartekoak bereizi gabe bultzatuz alternatiba berdeagoak bilatzea; aitzitik, eredu sozioproduktibo berri bat diseinatu behar da, planetaren muga biofisikoei aurre egiteko, klase interesak eta bizitza zentroan kokatzeko eta, beraz, lan guztiak eta aberastasuna banatzean oinarrituta. Alegia, langile klasearentzako bizi baldintza duinak eta irizpide ekologikoetan oinarritutako eredu ekonomiko eta soziala; posible ez ezik, nahitaezkoa ere bada.
Hori esanda, bistakoa da gure gizartearen matrize sozio-produktiboa eraldatu behar dela, arazoari errotik ekinez eta ahalik eta prozesu ordenatuena eginez. Asko hitz egiten da trantsizio ekosozialaz, eta ados gaude. Baina trantsizio hori bidezkoa eta demokratikoa izan behar da. Kontua da jakitea norantz eramaten den trantsizio hori, nork gidatzen duen eta nori egiten dion mesede. Patronalak eta botere ekonomikoak argi dute hori guztia. Gure aldetik, langileok ibilbide-orri partekatu bat eraiki behar dugu erakundeak eta botere korporatiboa presionatzeko, baina agenda ere hartu behar dugu, estrategikoa eta funtsezkoa den borroka batean.
Hori dela eta, Nafarroan ere trantsizio ekosozial zuzen eta demokratikoari aurre eginen dion agenda partekatua eraikitzeko ekarpen bat egiteko, sindikatu honentzat lehentasunezkoak diren lan ardatz batzuk aipatu nahi genituzke.
Duela urtebete pasatxo, Nafarroako Parlamentuak Klima Aldaketaren eta Energia Trantsizioaren Legea onartu zuen. Lege horrek esku hartu beharreko esparruak identifikatzen dituen arren, oraindik ere tresna eskasa da egungo berehalako erronkei aurre egiteko. Ezinbestekoa da legeak bere egitea biztanle guztientzat energia kontsumo nahikoa eta irisgarria bermatu behar dela dioen printzipioa, eta ezinbestekoa da legeak oligarkia energetikoaren gehiegikeriei mugak jartzea. Era berean, hazkunde infinitua ezinezkoa dela onartzen duen oinarrizko premisatik abiatu behar du legeak. Ezin da egungo energia kopurua bakarrik energia berriztagarriekin sortu; beraz, beharrezkoa da egoera hori prestatzen joatea.
Ildo horretan, funtsezkoa iruditzen zaigu Nafarroako Gobernuak azterlan zehatz eta independente bat egiteko konpromisoa hartzea, lehentasunez aldatu behar diren ekoizpen sektoreak identifikatzeko, eta sektore horietako langileen bizitza bermatzeko beharrezko neurriak hartzeko; prestakuntzatik hasi eta konpentsaziorako funts publiko bat sortu arte. Era berean, inoiz baino beharrezkoagoa da lanaldia 30 ordura murrizteari buruzko eztabaida, soldatarik galdu gabe, bai eta horiek bultzatzeko eta bermatzeko akordioak ere.
Garrantzitsua iruditzen zaigu langile klaseak trantsizio horretan duen zeregina nabarmendu eta aldarrikatzea. Funtsezkoa da eginkizun aktiboa izatea, bai eta gogoeta egiteko eta erabakiak hartzeko guneak izatea ere, enpresak eta sektoreak birmoldatzeari dagokionez. Trantsizio hori ezin da goitik egin, ezin da patronalaren eta kapital finantzarioaren esku utzi, horiek haien etekin lizunei bakarrik ematen baitiete lehentasuna.
Horri guztiari ekiteko, langileen bizitza zentroan kokatu ahal izateko, trantsizio justu baterako batzordeak sortzea proposatzen dugu. Kasuan kasuko sektoreko langileen parte-hartzea eta erabakitzeko gaitasuna duten batzordeak izanen lirateke, esparru horietan egin beharreko aldaketen buru izanen lirateke, eta mundu akademikoa, mugimendu ekologista, herritarrak, eremu publikora bilduko lituzketenak. Zehazki, lehentasunezkoa iruditzen zaigu batzorde horiek automobilgintzaren, jantoki publikoen eta industria hondakinen sektorean eratzea.
Halaber, ekintza saihestezinak dira Energia Agentzia Publiko bat sortzea; plan lotesle bat egitea energia berriztagarrien azpiegituren hedapenari buruz, irizpide ekologikoei eta ez soilik ekonomikoei erantzuteko; nekazaritza eredu intentsiboa eta makroetxaldeak geldiarazteko politika publikoak ezartzea, eta, hala, agroekologiaren eta eredu estentsiboaren alde egitea; edo Abiadura Handiko Tren amaigabea bezalako elefante zuriak gelditzea.
Lan ardatz horietarako guztietarako, LABek uste du une egokia dela aliantza soziosindikalak egiteko eta agenda sozial, sindikal eta politiko partekatuaren inguruan ahaleginak bateratzeko, Nafarroako langile klasearentzat bizi baldintza duinen alde borrokatzeko.
LABek oinarri ekosozialisten eta feministen gainean eraikitako sistema burujabearen alde egiten jarraituko du, sektore estrategikoen jabetzaren eta kontrol publiko eta sozialaren alde; hau da, egungo eta hurrengo belaunaldietako langile klaseari etorkizuna bermatuko dion sistema burujabe eta iraunkorraren alde.
…
Jaime Iribarren Iriarte (LABeko Ekintza Sozialeko arduraduna Nafarroan)
Imanol Karrera Turrillo (LABeko bozeramailea Nafarroan)
Trantzisio energetikoa, sozio-sindikalismotik begiratua