Termodinamika

Termodinamika –

A-8 autobidean, Debara bidean Bilbotik joanda, erabiltzaileontzat nahiko ezaguna den pertsonaia bat dago, aldamenean. Aterki batekin egoten da, ahoa estalita, eta kotxeak pasa ahala, Zeledonen agur moduko bat egiten du; sarri biolina jotzen aritzen da ere. Badakizue nori buruz nabilen, ezta?

Bada, ondoan izaten duen karabanan pankarta moduko bat itsatsia du esaldi batekin izkiriaturik: “termodinamikak ez du iruzurrik egiten”. Zintzoa banatzaizue ez daukat ideiarik ere ez esaldiaren arrazoiaz, baina, bertatik igarotzen naizen bakoitzean irakurtzen dut, behin eta berriz.

Termodinamika kontzeptuaren definizioa bilatuz gero berotasunaren eta antzeko energien forma mekanikoen ikerketa azaltzen da, eta, zirraragarria dirudi, zinez. Materia bere forma guztietan – izan  likidoa, solidoa edo gaseosoa- eraldatzen doan deskribapena egiten du-eta.

Horraino zientzia honi buruzko ene ezagutza guztia.

Termodinamika

Hori bai, jakin gabe termodinamikak uste baino gehiago blaitu izan nau urteetan zehar. Izan ere, materiaren egoera guztiak bizitzera bultzatu gaituzten  eraldaketa prozesuak bizi izan ditugu, eta, gure lagunak bere afixan dioen bezala… termodinamikak ez du engainatzen.

Orain hilabete batzuk nahi nituela lerro hauek idatzi, baina, denbora-burua-gogoa, ez doaz bat sarri. Izan ere, aurtengo udaberrian, ziklo bat bete dut ofizialki. Zerrenda luze bateko ene azken abokatu eta lagunak egin beharreko tramiteak egin eta gero, jakin arazi zidan azken zigorra betetzen nuela (ez nik bakarrik, zenbait sumariokidek ere), eta, urte luzetan bizi gabeko egoera bat suertatu zitzaidan: ez behin-behinean, ez espetxean, ez epaiketaren zain, ez isuna ordaintzen, ez zigorra betetzen, ez ebazpenaren zain…. ez deus! Listo, finito, kitto, kaput, yasta, ala por ahi.

23 urte nituela errepresioaren atzapar lazgarrienetarikoa lehenengoz bizi izatetik eta ene gaurko 46 udatara, bizitza erdi bat pasa da. Eta ez dakit termodinamikak zer dioen honetaz… baina nire kalkulu xumeek diote… bada bai, bizitza erdiz zeharkatu nauela “kontutxoak”.

Abokatuak “finikitoa”-ren papera igorri zidanean huste sentsazioa gailendu zitzaidan; zama bat kendu izanaren sentipena. Urteetako pisu bat desagertuko bazitzaidan legez. Jendeak orain pisu gehigarriak jartzen ditu haien gorputzaren atal ezberdinetan esfortzu handiago eta emaitza gihartsuago lortzeko denbora berean, crossfit-aren diktadurari jarraiki. Gu, ordea, globo aerostatikoak bezala gorantza egiteko zakuak bota eta bota aritu gara hamarkadetan, lurretik aldendu eta altura apur bat gehiago hartzeko asmoz. Termodinamika, non zeunden?

Termodinamika

Aurrekariak hor daude, eta ez dira joango. Erabateko itxiera ez da judizialki inoiz emango, horretaz jakitun gara; Espainiak ez baitu inoiz ez ahanzten ez barkatzen ere.

Ondorio pertsonalak nirekin doaz, betirako. Bidaide izango diren osagaiak dira. Batzuk, gainera, ikusezinak diren azaleko tatuaiak bihurtu dira; tortura kasu. Pirata on guztiek bezala, gorputzean barrena dauden marrazkiek bizipenak, bidaiak, esperientziak kontatzen dituzte, eta, beste askorenean legez, ene azal zuriak adierazten ez baditu ere, iltzaturik sentitzen ditut asko eta asko. Jada nire parte direla ulertzeraino.

Nintzenetik naizenera, erabakigarriak izateko “dohaina” izan dute, eta nirekin joango dira etorkizunean ere, gure pailazo maitagarriek dioten bezala, “urteak bete abenturak bizi”-tzera.

Termodinamika

Ziklo itxiera batek beste ziklo irekiera bat dakar, halabeharrez. Espero dezagun aurrekoaren ezaugarri berak ez gailentzea, baina ezin baztertu (kar, kar). Kontzientea naiz bizitakoak hausnarketa pertsonal eta kolektiborako pizgarri bihurtu behar dugula. Gure herriaren pasarte ugari bezala, memoriaren haria ez dadin eten. Lan handia dago eremu horretan egiteke; hurrengokoek gogora ekartzeko, aurrekoek kontatzeko gogoa izan behar dutelako.

Alta, itxi izanak eta oraindik disimulatzeko moduan egoteak, irriren bat edo beste aterarazi dit, aitor bekit. Gerra pixka bat gehiago emateko moduan aurkitzen gara (moderazioarekin, adin bat dugula… ejem) eta aurrerantzean ere, berotasuna eraldatzeko dinamikan jarraituko dugu. Engaiatu, engainatu gabe.

Termodinamika  Termodinamika

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude