Telesforo Monzonen bi amets maiteenak!

Telesforo Monzonen bi amets maiteenak –

Oraindik orain Naziogintza taldeak gonbidaturik, Telesforo Monzoni buruzko hitzaldi bat eman dut Azpeitian; premia badagoela eta, gure erreferentziazko abertzaleek emandako etsenplua aintzat har dezagun bideraturiko hitzaldi zikloaren barruan. Artikulu honetan, gure historia hurbileko  bi une garrantzi handikora itzuliko gara.

Telesforo Monzonen bi amets maiteenak

1975eko uztailean gaude; Gipuzkoan eta Bizkaian salbuespen egoeran. Une historiko hartan, ETA eta EAJ biak zirela beharrezkoak zioen. Ideia nagusia izan da Monzonengan 60ko hamarkadatik aurrera, gudari zaharrak eta gudari berriak elkartu behar zirelakoa:

Ez dut inola uste, ETAren DIKTADURA bat gure Herriak aise onartuko lukeenik. Ez gaur eta ez bihar. Neuk ez behintzat. Argi eta garbi esaten dut: ez ETArena eta ez beste inorena. Baina ETArik gabe Euskadi zuzendu nahi izatea gaur? Amets hutsa deritzot. Hori ere ez luke geure Herriak egun inola ere onartuko. Eta geuk ere ez. Arriskuko garai latz eta zail honetan preseski, ez baitugu lotsarik aitortzeko: Euskal Abertzaletasunari ez diola ETAk hasiera eman. Baina jarraipena bai. Aberriak ez diola ETAri bakarrik bere Pizkundea zor. Baina ETAri ere bai. Aberriari, odola ez diola ETAk bakarrik eman. Baina ETAk ere bai! Ematen ari…Hargatik diogu: Atzo eta gaurko Gudarien izenean, atzo eta gaurko abertzaleen izenean hitz egin ahalko digun Jaurlaritza nahi dugu! Bekatu ahal da horrenbeste eskatzerik?

Telesforo Monzonek Espainiako estatuaren mendetik askatu eta euskal estatua sortzea nahi zuen. Horretarako, Franco hil berritan, zer egin behar zen?:

Lehen unetik, behin-behineko aldi batetik abiatuta, Gobernu Autonomo batekin eta Konstituzio iragankor batekin, zeina Lizarrako Estatutua bera izan baitaiteke – euskal Erakunde guztiek hala adostuko balute –, bizi garen egunari egokitua. Eta berari buruz ari naiz zuzenean, ez hobeto edo okerrago ikusten dudalako, baizik eta abantaila bat duelako: bere garaian Euskadi-Hegoko lau Erregioek libreki plebiszitatua izan zelako. Nahiz eta benetako euskal legitimitatea gaur egun gure egungo borrokan datzan […]

Madrildik espainiar guztientzat diskriminaziorik gabe antolatutako udal, probintzia, eskualde eta `nazio´ hauteskundeen jokoan sartzea, gure iritzian, guztiz suizida izango litzateke.

Zeren eta herria bera ari zen, botorik eman beharrik izan gabe, kalera aterata, beraren borondatea agertzen. Hautetsontzirik gabeko bozak ziren:

Herria bera ari da, bere ekimenez, boza ematen. Hauteskundeak dira… hautetsontzirik gabe. Hiriz hiri, herriz herri, Euskal Herria hasia da bere borondatea argi eta garbi adierazten. Irunek, Donostiak, Bilbok, Iruñak, Santurtzik eta abarrek botoa eman dute dagoeneko, Madrildik aurrefabrikatutako boto-paperik gabe. Egunez egun, Euskadi osoa Plebiszitu handia bihurtzen joan behar da… hautetsontzirik gabe […]

Plebiszitu partzialak, Plebiszitu Nazional Handirako eremua prestatuko dutenak, hau da, X. Egunean milioi bat euskal herritar kalera ateratzea aldi berean manifestatzera.

Egun horretan, Iruñean aurkeztu beharko da, Euskadiko hiriburuan, EUSKAL ESTATUA ERATU ETA BOTEREA HARTZEKO beste egitekorik gabe. Zertarako? ITUNTZEKO.

Zer esan nahi zuen “itundu”-rekin? Madrilek euskaldunen borondatea onartzeko baldintzapean, ETAk armak uztea esan nahi zuen. Baltikoko errepublikek SESB desegitean burutu zutena, edota 2017an, Katalunian, une ñimiño batez burutu zena, hots, alde bakarreko independentzia deklarazioa.

Eta bigarren ametsa? Hil aurretik idatzitako azken artikuluan, otsailak 23ren bueltan (oroit, Armada, Milans del Bosch eta Tejeroren estatu-kolpea), honela zioen euskararen garrantziaz etorkizuneko Euskal Herrian:

Biharko Euskal Herria euskalduntzen ez badugu, Euskal Herriaren hizkuntza, mintzaira, hizkera, bene-benetan, beheko mailetatik hasi eta goiko mailetaraino egiten ez baldin badugu, esan dezakegu hori ez dela Euskal Herria. Horretarako lokarri bat behar dugu. Euskal Herriari lokarri bat eman behar diogu. Zein lokarri emango diogu? Arraza? Denok dakigu gure geroko Euskal Herriari ezin diogula arraza eman. Erlijioa? Honetaz ere denok dakigu Euskal Herrian badirela erlijio gabekoak, beraz, ezin diogu erlijioa eman. Dantzak eta ohiturak? Beno, honekin ere kontsola gaitezke, baina sasi-folklorezko Euskal Herri bat egingo dugu eta hori ez da nahiko.

Beraz, benetako Euskal Herri bat sortu nahi baldin badugu eta bere buruaren jabe izan nahi baldin badu oinarri nagusi bat behar dugu eta oinarri hau Euskara da. Hortaz, ez badugu Euskararen gain finkatzen Euskal Herria, ez dugu Euskal Herri bat sortuko.

Etakide askorekin izan zuen harremana eta Jose Miguel Beñaran Ordeñana Argalari buruz, hura paramilitarrek erail ondotik idatzitako artikuluan honela zioen:

Beti ikusi eta errespetatu izan dut – berak inoiz imajinatu ezin izan badu ere- herri txiki zahar bateko balizko lehendakari handi bat bezala, gaur egun Europan sortzen ari den herri gatazkatsuena eta transzendenteena.

Ez nuen inoiz jendaurrean hitz egiten entzun, bere eginkizunek eragozten baitzioten. Baina iruditzen zait haren hitza, zuzenean jendetzari adierazia, gai izango zela gure herriko etorkinak borroka nazionalean murgiltzeko.

Bai, idealista handi bat izan zen Telesforo Monzon. Idealista aktiboa. Errepikaezina. Familia aski aberats batean jaioa, ematen zuen haren bizitza familiaren ondarea handitzea izan behar zela, eta zer-da-eta euskal aberriaren aldeko lana izan zuen bokaziorik estimatuena, eta berrogeita hamar urtetik gora eskaini zizkion Euskadi aske eta euskalduna lortzeari, zuen guztia emanda.

 

Telesforo Monzonen bi amets maiteenak  Telesforo Monzonen bi amets maiteenak  Telesforo Monzonen bi amets maiteenak  Telesforo Monzonen bi amets maiteenak

Saiakera-idazlea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude