Telelanaren “leuntzea”
- 2020-05-21 06:56
- Salabardoa
Telelanaren “leuntzea” –
Egoitz Lizasok sarean.eus atarian.
Ekin diogu arintze prozesuari. 0. fasearekin abiatu ginen eta orain 1. fasean gara, zenbait ñabardurekin bada ere; ondoren 2. eta 3. faseak etorriko dira. Hori guztia oraindik ezagutzen ez den denboratan, nahiz eta gutxieneko epeak faseko bi astekoak izango diren. Eta azkenik, ondo bidean, “normaltasun berria”. Hori da behintzat agintariek esaten digutena.
Gune honetan bertan asko idatzi da telelanaz: Loreak zenbait aholku eman zizkigun, bilera birtualak seguru izateko gomendioak Erizek azaldu zizkigun, Josebak ere hausnarketa batzuk utzi zizkigun, Lorea Argaratek telelana egokien gauzatzeko nola moldatu den ere kontatu digu… eta idatzi honekin neu telelana beraren leuntzearen inguruko gogoeta batzuk mahai gainean jartzeko asmoz naiz.
Ez dakit zenbat, baina batzuk bagara egoera honek eraginda telelanera ohitu garenak. Zenbait izango dira lehendik ere aritzen zirenak, baina gure lurraldean esango nuke inor gutxi aritzen zela telelanean COVID-19a agertu zen arte. Dagoeneko bi hilabete ere eman ditugu etxetik lanean eta, arintze prozesuan bagara ere, oraindik ere gehiago luzatuko dela argi dugu. Baina zenbat gehiago?
Enpresa arduradun eta nagusiak orokorrean mesfidati izan dira langileei urrunetik lan egiteko baimena ematerako orduan. Horregatik ez da kasualitatea langileen jarduerak monitorizatzeko zerbitzuek izan duten gorakada egun hauetan, ActivTrack zerbitzua kasu. Hauen ustez telelanak produktibitatea murrizten du, nahiz eta badiren zenbait azterketa kontrakoa diotenak, non produktibitatea %13an igo daitekeela egiaztatu zuten. Baina aipatutako produktibitatearen azterketaz haratago, badira beste hobari batzuk aditu eta aldekoen ustez aintzat hartu genitzakeenak:
- Lantokira bidean denbora gutxiago. 2008ko azterketa baten arabera –zoritxarrez ez dut berriagorik aurkitu– 57 minutu dira batez beste Espainian lanerako erabiltzen dugun denbora. Denbora hori beste zerbaitetarako erabili daiteke.
- Ingurumenarekiko begirune gehiago. Zalantzarik ez dago autoa aparkatuta uzteak batez ere eragin positiboena hirietan izan duela, Bartzelonan kasu, ohiko CO2 kopurua %75eraino ere jaitsi delarik, baina orokorrean ingurune osoan antzematen ari gara, bai kutsadura aldetik, baita zarata aldetik ere.
- Diru aurrezpena. Langileok 1.500€ eta 6.000€ inguru aurrez daitezkeela aurreikusten da autoen erregai eta mantentze gastuetan. Enpresek, aldiz, bulegoak ez erabiltzeagatik edo gutxiago erabiltzeagatik aurrezpenak izango lituzkete.
- Lanarekiko satisfazio altuagoa. 2005ko ikerketa baten arabera, telelanean aritutako ordu bakoitzeko, satisfazioa igo egiten da. Hori bai, behin 15 ordutik gora eragin nabarmenik ez duela ondorioztatu zen.
- Gaixotzeko arrisku baxuagoa. COVID-19aren aurrean, berau izan da telelanera eraman gaituen arrazoia. Orain lantokiak manpara eta bestelako neurriekin egokitzen hasi dira nolabait aipatutako “normaltasun berri” horretara itzultzeko egokitzapen moduan. Zalantzarik ez seguruagoa dela etxetik jarraitzea lanean posible den heinean, baita merkeagoa ere.
Inork gutxik jarriko du zalantzan egungo komunikazio gaitasunak eta teknologiak telelana egokiago burutzen lagundu digula – internet banda zabal eta azkarra, elkarlanerako aplikazioak, bideokonferentzia zerbitzuak… -. Baina argi izan behar dugu bide honetan aurrera egingo badugu, beharrezkoa izango dela laguntzak ematea bai herritarrei zein enpresei, 2000an Eusko Jaurlaritzak “Konekta Zaitez” plan sonatu harekin egin zuen moduan. Eta ez gailuak eta aplikazioak erosteko soilik, baita formakuntzan inbertitzeko ere, orain arte lan egiten dugun moduak egokitzeko premia larria baitago.
Utopikoa dela irudiko zaizue eta asko berriro ere lehengora itzuliko garela pentsatzen hasiak izango zarete, behin bakuna edo sendagaia dugunean. Bestelakoak dira, ordea, Europatik datozen notiziak. Horrenbeste aipatzen den Alemanian, jada hasi dira telelana arautu eta eskubide bihurtzeko eztabaidatan. Zergatik ez ekarri gurera ideia hau? Seguru naiz bai langile zein enpresari asko ideia honen inguruan dagoeneko hausnarketak egiten hasiak direla, aldeko eta kontrakoak balantzan jarriz. Eta balantza aurrera egitearen aldera mugitzen bada, ez izan zalantzarik telelana gure artean izango dela askok uste baino luzaroago.