Tapia metodoa

Tapia metodoa –

Arantxa Tapia sailburuak duela gutxi iritzi artikulu bat argitaratu zuen, “Frente al borrokak aurrera darrai, sí a la industria”. Artikuluan memoria astindu nahi omen du, eta gogora ekartzen ditu Corrugadosen itxiera nahiz Urola-Kosta eskualdean azken urteetan izan diren beste itxiera batzuk. Irakurketa gomendagarria, gero.
Tapia metodoa
Arg: Xabier Martin, BERRIA

Nabarmendu beharrekoa da, hasteko, Tapia “Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko” sailburu dugula. Hartara, hiru arlo garrantzitsu horietan egin duen ekarpena aztertuko dut.

Ekonomiaren Garapena: Ezin ukatu industriak euskal ekonomian pisua galdu duenik. Gainera, erabakiguneak gero eta urrunago daude. Luze joko luke azaltzeak nola enpresa batzuk, esaterako Euskaltel, diru publikoari esker sortu ziren eta gero pribatizatu egin zituzten, horrela kontseilari pribatuentzat izugarrizko plusbalioak sortu zirelarik. Aipatzekoa litzateke ere Siemensek Gamesa nola irentsi zuen, ondorioz honen autonomia galdu zelarik. Ezkerraldean eta antzeko eskualdeetan galdu diren lantegien zerrendak orri asko beteko lituzke.

Goazen, hala ere, Urola-Kosta eskualdera, Tapia sailburuak bere artikuluan zehatzago aztertzen baitu. Salatzen du ahanztura nagusi dela, eta itxitako zenbait enpresa aipatzen du; bide batez, ELAri kargu hartzen dio Corrugadosen itxieran izan zuen jokabideagatik. Bere kontakizunean ez du inolako ardurarik onartzen lanpostuen galerari dagokionez, baina sinestarazi nahi du enplegua berreskuratu bada bere sailaren lanari esker izan dela. Politika egiteko modu honek definitzen du sailburua: ardurarik ez du bere gain hartzen, baina etengabe hedabideetan agertuz edozein lorpen, usu beste norbaitena, berea balitz bezala saltzen digu.

Jar gaitezen iraganera begira. 2008 urte bukaeran bankuen desarautzeak ekarri zuen krisi/iruzurrari espainiar Estatuan gehitu zitzaion lurzoruaren eta etxebizitzaren inguruan zegoen espekulazioa. Eraikin berrien eta hauek hornitzeko produktuen inguruko industria guztiak larrutik ordaindu zuen atzeraldi ekonomikoa. Gipuzkoan, hain zuzen, Urola-Kosta zen sektore honek pisu handien zuen eskualdea.

Sailburuaren oroimena laguntzeko, gogoratu beharra dago Corrugadosen ekoizpena eraikuntzara bideratzen zela, eta enpresaren jabe zen Gallardo taldearen zorra 2014an 1.000 milioitik gorakoa zela. Taldeak ezin izan zion egoerari aurre egin. Langileek beren enplegua defenditu zuten; orduan proposatu zitzaien soldata jaitsierak ez zion irtenbiderik ematen zorrak itotako enpresa hari. Tapiak esaten duenez, Jaurlaritzak “5 milioi euroren abala itzularazi zuen”. Milioi gutxi horiek enpresak sortutako zor mendiaren azpian galdu egin ziren; halaber, langileek onartu izan balute zuzendaritzak galdatzen zuen soldata jaitsiera taldearen egoera ez zen bideratuko, porrot eginda baitzegoen.

Harritzekoa bada ere, sailburuak bere artikuluan ez du Muebles Xey aipatzen. Enpresa hau 2017ko udan itxi zen. Donostiako Merkataritza arloko 1. Auzitegiak ebatzi zuen konkurtsoa erruduna izan zela, zuzendaritzak kontuak faltsutu zituelako. Eusko Jaurlaritza zen akzioen %30aren jabe, baina orduan ere ez zuen bere gain inolako ardurarik hartu. Enpresan lan egiten zutenek oraindik gogoan dute Tapiak “neurrira egindako trajea” agindu ziela, enpresaren etorkizuna bermatzeko.

Bi enpresa horiek itxi dira lan munduan “Tapia metodoa” deitzen zaionaren ondorioz. Bere ardurapean dagoen sailak inoiz ez du irregulartasunik, ez kudeaketa okerrik antzematen. Langileak ondorioak -kaleratzeak, ordaindu gabeko soldatak- pairatzen hasi eta beren eskubideen alde mobilizatzen direnean, sailburuak esaten die jarrera horrek enpresaren itxiera ekarriko duela; bide batez, halako amaieraren errua sindikatuei, baina batez ere ELAri, leporatzen die. Bejondeiola!

Iraunkortasuna: Mundu mailan ia orokorra da adostasuna, eta pandemiarekin areagotu egin da, ezen jarduera ekonomikoa eraldatu beharra dagoela planeta honetan iraun ahal izango badu. Haatik, ez dirudi ideia hori EAEra iritsi denik. Ingurumen sailburuak fracking-aren alde hitz egiten du (zenbait kasutan, baita bere alderdiaren aurka ere). Zaldibarko zabortegiak, bere kokapenagatik, era guztietako gaiak kontrolik gabe isuri zirelako eta izan dituen ondorio hilgarriak medio, modurik gordinenean agerian jarri zuen Gasteizko gobernuaren politika, baina oraingoz horrek ez du ondorio politiko, ez penalik izan. Errausketaren defentsak eta dieselaren alde egin izanak, industria epe laburrean gertatuko den eraldaketarako prestatu gabe, erakusten du euskal gizartearentzat gobernu honek ez duela iraunkortasuna inola ere sustatzen.

Ingurumena: Corrugados auzia oso argigarria da. 2009an, artean enpresa irekita zegoela, Azpeitiko udalbatzak aho batez erabaki zuen jarduera industriala ezin zela jasan herrian bertan; horregatik Trukutxo izendatu zuen altzairugintzarako inguru gisa. Hamarkada luze baten ondoren, instalazioak hondatu besterik ez dira egin, baina Tapia andereak dio ontzat eman behar dela lantegia berriz irekitzeko plan ezezagun bat, zeinak urratu egingo lukeen araudi europarra, hiriguneetan horrelako jarduerak galarazten dituena, baita azpeitiarren osasunerako eskubidea ere.

Oso kezkatuta gaude. Sailburuak behin eta berriz zuritzen ditu enpresen erabakiak, modu akritikoan. Egunero agertzen da hedabideetan, ezkutatu nahian milaka lanpostu galdu direla honez gero. Bere sailaren ardurapean dituen arloak bateraezinak dira, sarri, eta ez dauka ingurumenarekiko konpromisorik. ELAk Euskal Herri industriala nahi du, aberastasuna eta enplegu duina sortuko duena, baina beti ere bizia errespetatuz.

Prekarietateak kateatuta bizi diren gure gazteen etorkizunak kezkatzen gaitu. Eraldaketa prozesu batean murgilduta gaude, eta hori Tapia sailburuak ezin izango du gidatu.

Tapia metodoa  Tapia metodoa Tapia metodoa

ELAko industria eta eraikuntzako arduraduna